Koronabirusa

Kalera aterako dira Asuncioneko konfinamendua dela eta

Ataria 2020ko urr. 13a, 14:24

Tolosaldeko herritarrek eta Asuncion Klinikako langileek agerraldia egin dute klinikako egoera salatu eta osasun arreta publikoa eskatzeko; larunbatean manifestazioa egingo dute, 12:30ean, Plaza Zaharretik abiatuta.

"Ez gaude gehiago jasateko prest", esan du Ainhoa Ortiz Asuncion Klinikako langileak, langile guztien izenean. Tolosaldeko herritar eta Asuncioneko langileek agerraldia egin dute eguerdian Asuncion Klinikako kudeaketa salatu eta Tolosaldean kalitatezko osasun arreta publikoa eskatzeko. Larunbatean manifestazioa antolatu dute, 12:30ean, Plaza Zaharretik abiatuta, osasun publikoaren aldeko aldarria egiteko. Era berean, bihar arratsaldean babes argazki masiboa ateratzeko deia ere zabaldu dute, Zerkausian, 18:00etan. Eragileei atxikipena eskatu diete eta osasunpublikoatolosaldean@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.

 

Langile gutxi daudela salatu du, "gutxiegi". "Gure aldetik dena ematen ari gara, baina baliabide pertsonal eta material faltek eragin zuzena dute", gaineratu du. Horregatik zabaldu dela langileen artean birusa eta horregatik itxi behar izan dutela klinika dio: "Ez ditugu maskara egokiak izan orain arte, ezta babes neurriak ere".

 

Inma Arroyo Asuncioneko erizainak salatu duenez, ekainean, alarma egoera kendu zutenean, langile askoz gutxiago geratu ziren berriro ere lanean eta orain beharrezkoak dituzte. "Langile gutxiago gaudenez, zerbitzu ezberdinetako langileak mugitzen gabiltza eta protokoloak dioenez, langileen mugikortasuna mugatuta egon beharko luke".

 

Dituzten lan baldintza "txarren" ondorioa dela uste dute. Neurri berean, interes ekonomikoak osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio ere badela esan dute: "Jabeen helburua osasun arreta baino, irabazi ekonomikoak dira".

 

Asuncion Klinika konfinatu izana ez dela kasualitatea esan du Aitziber Sagredo Asuncion Klinikako langileak: "Ez da kasualitatea konfinatze hau Tolosaldean eta Asuncionen gertatu izana, beste eskualdeetan ez bezala, hemen ospitale pribatu bat da arreta zerbitzua eskaintzen duena eta horrek zuzeneko eragina izan du".

 

Egoera honen aurrean klinikako zuzendaritzak ospitaleratzea eskatzen duten kasuak Bidasoako Eskualdeko Ospitalera bideratzea erabaki du eta langile eta herritarrek Osasun Sailari eskatu diote Irunera bidali beharrean Donostiako Ospitalera bidaltzeko. Argi dute irtenbidea zein den: "Eskualde honetako irtenbidea osasun arreta publikoa da, ehuneko ehunean publikoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!