«Ea posible dudan 400 kiloko mugara iristea; hori da nire helburua»

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 14a, 19:59

Gimnasioan egiten zituen markak lehiaketa batean berretsi ditu, eta Espainiako pisu hila probaren marka ezarri du Jon Malbadi tolosarrak. 370 kilo altxatzeko gai izan da, eta aurrera begira beste erronka batzuk jarri dizkio bere buruari.

Jon Malbadik (Tolosa, 1991) Espainiako marka egin berri du pisu hila modalitatean, kategoria guztiak kontuan hartuta. 370 kilo igo ditu lurretik belaunen gaineraino, eta horrez gain, bere lehen lehiaketa ofizialean egin du marka. WRPF elkarteak Collbato (Katalunia) herrian antolatutako Drums of War II 2020 proban egin du marka eta bertako txapelduna izan zen pisu hila modalitatean.

Lehenengo aldiz txapelketa batera joan eta marka lortu duzu.

Hiru edo lau elkarte daude torneoak antolatzen dituztenak, eta elkarte guztiak kontuan hartuta da marka. Nik 125 kilo azpiko kategorian parte hartu nuen, baina egindako 370 kiloko markak edozein pisuko kirolarik egindakoa gainditu du. Marka egin nuenean 124 kilo pisatzen nituen. Aurreko marka 350 kilokoa zen, eta 160 kilo inguru pisatzen zituen marka egileak.

Zer suposatzen du zuretzat?

Aurretik banekien ze marka zeuden, eta entrenamenduetan ikusi baduzu marka horiek egin ditzakezula, aurreikuspen batzuekin joaten zara. Egindako markaz ez nintzen asko harritu, joan aurretik aukera hori bazegoela ikusten nuelako. Noski, pozik nago marka egitea lortu nuelako. Azken finean ez delako gauza bera marka bat egitea zure gimnasioan, edo gero txapelketa batera joan eta han egitea. Urduritasunak-eta hor daude, eta horiek onerako edo txarrerako eragiten dute lehiaketa batean. Kasu honetan, espero bezala atera zen.

Torneoa bera nola joan zen?

Torneoaren aurretik, pisaketa izaten denean, zenbat kilorekin hasiko zaren esaten duzu. 330 kilorekin hasiko nintzela azaldu nuen nik. Lehen kontaktu bezala erabili nuen, hau da, epaileekin konfiantza hartzeko eta dena ondo egiten nuela baieztatzeko. Hainbat arau daude, eta zuk uste baduzu ere ondo egiten ari zarela, agian epaileek altxaldia baliogabetu egiten dizute. Gero, eskatu nuen 352,5 kilo altxatzea, dagoeneko errekor absolutua izango zena. Hori altxatu nuen, eta hirugarren aukeran eskatu nuen 362,5 kilo altxatzea. Hori lortuta, beste laugarren aukera bat eman zidaten eta hor igo nituen 370 kiloak.

Lehenengo aldia izanik proba batean parte hartzen zenuela, nola sentitu zinen?

Hasieran nahiko lasai nengoen, espero baino lasaiago. Behin marka lortuta, oso pozik.

Eta jendea ez zen harritu lehen aldiz lehiaketa batean parte hartzen zuenak marka absolutua apurtzea?

Gaur egun badakizu sare sozialek nola funtzionatzen duten. Instagrametik-eta jende askok ezagutzen ninduen, gimnasioan egindakoak igo izan ditudalako. Jende guztiak zoriondu ninduen, harrituta zegoenik ere izan zen, eta hitz onak eta animoak jaso nituen. Kontua da gimnasioan egiten direnak ez dutela marka bezala balio. Hori lehiaketa ofizial batean erakutsi behar da, eta lortu nuen.

Aurrera begira ze asmo dituzu?

