Elkarrizketa

«Abanikoa gehiago zabaldu eta etxea guztiz zaintzea egokituko zait»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 15a, 07:59

Herrian kultura sustatzeko sortu zen TEE, eta bertan, lau urteko agintaldiari ekin berri dio Aitor Imaz tolosarrak; erakundeaz, bere egitekoaz edota Abesbatza Jaialdiaz aritu da

Leidor, Hodeiertz eta KUP Taldea abesbatzetan aritutakoa, Tolosan ez dago bertako nazioarteko abesbatza lehiaketa hobeto ezagutzen duenik. Aurrerantzean, baina, beste ikuspegi batetik biziko du Aitor Imazek (1975, Tolosa), Tolosaren eta kulturaren arteko lotura, duela gutxi izendatu baitute Tolosako Ekinbide Etxeko (TEE) lehendakari.

Ezagutzen ez dutenentzat, zer da Tolosako Ekinbide Etxea?

Izenak berak dioen bezala, etxe bat da, alor ugari biltzen dituen etxe handi bat. Abesbatza Lehiaketa antolatzeaz gain, bestelako kultur ekitaldiez ere arduratzen gara, besteak beste, Titirijai Txotxongilo Jaialdia edota Amalur jardunaldiak. Horri, Topic zentroak urte guztian zehar izaten duen mugimendua gehitu behar zaio, ikastetxeen eta herritarren bisitetatik hasi, eta antzerki saio edo musika kontzertuetaraino, emanaldi horien entseguak ere kontuan izanik. Azken finean, urtean zehar, herritarrek uste dutena baino martxa handiagoa dago etxe barruan, eta guzti hori, bertako langile bikainei esker.

Noiztik zara bertako kide?

Urte asko egin behar dira atzera. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan kolaboratzaile modura lanean hastearekin batera sartu nintzen lan-taldean; 15-16 urte edo izango dira. Orain arteko urte hauetan, batez ere, udazkena heltzean aritzen nintzen buru-belarri lanean, lehiaketa prestatzen.

Orain, lehendakari izateko hautatu zaituzte. Zer sentitzen duzu?

Berez, martxoan ginen urteko batzarra egitekoak, baina atzeratu egin genuen, COVID-19aren pandemiak eragindako alarma egoera zela-eta. Hortaz, uztailean egin genuen, Topic zentroan. Aurrez, Lakunzak berak ohartarazi gintuen lau urte igaro zirela kargua hartu zuenetik, eta beraz, lehendakari berri bat aukeratu beharko genuela. Orduan, pentsamendu ugari izan nituen, nire burua hautagai izan zitekeelako. Proposamena jaso, eta nire buruari galdera ugari egin nizkion; urduritasuna eta presioa ere sentitu nuen, ardura handia delako. Hala ere, tolosar bezala Ekinbide Etxeko lehendakari izateko aukera izatea ohore bat da, eta gainera, pozgarria da etxeko zenbait kidek zugan pentsatu dutela jakitea ere. Ondo ezagutzen dut etxea, beraz, «zergatik ez?», pentsatu nuen nire baitan. Erronka berri bat iruditu zitzaidan, eta baiezkoa eman nuen.

Zein izango da zure egitekoa lehendakari bezala?

Lehen, abesbatzen kontuarekin soilik aritzen nintzen lanean. Orain, ordea, abanikoa gehiago zabaldu eta etxea guztiz ondo zaintzea egokituko zait. Beste alorrak hobeto ezagutzeko aukera izango dut aurrerantzean, baita egunerokotasunean gehiago jarraitzekoa ere.

Eta zein da erakundeak hurrengo urteetan izan behar duen zeregin nagusia?

TEE-tik egiten den guztia balioan jarri behar du Tolosak. Ez bakarrik herri mailan. Topic zentroan egiten den lan guztia Gipuzkoatik haratago doa. Estatuko eta nazioarteko erakundeekin hitzarmenak daude, mundu osoko museoekin egiten diren sinergiak; mundu osoan euskaraz abesten da Tolosako Txapelketari esker.

Zer egin daiteke proiektuak indarra har dezan?

