Bera bezain handia, berak utzitako uzta

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 17a, 07:59

Iaz zendu zen Jose Luis Longaron artista tolosarraren bizi osoko lanen erakusketa zabala bisitatu daiteke, ia arratsaldero, Tolosako Aranburu Jauregian. Zenbait sekretu eta bitxikeria ere gordetzen dituzte koadroez eta marrazkiez apaindutako espazioek. Gizon alaia eta langilea zen; hori dela eta, asko maite zuten senide nahiz lagunek.

Beste mundu baterako izakia. Brossa fineko umorea. Koadroei inoiz titulurik jartzen ez zien gizona. Hizlari bikaina. Baina guztiaren gainetik, lagun handia eta maisu totala. Horrela deskribatzen dute Jose Luis Longaron artista tolosarra, bere lagun eta gertukoek. Iaz zendu zen, eta haren oroimenez, bere obrekin osatutako erakusketa zabaldu dute Aranburu Jauregian.


Hilaren 2an egin zuten aurkezpena. Ez zen inaugurazio handirik egin, egungo testuinguruak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Hala ere, irekiera ekitaldian izan ziren Olatz Peon Tolosako alkatea, Izarne Iglesias Kultura zinegotzia, Nekane Mateo eta Michel Longaron, margolariaren senitartekoak, eta Josema Gonzalez eta Iñaki Caballero, Longaronen lagunak eta erakusketaren koordinatzaileak.

Azaroaren 14ra arte izango da ikusgai erakusketa, asteartetik larunbatera 17:30-20:30 bitartean. Artistaren hainbat obra ikusi daitezke Aranburu Jauregiko bi solairutan banatuta. Larrialdi egoerak eskatzen dituen babes neurriak bete eta herritar guztien osasun eta segurtasuna bermatze aldera, solairu bakoitzeko gehienezko edukiera 70 pertsonakoa da; beraz, ezin dira 140 pertsona baino gehiago aldi berean erakusketa ikusten egon.

Olatz Peon: «Gizon umila zen, tokiko artista bat, bere lana eta sormena beti herriaren eta herritarren esku jarri zuena» 


Era guztietako lanak ikus daitezke Aranburu Jauregian. Koadroen forma, kolore eta margotzeko teknika edo estiloaren arabera daude bananduta, gela ezberdinetan nahiz bitrinetan. Bestalde, katalogo bat ere osatu dute, zenbait lagunek idatzitako testuekin, guztiak ere Longaroni eskainiak. Bere zenbait artelan tartekatu dituzte idatzien artean, irakurgai arin eta entretenigarri bat izan zedin.


Harribitxi ezezagun bat

Josema Gonzalez eta Iñaki Caballero aritu dira koadro guztiak banan bana kokatzen eta erakusketa txukun mantentzen. «Makro-erakusketa honetan agerian geratzen den margolari fazetaz gain, musikaria zen Jose Luis, eta nik Tolosako rock-and-roll urteak berarekin partekatzeko zortea izan nuen», dio Caballerok. Dies Irae izeneko taldea osatu zuten, eta pare bat urtez egon ziren jardunean. «Zenbait kantu grabatu genituen, baina gerora guztiaz ahaztu ginen. «Indar gordina zuen izena berak sortutako kantu batek, eta horixe bera zen Jose Luis, indar gordina». Kantu hori euren harribitxia zela aitortzen du Caballerok, apaltasun osoz.


Erakusketari dagokionez, antolaketa guztiaren ardura hartzea erraza izan dela dio. «Lehenik lan-talde on bat osatu behar izan genuen. Gero, bere marrazkiak, artelanak eta koadroak zituztenekin kontaktuan jarri ginen. Ondoren, bakoitza sailkatu, eta Aranburu Jauregiko geletan nola banatu erabaki behar izan genuen. Azkenean, jauregitik kanpo ez da obrarik geratu».

Erakusketa antolatzen ari zirela, ordea, COVID-19aren pandemia heldu zen. «Guztia geratu behar izan genuen, birusak gure ilusio guztiak kolokan jarri zituelarik. Jose Luis bera pandemia honen atzean zegoela ere pentsatzera iritsi ginen, gure lana oztopatu nahiko balu bezala», aipatzen zuen Caballerok txantxetan. Izan ere, umorerako tartea ere eskaintzen zuen Longaronek. Horrela, era guztietako bitxikeriak gogoratzen dituzte Gonzalezek eta Caballerok. «Jose Luisek mania bat zuen, koadro bakar bati ere ez zion izenbururik jartzen. Denetik egiten zuen, eta ez zen estilo bakar batekin identifikatu. 25 urte inguru zituenean, dirurik ez, eta koadroak zuriz margotu eta horien gainean lan egiten zuen. Amaierarako sekulako kapa pila eta pisu izugarria izaten zuten koadroek».

Denerako trebea

Ukaezina da Tolosaren izena herriaren arnasa azaltzen duten ezaugarriekin lotzen dela, hala nola, historia, gastronomia edota kultura. «Azken hau, letra handiekin jarri beharrekoa»; esan zuen Peonek. «Herrian betikoa dugu kultur sormenerako sena, eta azken urteetan areagotu egin da herritarrentzat egin den eskaintza publikoarekin».

