820 milioi pertsonak jasan zuten gosea munduan 2018an, eta bost urtez azpiko sei milioi haur hiltzen ditu urtero elikagai faltak. Zifrak, etengabe, gora egiten du urtero. Espero bezala, aurtengo aurreikuspenak, zoritxarrez, askoz ere larriagoak izango dira COVID-19a dela eta. Asiak eta Afrikak jarraituko dute kontinente kaltetuenak izaten. Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak emandako datuak dira. Beldurgarriak. Borondate politiko eza da pandemia lazgarri horri aurre egiteko baliabiderik ez erabiltzearen arrazoia.
"Munduko herrialde guztiek hartu zituzten koronabirusari aurre egiteko neurriak, eta mundua gelditu egin zen.
Zazpi milioi pertsona hiltzen ditu urtero kutsadurak munduan. Slavoj ?i?ec filosofo esloveniarrari irakurri nion Pandemia liburuan Wuhan-en izandako itxialdiari esker inoiz baino hildako gutxiago eragin dituela egurats zikinak. Koronabirusak hil du jendea; alabaina, kutsadura gutxitu izanak bizitza gehiago salbatu ditu. Madrilen antolatu da aurten Klimaren Munduko Goi-bilera (COP25), eta, orain arteko goi-bilera guztietan gertatu bezala, herrialde boteretsu eta kutsatzaileenak ez dira ados jartzen hainbeste hildako eragiten dituen arazo honi adarretatik heldu eta konponbideak aurkitzeko.
Milioi bat pertsona hil ditu koronabirusak dagoeneko. Datu horixe zekarren berriki egunkariak. Pandemiaren hasierak Gasteizen harrapatu ninduen, eta oso gogor jo zuen gaixotasunak herrialde hartan. Inguruko jendea nola gaixotzen zen ikusten genuen; erizainek kontatzen ziguten ospitaleak gainezka zeudela; zahar-egoitzetako egoeraren berri ematen ziguten bertako langileek. Ez dakizuenik ez dut kontatuko. Egoera hartan, ederki asko ikasi genuen zein garrantzitsua den higiene-neurriak egoki betetzea gaixotasuna ahalik eta gutxien zabaltzeko, bizitzak salbatzeko.
Munduko herrialde guztiek hartu zituzten koronabirusari aurre egiteko neurriak, eta mundua gelditu egin zen. Gelditu egin zuten. Goseak eta kutsadurak lortu ez dutena lortu du birus txiki batek.