Armeria plazako egoeraren aurrean Tolosako Udalaren "axolagabekeria" salatu du Eguzkik

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 9a, 10:59

Oria ibaira zabor ugari botatzen dela, eta udalak ez dituela "hori ekiditeko neurriak hartzen ezta garbitzen ere" salatu du talde ekologistak.

Eguzki talde ekologistak salatu duenez Tolosako Armeria plazan, burdin-zubiaren inguruan, Oria ibaira zabor ugari botatzen da. "Hori aspalditxotik dakigu bai guk eta baita udalak ere". Hala, zaborrak ibaira botatzea erabat debekatuta dagoela gogoratu dute, "ingurumenari zein osasun-baldintzei kalte egiten dietelako, eta arau-hauste larritzat jotzen da".

Bada, bertako egoeraren inguruan duten "kezka" udalari "behin baino gehiagotan" helarazi diotela azaldu dute, "disuasio-neurriak har ditzan". "Baina ez du ezer egin, eta botatakoa garbitu ere ez du egiten", adierazi dute.

Ildo horretatik, pasa den urteko martxoan zubiaren inguruan egindako ekintza gogoratu dute: "hainbat kilo zabor bildu ziren, egoera salatuz". 2020ko otsailekoa ere ekarri dute gogora: "Euriteen ondorioz Oriak ur handia zekarren eta itsasoko bidean arrastatu zuen bertan pilatutako zaborra, besteak beste, aldez aurretik inork jaso ez zuelako".

Hala, urriko lehen egunetako euriteek utzitakoa azaldu dute. "Zorionez, oraingoan ez da otsailean gertatu zena pasa, eta zaborrak ez zuen itsasorako bidea hartu, baina, zabor pilaketa handia zegoen orduan ere". Eguzkitik esan dutenez, "Uraren Euskal Agentzian jarri behar izan da salaketa, eta azkenean, zabor pila hori, udalak jasoko du". Baina, gehitu dutenez, "Ura agentziak berak gogorarazi beharko lioke udalari zeintzuk diren bere betebeharrak alor honetan".

Eguzki talde ekologistari zabor horiek horrela ikusteak "etsipena ez ezik beldurra ere sortzen dio". "Tolosako Udalak egoera hori eragotzi edo konpondu beharko luke, baina ez du ezer egiten", dio. Hala, esan duenez, udala "derrigortuta" dago hori konpontzera, "nahikoa bitarteko" ditu, "baina, antza ez dio axola".

Ondorioz, talde ekologistaren hitzetan, "Armeria plazak oso argi uzten du Tolosako Udalak ez duela zilegitasunik ibaia zaintzearen garrantziaz hitz egiteko, ez kontzientziez, ez hezkuntzaz, ez sentsibilizazioaz. Argi dago bere erantzukizuna beste batzuen bizkar uzten duela, besteei konpromisoa eskatzen baitie, baina berak ez du horrelakorik erakusten". Era berean, gogoratu dute 2017an 2.000 izokin-kume baino gehiago askatu zirela inguru horretan bertan, "espeziea ugaltzeko inguru egokia den seinale".

Eguzki talde ekologistak Armeria plazako egoera jartzen du adibide moduan: "Gure ibaietan zer gertatzen ari den ulertzeko aukera ematen digu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!