Proiektu hau bultzatzeko, erakundeen ilusioa, gogoa eta laguntza behar dira, herriko jendea inplikatu behar dugu. Ekartzeko gogoa duten gazteak, bazkide berriak edo boluntarioak behar dira. Herritarrengana gerturatu beharra dago erakundea. Eta horrekin guztiarekin, duguna indartzea, eta etorkizunean erreferente bihur daitezkeen gauza berriekin esperimentatzea.

Eta nola lortu daiteke hori?

Bazkide berriak lortzeko kanpaina baten bitartez, bere alea jar dezaten. Ondorengo mezua zabaldu behar da: suspergarria da haurrei eta helduei abesbatzekin, Topic museoarekin, urte osoan ditugun txotxongilo-konpainien irudikapenekin nahiz Amalurren hitzaldiekin gozaraztea lortzen duen tokiko erakunde bateko kide izatea. Alor bakoitzerako plan jakin bat diseinatu eta aurrera eramatea ere izango da gure egitekoa.

Julian Lakunzaren lekukoa hartuko duzu. Zein balorazio egiten duzu bere agintaldiaz?

Etxeak etenik gabeko martxa du, puntualki, hau da, lau urtez behin, batzorde berri bat izaten duena. Nire kasuan bezala, duela lau urte, Julian beste lan-talde batekin sartu zen. Alor edo bloke bakoitzaren atzean, langile profesionalak daude, eta urtero antolatzen diren jaialdiak eta egiten diren saioak kalitate handikoak izaten dira. Hortaz, azken urteetan ere bikain funtzionatu du; tartean, abesbatza lehiaketaren 50. urteurrena ospatu da. Etxe honetako funtzionamenduak edo lan egiteko sistemak erakusten duena da, pertsona bat edo beste lehendakari modura egonda ere, martxa horri jarraipena ematen zaiola.

Nortzuk osatuko duzue aurrerantzean batzordea?

Kepa Goikoetxea izango da lehendakari ordea, Ane Garate, berriz, idazkaria, eta Xarles Iturbe, diruzaina. Garrantzitsua izango da lauron artean talde-kohesioa lortu eta beste langile guztiekin batera etxearen funtzionamendu egokia aurrera eramatea. Alor bakoitzak, gainera, bere ordezkaria izango du: Idoya Otegi (Topic eta Titirijai), Alberto Luengo (Amalur) eta Xabier Ormazabal (Abesbatza Lehiaketa).

Aurten, ezingo duzue Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ohiko moduan antolatu. Sartu orduko, lehen oztopo txikia.

Urtea doan bezala doa, eta iaz, oraindik ere lehiaketako kolaboratzaile nintzela, ikusi genuen aurtengo edizioa ohiko moduan antolatzea ezinezkoa zela. Mugak itxi zituzten, eta noski, garaiz lan egitea eskatzen duen ekimena da. Ezinezkoa zen beste herrialdeetako taldeak ekartzea, azpi-egitura aldetik ere inbertsio ekonomiko erraldoia. Azkenik, duela hilabete batzuk ezinezkoa zen orain nola egongo ginen jakitea, ezta segurtasun eta osasun neurri guztiak bermatuko zirela baieztatzea. Ondorioz, lehiaketa ez egitea erabaki zen, baina mahai gainean zenbait alternatiba jarri ondoren, bertako taldeekin osatutako jaialdi bat egitea erabaki da. Eta hor bada bitxikeria polit bat. Duela 50 urte inguru, lehiaketa antolatzen hasi zirenean, bertako abesbatza eta ahots taldeekin osatu zuten egitaraua, eta aurten ere, horrela egingo da.

Eta nolako maila izango da?

Argi eta garbi utzi behar da, urtero ikusten eta entzuten ditugun talde horien maila lortu duela Tolosak, eta aurten izango ditugunek ere maila hori mantenduko dutela. Azkenik, kultura segurua dela erakutsi nahi dugu. Orain arte Euskal Herrian nahiz nazioartean ospatu diren jaialdi eta sariketetan ez da inolako arazorik sortu, eta guztia martxa onean joan da. Gure kasuan, eskatzen zaizkigun neurri guztiak beteko ditugu, eta maila handiko jaialdi bat eskaintzen ahaleginduko gara. Kulturan bizi dugun egoera bultzatu eta ekarpen txiki bat egitea eskatzen diet Tolosako nahiz eskualdeko herritarrei. Behintzat, bakarrera bada ere, joan daitezela kontzertuetara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!