Emeterio Arreseko espazioa egokituko du udalak gripearen aurkako txertoaren kanpainarako

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 9a, 13:59

Asteartean abiatuko da, eta aurten ez da hitzordurik eskatu beharko; Osakidetzako langileek zuzenean deituko diete arrisku taldeetako pertsonei. Anbulatorioan jende pilaketak ekidin nahi dituzte.

Tolosako Udalak Emeterio Arreseko espazioa egokituko du Osakidetzako langileek gripearen aurkako txertoaren kanpaina aurrera eraman ahal izateko. Asteartean hasiko da kanpaina eta derrigorrez hitzorduarekin joan behar bada ere, ez da inora deitu behar hura eskatzeko, Osakidetzako langileak jarriko dira dagokienekin harremanetan. Hitzorduak astelehenetik ostiralera emango dituzte, 10:00etatik 17:00etara bitartean.

Aurten, COVID-19aren pandemia dela-eta, aste bat aurreratu da gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina eta eraikin publikoak erabiliko dira horretarako. Hala, osasun zentroetan eta anbulatorioetan jende pilaketak ekidin nahi dira, koronabirusa edo bestelako gaixotasunen zabalkundea ekiditeko, eta gune horietan bestelako gaixoak artatzeko.

Gripearen aurkako txertoa arrisku talde hauei dago bideratuta: 65 urtetik gorako pertsonak, patologia kronikoren bat dutenak (BGBK, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak…), instituzionalizazio bidean dauden pertsonak, haurdun dauden emakumeak, eta osasun langileak, gizarte-zerbitzuetakoak edo familia-inguruneko zaintzaileak.

Gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin du Osakidetzak, egungo egoeran “gripearen aurka immunizatzeko”. 65 urtetik gorakoek txertoa jartzeak duen garrantzia ere azpimarratu dute Osakidetzatik, batik bat haiengan baitu afekzio handiena. Gipuzkoako Erizainen Elkargoak ere txertoa jartzeak duen garrantzia nabarmendu du, “gripea ez zabaltzeko eta arriskuak zein heriotzak saihesteko erreminta bakarra baita”. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!