Hain justu, aipatutako eskaintza horretan modu ezberdinetan hartu du parte Longaronek. Izan ere, Tolosako kaleetan eskuragarri daude bere artelanak, esaterako, Euskal Herria plazako sabaietan, udaletxeko hormetan eta tolosarron hainbat etxeetan. Horrez gain, denboraren eraginez, galtzen joan dira beste lan efimero batzuk ere, adibidez, Igarondo igerilekuko kanpoko hormetakoak.

Irakaslea ere izan zen ia hogeita hamar urtez, Tolosako Antonio Maria Labaien Kultur Etxeko ikastaroetan. «Urtero ikusten dugu lan horren aztarna, bertako ikasleek egiten duten erakusketan; harritzekoa da euren lan zoragarrietan irakasle onen eragina nolakoa den ikustea. Gainera, irakasle modura eta jendearekiko tratuan zuen trebetasuna ere goraipatzen dute», nabarmendu zuen alkateak. «Gizon umila zen, tokiko artista bat, bere lana eta sormena beti herriaren eta herritarren esku jarri zuena».

Iaz zendu bazen ere, oraindik ere ederki oroitzen dute lagun eta senideek Longaron bera. Nekane Mateo emazteak eskerrak eman nahi izan zizkien lagun guztiei, batez ere erakusketa posible egin dutenei, baita Tolosako Udalari ere. «Mila esker berarekiko maitasuna erakusteagatik. Eskaini diozuen esfortzu guztia nire bihotzean gordeta geldituko da, baita bere bihotzean ere». Alkatearen ustez, desagertzeak sortutako nahigabea leuntzeko oso onak dira omenezko ekimenak. «Erakusketa honek, beraz, balio dezala Jose Luis betiko gogoan izateko, eta berak utzitako hutsunea leuntzeko. Artista handi honen itzala ez dadila inoiz desagertu», aipatu zuen Peonek.

 

Jose Luis Longaron 1952 - 2019

 

 

1952ko azaroaren 19an jaio zen Jose Luis Longaron Galartza, Tolosan. Oso gazte hasi zen margotzen, eta zaletasun artistiko eta literarioetan kide zituen Joseba Urteaga eta Mariano Arsuaga lagunekin elkartzen zen astero Tolosako Cafe de la Amistad edaritegian, tertulia giroan.

18 urte besterik ez zituela, arestian aipatutako bi lagunekin batera, banakako erakusketa sail bat antolatu zuen ikasturtean zehar, Probintziako Artxiboaren eraikinean zegoen Udal Liburutegiko gela batean. Gipuzkoako hainbat artistek euren obrak erakusteko aukera izan zuten bertan: Matxin Labaien, Joxe Mari Telleria, Teresa Azkarate, Iñaki Caballero...

1972an, Tolosako Aranburu Jauregian, Lizardi Elkarteak antolatutako Euskal Kultura Hamabostaldiko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, orduko euskal artista nabarmenenekin batera: Eduardo Txillida, Joxe Luis Zumeta, Vicente Ameztoy, Juan Luis Goenaga, Nestor Basterretxea, Marta Cardenas... Erakusketa hori bera, Euskal Arte Erakusketa izenburupean, Ataunen, Aita Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnologoaren omenez antolatu ziren ekitaldien oinarrietako bat izan zen.

80ko hamarkadan sartu aurretik, beste hainbat erakusketa zabaldu zituen, Tolosan, Donostian nahiz Bartzelonan. 28 urte zituela, Pott aldizkariaren diseinu artistikoaren ardura hartu zuen, Marino Arsuagarekin batera, eta Atxaga, Sarrionandia eta Iturralderekin elkarlanean. Gerora, arte plastikoetako irakasle lanetan aritu zen Tolosan eta inguruko hainbat herritan, eta 1987tik 2017ra arte Tolosako eta Ibarrako arte tailerretan.

1987an, lankidetza sinatu zuen Akademia Sekretuarekin; tartean ziren Atxaga eta Iturralde. Urte bat geroago, Tolosako Euskal Herria plazako muralak pintatu zituen, Iñaki Epelde, Koldo Jauregi eta J. M. Hernandezekin batera. 1889an Palmako Barcelo fundazioaren lehen pintura deialdian hautatua izan zen, eta 1990ean sormen-beka eskuratu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik; horri esker, Osakidetzaren lehen saria eskuratu zuen.

XX. mendeko azken urteetan eta XXI. mendeko lehenetan, herrian nahiz herritik kanpo, hainbat erakusketa eta horma-irudi tarteko, berrikuntza ugari ekarri zituen eskualdera. 1994an, Anoetako jaiotza eta Tolosako jaiotza eta Olentzero figura sortu zituen, Iñaki Epelderekin elkarlanean.

1998an, Tolosako Azoka Berezietako sariaren diseinua egin zuen, hau ere, Epelderekin; 2001ean Galtzaundiren irudia sortu zuten biek. Azkenik, 2009ko Naturaldia jardunaldietan, Arte-kalea proiektuan hartu zuen parte Tolosaldeko hainbat artistekin batera. Urteren batean Tolosako Abesbatza Lehiaketarako irudiaren diseinua ere aurkeztu zuen, nahiz eta gero ez zen aukeratua izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!