Leidor aretorako zinema bonuak online erosteko aukera

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 16a, 18:59

10, 20, edo 30 saiotarako bonuak dira, eta horietako bakoitzarekin gehienez bi sarrera eskuratu ahalko dira saio bakoitzerako. 

Dagoeneko martxan da Leidor aretoko zinema emanaldietarako bonuak online erosteko aukera. Hiru bonu mota daude: 10 saiokoa (30 euro), 20 saiokoa (35 euro) edo 30 saiokoa (40 euro). Erosten den unetik sei hilabeteko epean erabili beharko da. Bonuak tickets.kutxabank.es webgunean eskuratu daitezke, eta erosten den unetik sei hilabeteko epean erabili beharko dira.

Behin bonua erostean, hauek sarrerengatik trukatu behar dira (bonu bakoitzarekin gehienez bi sarrera), eta bi aukera daude horretarako. Batetik, aurrez aipatutako webgunean filma hautatu eta bonuaren kodea sartuz. Bestetik, Leidorreko leihatilako langileari bonua erakutsiz. Edozein zinema saiotarako izango dira baliagarriak bonuak, estreinaldietarako izan ezik.

Bestetik, sarrera arruntak ere internet bidez erosi ahalko dira; kasu honetan, orain arteko salneurriak mantenduko dira. Sarrera murriztua eskuratu ahal izateko, erretirodunen edo gazteen kasuan, nahitaezkoa izango da sarrera leihatilan eskuratzea.

Neurri berriekin, aldaketak

Astean bost saio izaten dira Leidorren: ostegunetan zineforuma, larunbatetan zinema arrunta, igandean zinema arrunteko bi saio (16:00etan haurrentzat eta 19:30ean helduentzat), eta astelehenetan bat. Lehen 20:00etan ziren astelehenetako saioak, baina aurrerantzean 20:30ean izango dira.

Egungo osasun egoerari erantzunez, zenbait neurri hartu dira Leidorren. Batetik, aretoaren edukiera %60koa da, ondorioz, 800 eserlekuetatik 480 erabili daitezke; hala ere, sarrerak lortzerakoan sistemak bizikideak elkarrekin jartzeko aukera ematen du (gehienez hiru pertsona). Gainera, zinemara joaten direnen segurtasuna bermatzeko, behin argiak itzalita galarazita dago aretora sartzea. Azkenik, saio bakoitzaren ondoren aretoa desinfektatzen da; hori dela eta murriztu da saio kopurua.

Tolosako Udalak barkamena eskatzen du azken asteetan bonuen salmentarekin egon diren gorabeherengatik, eta behin arazoa konponduta, zinemaz eta kulturaz gozatzen jarraitzeko gonbita egiten die herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!