Azken egunetan Asuncion klinikan bizitzen ari diren egoera salatu du LAB sindikatuak, eta esan du COVID-19ak sektoreak bizi duen egoera kaskarra areagotu besterik ez duela egin. "Badakigu eta ikusi da Asuncion klinikaren eraikinak ez duela bizi den egoerari aurre egiteko behar den egiturarik; ez dago zirkuitu itxirik eta ondorioz zona 'zikinak' (positibo eman duten pazienteak daudenak) eta kutsaturik gabeko guneak nahastuta daude. Ez dituzte jarri langileek kutsadura saihesteko behar adina gune. Aldagelak ez dira berezitu eta kutsatuak eta kutsaturik ez daudenak batera daude", esan du. Gogoratu du era berean, langileek salatu izan dutela ez zeudela nahikoa NBErik (Norbera Babesteko Ekipamendua).
Garbiketa
Garbiketa sektorea ekarri du gogora ere: "Garbiketa sektorea ez da indartu lan kargak handitu badira ere". Asuncionek berak emandako datuaren arabera, 35 dira kutsatutako langileak, eta LABek nabarmendu du horietako asko espezialistak eta garbiketako langileak direla, izan ere, positibo direlako edo positibo batekin harreman zuzena izan dutelako daude konfinatuta.
Erizainak eta pazienteak
Erizainei dagokienez, salatu du sintomak zituztenak besterik ez zituztela konfinatu eta orain bizi duten egoerara iritsi direla horregatik. 6 pazientek eman dute positibo ere eta LABek esan du PCR proban negatibo eman zutela hasiera batean, baina "denbora gutxian pasa dira positibo ematera". Ospitaleratze bat dagoenean azterketa azkar bat egiteaz gain, paziente hori PCR proba egin arte isolatu behar dela uste du sindikatuak.
Egoera honek guztiak langileengan izaten ari den eragina azpimarratu nahi izan du sindikatuak; "osasun fisikoa ez ezik, eragin psikologikoa izugarria da". Horregatik eskatu du beharrezko lanpostu guztiak indartzea "langileen eta erabiltzaileen segurtasun bermatzeko".
Agerraldiaren ondorioz hainbat neurri hartu dituztela esan du, baina kezka sortu du langileen artean. "Zergatik bideratu dira ospitaleratzeak Bidasoara, Donostia eta Zumarragako ospitaleak gertuago daudenean?", galdetu du. Egoera hau zenbat denboraz luzatuko den ez dakitela salatu du ere.
LABek esan du ez dutela onartuko ez gertakari honen "larritasuna" alde batera uztea eta ezta ere langile, erabiltzaile eta herritarren osasuna arriskuan jartzea. Hori dela eta, bat egin du Tolosako hainbat herritar eta Asuncioneko langilek larunbaterako deitu duten mobilizazioarekin.