Ikusgai jarri eta sariak banatuta

Tolosaldeko mugikortasun ereduaren inguruko erakusketa jarri dute ikusgai Tolosako Trianguloan, eta Tolosaldea Garatzenek Targazki taldearekin batera antolatutako argazki lehiaketako sariak banatu dituzte.

Gaur egungo mugikortasun ereduaren kulturan aldaketa bultzatu nahian lanean ari da Tolosaldea Garatzen eskualdean. Hori dela eta erakusketa osatu du, eta Tolosako Trianguloan jarri dute ikusgai. Horrez gain, Targazkirekin batera argazki lehiaketa antolatu du, eta gaur banatu dituzte irabazleen sariak.

Ibilgailu pribatuaren erabilera Tolosaldean "oso altua" dela azpimarratu du Iker Urruzola garapen agentziako lehendakariak: "Azken datuen arabera, eskualdeko biztanleen joan-etorrien %54a autoz egiten da, eta biztanleko 0,64 ibilgailu ditugu. Gipuzkoako eta EAEko maila baino askoz motorizazio tasa altuagoa dugu".  Mugikortasun eredu honek, besteak beste, "energia kontsumo ikaragarria suposatzen digu", azaldu du.

Egoera aldatu eta herritarren inplikazioa bilatu nahi dute. Beste garraio iraunkorrago batzuen erabilera sustatzea da eskualdeko erakundeen helburua, eta garraio publikoa, bizikleta, ibilgailu elektrikoak...bultzatzea.

Mugikortasun kontsumoa nola murriztu ikertuko dutela adierazi du datozen hilabetetan. Bide horretan ere zenbait erronka planteatu dituzte: "Nola bermatu mugikortasun eredu iraunkor bat landa eremuan? Zeintzuk dira premiak?". Galdera horiei tiraka, Tolosaldea Garatzenek herritarrengan hausnarketa eragiteko espazio bat sortu duela iragarri du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Zortzi panelez osatutako erakusketa jarri dute Tolosako Trianguloan. Bertan, eskualdearen mugikortasun erronka nagusiak azaltzeaz gain, "gurean nahiz kanpoan martxan jarri dituzten proiektuak ezagutzera ematen dira", adierazi dute Tolosaldea Garatzenetik.

Erakusketak eskualdeko beste herri batzuk ere bisitatuko ditu. Esaterako, Baliarrainen egongo da urriaren 24 eta 25ean. Ibarrara urriaren 26an iritsiko da, eta azaroak 1a bitarte bertan egongo da. Zizurkilen azaroaren 3tik 8ra izango da ikusgai, eta azkenik, Altzon, azaroaren 9tik 15era jarriko dute.

Sei saridun

Tolosaldea Garatzenek Targazki taldearen laguntzarekin antolatu zuen mugikortasunari lotutako argazki lehiaketa. Saridunen argazkiak erakusketan bertan jarri dituzte.

Eli Moreno izan da lehiaketako irabazle nagusia, Patinetan izeneko argazkiarekin; bigarren saria Jon Dorronsorok irabazi du; eta Jose Antonio Abaigarrentzat izan da hirugarren saria.

Gazteen mailan, berriz, Izaro Lopetegi izan da garailea; Beñat Rodrigok eskuratu du bigarren saria, eta Amets Azpilikuetak, hirugarrena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!