Inpernuko Poza Jardunaldia, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 20a, 07:58
Tolosako Trikitixa Eguneko artxiboko argazkia.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Tolosara lekualdatu du Inpernuko Poza Jardunaldia. Urriaren 31n izango da Tolosako kultur etxean eta erromerien inguruan ariko dira.

18. aldiz egingo du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Inpernuko Poza Jardunaldia. Orain arte Donostian egin izan dute, baina aurten Tolosara lekualdatuko dute hitzordua. Bada beste aldaketarik gainera, egun bakarrean zehar egingo baitute aurten. Urriaren 31 aukeratu dute eta erromerien inguruan ariko dira.

Trikitixa Elkartetik esan dutenez "erromeriak izan dira trikitixaren sorburu eta ikasteko toki, erromerietatik abiatuz sortu izan zaizkigu hainbeste trikitilari bikain. Erromeriek gainera funtzio sozial ezinbestekoa bete izan dute eta gizartearekin batera eraldatuz joan dira, egokituz, trikitixak ere hertsiki loturik eraldaketa hori bizitu duelarik". "Garai bateko txistu eta danbolinez osaturiko erromerietatik, dultzaina eta atabaletik pasa eta soinu txiki eta panderoa nagusitu diren bitartean, dantza izan da bidea urte guzti horietan, sozializatzeko ezinbestekoak izan diren eremuetan", gaineratu dute.

Besteak beste, erromerien gaur egungo funtzioaren inguruan hitz egin nahi dute eta horretarako bi ekitaldi izango dira. Batetik, hitzaldia eskainiko dute Aiko taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak. Eta bestetik, mahai ingurua egingo dute Aritz Ibañezen gidaritzapean. Xabier Etxabe, Xabier Itçaina eta Joseba Altube izango dira hizlariak.

Bi hitzorduetan erromerien munduan eskarmentu handiko pertsonak izango dira. Aiko taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak erromerien euren ikuspegia azalduko dute. "Beraien ibilbide oparoak lagundurik erromeriaren kontzeptua eguneratzeko hausnarketa bikaina eskaini ahal digu talde honek. Erromeriek izan duten eraldaketa euren baitan bizitu dute Euskal Herriko plaza ezberdinetan, protagonista zuzena da talde hau gai honen inguruan", esan du elkarteak.

Mahai ingurua

Mahai inguruan erromeriaren lurraldez lurraldeko aldaketez ariko dira Aritz Ibañez dantzari eta kazetari nafarrak gidaturik, "Euskal Herrian zeharreko eta lurralde ezberdinen ikuspegiak parekatzeko gonbidatuak ekarri nahi izan ditugu mahai ingurura". Hori dela eta, Gipuzkoatik Xabier Etxabe ariko da. Eusko Ikaskuntzako partaidea da eta hainbat ikerketa eginak ditu bere jaioterria den Zarauzko kulturari buruz bertako dantza taldeak aitzakia hartuta, eta erromerien inguruan idatzi izan du ere. 

Xabier Itçaina  Ipar Euskal Herriko ordezkaria izango da. Emile Durkheim Bordeleko ikerketa zentroko zuzendaria da eta Euskal Herria ardatz hartuta hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste, herri kultura eta tradizioak ere kontuan izanik.

Azken hizlaria, Joseba Altube izango da. Bizkaiko errealitatearen inguruan ariko da. Hainbat urtez Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izana da eta dantzaren errealitatea zein Bizkaiko erromerien funtzioa aurrez aurre bizitu ditu.

Ekitaldiak

  • 12:00: Hitzaldia Aiko taldeko Sabin Bikandi eta Patxi Labordaren eskutik.
  • 16:30: Mahai ingurua Aritz Ibañezek gidatuta. Gonbidatuak: Xabier Etxabe, Xabier Itçcaina eta Joseba Altube.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!