Azken 35 urteetan lehen aldiz elkarrizketatu ahal izan dute Euskadi Irratian Osasun sailburu bat, Gotzone Sagardui euskalduna baita. Faktoria saioan hitz egin du.
Elkarrizketan Tolosako Asuncion klinikan emandako agerraldiari buruz galdetu diote eta esan du "Tolosan hainbat neurri hartu genituen pasa den astean Tolosa eta inguruko herrietako osasun zerbitzua bermatzeko, eta momentu honetan astelehena arte itxarongo dute ohiko jardunera bueltatzeko".
Langileek salatu dute babes neurri egokirik gabe aritu direla lanean eta kudeaketa pribatua duen zentro batean gertatu izanari egotzi diote. "Nire ustez bi gauza desberdin ari dira nahasten, eta guk egin behar duguna da dagoen egoera hobetu eta Tolosan osasun zerbitzua behar den bezala eman dadin lan egitea".
Ospitale publikoaren inguruan hitz egiteko garaia iritsi ote den galdetuta esan du "gu betidanik ari gara Tolosaldean osasun publikoa bermatzeko hitz egiten, ez da pandemiarengatik ere, aurretik hitz egiten genuen, orain ari gara hitz egiten eta hitz egiten jarraituko dugu. Euskadin osasun publikoa denentzat da, beraz ez dut uste orain ezer berririk dagoenik". Eta kazetariak ospitale publikoa egiteko proiekturik ba ote dagoen galdetu dionean esan du "berriro esango dut, Tolosaldean osasun publiko bat egoteko lehenik egiten genuen lan, egiten dugu lan eta lanean jarraituko dugu".