Ikusten baduzu zerbaitetan ondo aritzen zarela, asmoa segitzea da. Ea posible dudan 400 kiloko mugara iristea. Hori izango litzateke nire helburua. Gustatuko litzaidake ahal den azkarren saiatzea ere. Datorren urtean aukera badut, primeran, bestela hurrengoan.

Eta hurrengo lehiaketa edo torneoa noiz izango zenuke?

Egutegia ateratzen duten arte ez dakizu noiz izango den. Eta, gero, data horretarako prest egotea da kontua. Bestalde, ez garenez honetaz bizi, nahiago ditut gauzak lasai hartu eta nire burua prest ikusten dudanean saiatu. Ez dut gehiegi behartu nahi. Honek ez digu jaten ematen, eta ez digu sekula emango, beraz, nire burua gehiegi presionatzea ere ez dut nahi.

Gimnasioan igo dituzu 370 kilo baino gehiago?

Parte hartu dudan txapelketa hori berez martxorako zegoen antolatuta, baina COVID-19a dela-eta atzeratu egin zen. Garai horretarako entrenamendu nahiko luzeak egin nituen, eta gehienez lortu nuena 380 kilo izan zen. Gero itxialdia etorri zen, gimnasio guztiak itxita zeuden, eta orduan lau hilabete inguru entrenamendu espezifikorik egin gabe egon nintzen. Orain berriz ere hartu dudanean, bere garaian egin nuenetik hamar kilora iritsi naiz.

Europa mailako torneoaren batera joatea pentsatzen duzu?

Hartu daiteke kontuan aukera hori, baina ikusi behar duzu bertara joaterakoan ze maila duzun besteekiko. Hara joan eta azkena geratzeko, ez zara joaten. Ez dut eskarmentu handia lehiaketetan, eta pauso hori emateko nahiko nuke eskarmentu pixka bat handiagoa izatea. Eta maila altuagoa hartuko banu eta ikusiko banu zer edo zer egin nezakeela, ikusiko nuke. Beti dago ilusio hori, horrelako esperientzia bat bizitzeko. Kontuan hartu behar da zenbait herrialdetan beste mentalitate bat dutela: Ukrainian, Errusian, Polonian... jendea 13 urterekin hasten da. Ni 19rekin hasi naizenez, urte askotako desabantaila dut. Herrialde horietan jendeak beste maila bat du.

Atzera begiratuz, noiztik hasi zara pisu hila proban entrenatzen?

Gimnasioan orain hamar bat urte hasi nintzen, baina pisu hila entrenatzen bost urte inguru daramat. Kontuan izan behar da proba honetan lehiatzeko material berezia behar izaten dela. Hau da, barra berezi bat behar da, eta diskoak ohikoagoak baino finagoak izan behar dira, bestela ezin dituzu, esaterako, 300 kilotik gorako pisuak jarri barra batean, lekurik gabe geratzen zarelako.

Ni talde batean nago, Xthor Powerbuilding izenekoa, talde horrek Iruñean du gimnasioa, eta leku horretan dagoen lehiaketetako materiala oso leku gutxitan dago. Edozein kiroldegiko gimnasio batera joaten bazara, ez duzu material hori. Tolosan aritzen nintzen lehen, eta gero une batean Donostiako Belodromora joan nintzen, hango gimnasioan beste material mota bat zutelako. Gero zortea izan nuen, taldea ezagutzeko eta beraiekin entrenatzeko aukera izan nuelako, bestela ezinezkoa izango zen niretzat maila horretara iristea.

Orduan batez ere Iruñean aritzen zara entrenatzen?

Kontuan izan behar da nik hau hobby bezala hartzen dudala. Lagunak dauzkat gimnasio ezberdinetan eta, beraz, entrenatzera joaten naiz gimnasioetara eta baita lagunekin egotera ere. Beraz, Tolosan, Donostian eta Iruñean aritzen naiz, eta zehazki pisu hila entrenatu behar dudanean, orduan bai joan behar izaten dudala Iruñera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!