Tolosako Gizarte Zerbitzuen gida irakurterraza, eskura

Ataria 2020ko urr. 16a, 17:59

Eskuz esku ibili ezin denez, eskaera bidez banatuko da. UDATEn edo Gizarte Zerbitzuen Sailean eskatu behar da.

Otsailean aurkeztu zuen Tolosako Udalak Gizarte Zerbitzuen gida irakurterraza. Orduan, eraikin publikoetan eta gizarte eragileen artean banatzea zen asmoa, baina konfinamenduaren ondorioz eten egin behar izan zen banaketa. Egungo egoera dela-eta, gida ezin da eraikin publikoetan utzi, eskuz esku ibiltzeko arriskua baitago. Hortaz, eskaera bidez banatuko da.

Azken asteetan, gizarte eragileekin harremanetan dago udala, gidaren berri emateko; gizarte arloko elkarte eta talde guztiei banatuko zaizkie ale batzuk. Bitartekari lana ere egingo dute eragileek, hau da, interesa izan dezaketen erabiltzaile eta pertsonei gidaren berri eman eta dagokienentzat aleak eskatuko dituzte. Gainerako herritarrek ere egin dezakete eskaera UDATEn edo Gizarte Zerbitzuen sailean, gizartezerbitzuak@tolosa.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edo 943 697 500 telefono zenbakira deituz; udalaren webgunean (www.tolosa.eus) ere kontsultatu daiteke.

Adinekoentzat, atzerritarrentzat edota zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzat izan daiteke erabilgarri. Herritarrei modu ulerterrazean eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea eta gizarte zerbitzuak tolosarrengana gerturatzea du helburu gidak. Sei hizkuntza ezberdinetan dago eskuragarri, eta guztira zazpi ataletan dago antolatuta, herritarrek informazioa modu errazean jaso dezaten.

Azkenekoz, 2019ko apirilean argitaratu eta etxeetan banatu zuen udalak Gizarte Zerbitzuen Gida, herritarrek eskaintzen diren zerbitzu eta laguntza guztiak eskura izan zitzaten. Dena den, askotariko beharrak dituzten herritarrei zuzendutako gida ulerterraza kaleratzeko premia sortu zen, baliabide guztien aurkezpen laburra egin asmoz, Gizarte Zerbitzuen inguruko informazioa herritar guztiei helarazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!