Koronabirusa

EH Bilduk gardentasuna eskatu du Asuncioneko konfinamenduaren harira

Ataria 2020ko urr. 12a, 10:33

Tolosako EH Bilduren udal taldearen ustez, klinikan gertatutakoa eskualdeko herritarrek jasaten duten "bigarren mailako osasun arretaren erakusle argia" da.

Tolosako EH Bilduren udal taldeak kezka azaldu du Asuncion klinikan egon diren koronabirus kasuak direla eta, eta gardentasuna eta azalpenak eskatu ditu. Gogoratu du ere larrialdiren bat izanez gero eskualdeko herritarrek Bidasoa ospitaleraino joan behar dutela, 43 km-ko bidaia eginaz. Egoera ikusita elkartasuna adierazi nahi die gaixoei, beren inguru hurbilari eta klinikako langileei.

Osasun publikoa aldarrikatzen du eta Tolosaldeko Ospitale Publikoaren beharra nabarmendu. "Osasun zerbitzu publikoak ezin dira esku pribatuetan utzi; Tolosaldeak ospitale publikoa behar du eta eskualdeko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) publiko egin behar da behingoz, Osakidetzak duen ESI publiko-pribatu bakarra baita Tolosaldekoa". Hori dela eta, Asuncionen gertatutakoa ez dela kasualitatea esan du "Tolosaldeko herritarrek jasaten duten bigarren mailako osasun arretaren erakusle argia baizik".

Tolosako Udaleko EH Bilduren taldeak salatu du ere ez duela gaiaren inguruko informaziorik jaso komunikabideetatik ez bada. "Salagarria da herritarren nahiz ordezkari politikoen aurrean dagoen gardentasun falta ikaragarria, egoeraren larritasuna kontuan hartuta, horrek ziurgabetasun are handiagoa dakar eta".

EAJren eta PSEren udal gobernuak argitaratutako oharra ekarri du gogora ere. Bertan klinikako protokoloak modu azkarren martxan jarri zirela zioten eta EH Bilduk esan du ez dela horrela: "Ezin da horrelakorik ziurtatu klinikak honen inguruan egindako benetako kudeaketa ezagutu gabe". Asunciongo enpresa batzordeko kide batek komunikabideetan egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora eta esan du giza baliabide, babes neurri, bisitarien kontrol eta material falta salatu dituztela enpresa batzordetik". "Agerraldiari aurre egin ostean, behin gaixoen arreta eta segurtasuna bermatuta, Osasun Sailak gertatutakoa aztertu beharko du", gaineratu du. Horrelako zabalkuntza handia gertatzeko zerk huts egin duen identifikatzea eta berriz ere gerta ez dadin neurriak hartzea beharrezkoak izango direla uste du Tolosako EH Bilduk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!