«Oso zaila zen guretzako gauzak behar den bezala antolatzea»

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 12a, 19:59

Gaur zen egitekoa San Esteban auzoko krosa. COVID-19a dela-eta bertan behera utzi dute aurtengo edizioa, baita Ttonttor auzo elkarteak antolatzen duen kultur astea ere. «Hurrengo urtean beharko du».

Tolosako San Esteban auzoko Ttonttor elkarteak urtero garai honetan antolatzen ditu ekitaldiak. Kultur astea abiatzeko krosa antolatzen dute urriaren 12an. Jose Luis Goenaga eta Iñaki Sanchez auzo elkarteko kideak arduratu izan dira azkeneko urteetan krosa antolatzeaz.

Nola hartu zenuten aurtengo krosa ez egiteko erabakia?

Jose Luis Goenaga. Udan pentsatu genuen egoerak hobera egin zezakeela eta gure artean hitz egiten hasi ginen, baina udazkenerako osasun baldintzak okerrera nola egin duten ikusi dugu. Egin, egin genezakeen baina oso zaila zen guretzako gauzak behar den bezala antolatzea. Horregatik ez egiteko erabakia hartu genuen.

Aurtengo edizioa, 33.a zenuten. Hurrengo urtera atzeratu duzue.

Iñaki Sanchez. Bai, ea datorren urtean zein egoeratan gauden. Gauzak dezente aldatu beharko dira.

Krosa normaltasunez antolatu ahal izateko zein arau betetzea eskatzen zizueten?

J. L. G. Arau asko bete beharko genituzke antolatuz gero eta guretzako oso zaila da. Beste lekuetan begira aritu ginen eta gehienetan ez egitea erabaki dute. Adibidez, aurten, Behobia-Donostia lasterketa bertan behera geratu da. Gurean ez da hainbeste jende ateratzen, baina ardura handia da.

I. S. Gurea kros txikia da. Karrera antolatzen 10 bat lagun aritzen gara eta laguntza eskatu behar izaten dugu. Bidegurutze asko dago ibilbidean, eta berez, egoera normalean jende asko behar bada, oraingo arauak betetzeko oraindik ere jende gehiago beharko genuke. Oso zaila da guretzako.

J. L. G. Orain, gainera, partaideak taldeka ateratzea eskatzen dute. Guk ez ditugu txipak erabiltzen, kronometroekin ibiltzen gara. Taldeka hartu beharko genituzke denborak eta eromena izango litzateke.

I. S. Gero garbiketak eta bestelakok eskatzen zaizkigu. Urterokoa antolatzeko komeriak izaten ditugu, pentsa horrela hasi beharko bagenu.

San Esteban kultur astearen hasierako ekitaldia izaten da krosa. Bertan behera utzi duzue astea ere?

J. L. G. Bai .Ume jolasak ezin dira egin ezin direlako hainbeste ume batera elkartu; herri bazkariak ere arrazoi beragatik geratu dira bertan behera. Bazegoen kultur ekitaldiren bat antolatzea, baina mugatuta. Horregatik kultur aste osoa bertan behera uztea erabaki dugu.

I. S. Hori guztia lotzea guretzako oso zaila da. Eta behin antolatuta beldurrez egon beharko genuke gauzak nola irteten diren. 

J. L. G. Udalekoekin ere hitz egin dugu. Ezezkoaren aldekoagoak ziren haiek ere. Ez digute debekurik jarri, baina arau horiek betetzea eskatzen ziguten.

Zein lotura du zuen lasterketak Behobia-Donostiarekin?

I. S. Antolatzen hasi ginenean kros gogorra zen. Motza, 10 kilometrokoa, baina gogorra. Eta hain zuzen, gogortasun horregatik jende gutxi ateratzen zen. Orduan aldatzea erabaki genuen. Behobia-Donostia lasterketaren aurretik gurea bakarrik egoten zen eta jendeak testatzeko baliatzen zuen. Orain karrera gehiago egoten dira eta asko gogorragoak izaten dira. 

J. L. G. Hasiera hasieran, pentsatu genuen Tolosako ahalik eta auzo gehienetatik pasa behar zuela lasterketak. San Esteban, Berazubi, Amarotz, Izaskun, Alde Zaharra... leku dezentetatik pasatzen zen. Orain motzagoa da eta ez du hainbesteko itzulia egiten.

Parte hartzaileetan ere bilakaera ikusi duzue?

I. S. Garairik jendetsuenetan, 300 lagunetik gora aritu izan dira San Estebango krosan.

J. L. G. Lehen bi aldapa oso gogor egoten ziren eta orain leundu egin dugu ibilbidea. 10 kilometro beharrean 8 izaten dira eta jende gehiagok hartzen du parte.

I. S. Parte hartzaile gehiegi ere ez dugu behar antolatzen ez gabiltzalako hainbeste jende. Hala ere poza ematen digu mugimendu horrek eta eskualdeko jendea egun horretan korrika ikusteak.

J. L. G. Azkeneko urteetan umeena ere antolatu dugu eta parte hartzea asko ugaldu da kros horretan. Kosta egiten zaigu ume guztiei eustea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!