Etenik gabeko eraberritzea

Aitor Arroyo Askarai 2020ko urr. 9a, 07:58

Juantxo Zeberio eta Itsaso Etxebeste. A. ARROYO

Disko berriarekin besapean dator Tenpora taldea; hirugarrena, hain zuzen ere. Aurkezpen kontzertua eskainiko dute gaur, Leidorren. Berriro asma nazazu bertatik bertara gozatzeko aukeraz hitz egin dute Juantxo Zeberiok eta Itsaso Etxebestek.

Berriro asma nazazu, horrela du izena Tenpora musika taldearen lan berriak. 2013. urtean sortu zuten proiektua eta Mundu berria (2015) izeneko diskoarekin estreinatu ziren. Bigarren lana, Itzulika, handik bi urtera argitaratu zuten eta hiru urte geroago ondu dute hirugarrena. Guztira, zazpi kanta biltzen ditu diskoak eta, lehen aldiz, ekoizle batekin elkarlanean aritu dira. Tenpora, lan berria eta konfinamenduko itzulera izan dituzte mintzagai taldeko Itsaso Etxebeste baxu-jotzaileak eta Juantxo Zeberio piano-jotzaileak.

Suge baten azal berritzea irudikatzen du diskoak, Tenpora ere azal berritzen ari da?

Itsaso Etxebeste: Nik uste Tenpora beti ari dela azal berritzen. Orain, agian, izenburua eta irudia jarri dizkiogu; baina beti gabiltza berrikuntza bila, beti ikasi eta esperimentatu nahian. Betikoa eskaintzeko, agian, ez genuke beste disko berri bat egingo.

Juantxo Zeberio: Pertsona guztiak bezala, ezta? Filosofo handi horietako batek esaten zuen egiazkoa den bakarra aldaketa dela, eta gainerako guztia ez dela existitzen. Tenpora ere esperimentatzeko sortu zen hasieratik; bizirik dagoen zerbait da. Itsasok esan duen moduan, hirugarren disko honetan azaletik dator izenburu bat eta horri erreferentzia egiten dion zerbait, baina proiektuaren izaera aldakorra hasieratik datorren zerbait da.

«Estetika ilunagoa» omen du lan berri honek. Zer esan nahi du horrek?

J.Z.: Estetika iluna esatean ez gara estilo gotikoaz ari: arropa iluna, kateak… [Barrez]. Egiten dugun musikak duen ukituaz ari gara. Aurreko bi diskoetako abestietan guztia oso garbi dago. Zer esan nahi dut horrekin? Instrumentu bakoitza bere lekuan dagoela, eta dena arazorik gabe ezberdindu daitekeela.


Guk entzuten dugun musika, berriz, ez doa hortik. Izan daiteke Nick Cave bat, edo neo-soul estiloko musika… Aurrekoan batek esan zigun disko berriak trap musikako ezaugarri batzuk ere badituela. Iluntasuna aipatzean soinuaren izaeraz ari gara, musikak transmititzen duen sentsazio horretaz. Teknikariak eta ekoizleak esaten ziguten diskoa «grisa» zela. Testura moduko bat sortzea izan da helburua, ahotsari eta musikari lagunduko diona.

Ekoizle batekin lan egin duzuen lehen aldia izan da. Elkarlan horren emaitza da estetika zehatz hori?

I.E.: Neurri batean, bai. Baina soinu mota zehatz baten bilaketaren emaitza ere bada. Aitor Etxebarriaren laguntza izan dugu bilaketa horretan. Bera aditua da eta, gainera, taldeko kide ez den batek zure soinua aztertzeak beste ikuspuntu bat ematen dizu. Oso aberasgarria da kanpoko norbaitek bere iritzia ematea. Zure mundua zabaldu egiten du; eta hori bera zen nahi genuena.

J.Z.: Hori da, eta horregatik joan ginen bere bila. Aitor oso hurbilekoa da, baina gure musikak kanpoko begirada hori edukitzea nahi genuen. Nik idazleekin egiten dut alderaketa: idazle guztiek edukitzen dute editore bat. Editore horrek egiten duena honakoa da: idazleak liburuaren lehen bertsioa amaitzen duenean, hori orraztea. Eta ez da hor amaitzen, editoreak orrazteaz gain, zirriborroari zatiak gehitzen eta kentzen dizkio. Gero, noski, azken hitza beti idazlearena izaten da.

I.E.: Azkenean, helburua zure onena ateratzea da. Hori norberak ikustea zaila izaten da, eta horregatik da garrantzitsua kanpoko laguntza hori.

J.Z.: Umiltasun ariketa bat ere izaten da sarritan. Zuk oso ona zarela pentsa dezakezu, eta lana primeran egin duzula. Gero, taldearekin entseatzen duzunean abestia entzun eta oso ona dela pentsatuko duzu, baina kanpoko horrek zuk ikusiko ez zenituzkeen gauzak ikusten ditu, horregatik da lagungarria. Arrisku bat ere badakar berarekin, ekoizleak sokatik bere aldera egiten du tira; eta zuk ere zure aldera egin behar duzu tira tarteka. Hor muga jartzen asmatu behar da, bestela, sokatira bat bihurtu daiteke hori. Baina, esan bezala, onartu beharreko arrisku bat da, eta nik bizitza ez dut ulertzen arriskurik gabe. Gu oso gustura geratu gara emaitzarekin, eta baita onartu genituen arrisku horiekin ere.

Itsaso Etxebeste: «Garapen bat eduki dugu. Konpartitze horrek elkarrekin hazteko aukera ematen digu, eta hori, agian, ezin duzu beste edozein proiektutan egin»


Hainbat artistarekin kolaboratu duzue, nolakoa izan da haiekin lan egitea?

J.Z.: Erraza. Guk urte asko daramatzagu musikaren munduan eta jende askorekin jo dugu. Bide horretatik, erraza litzake kolaborazioekin bakarrik disko bat egitea. Badaude horrelako lanak, eta batzuk oso ederrak eta txalogarriak dira. Baina Tenpora Tenpora da, eta horretara mugatu nahi dugu. Kolaborazioak egin ditugunean abestiek eskatu egin digutelako izan da. Lana amaitzeko zerbait falta zitzaiela sentitzen genuen, eta kolaborazio horiekin osatuta geratu dira. Nolabait esatearren, Tenporak kolorea jartzen die abestiei, eta kolaborazioekin berniz bat ematen diegu. Oso erraza, plazera izan da kolaboratzaileekin lan egitea, musikari oso onak dira.

Bost taldekide zarete, bakoitza bere ibilbide propioarekin. Zein toki hartzen du Tenporak zuentzat?

I.E.: Toki nabarmena hartzen du, asteroko konpromisoa eskatzen digulako. Beste proiektu batzuei ezin diegu hainbeste denbora eskaini. Bizitza bera horrela da: gauzak azkar hasi eta bukatzera gaude ohituta. Tenpora, berriz, astero biltzera ohitu gara eta bizikidetza bat sortzen da. Guztion artean egin nahi dugun bilaketa bat da, eta horretan ezberdintzen da.

J.Z.: Guztion proiektu kutuna da; ez diet gainerakoei ezer kendu nahi, baina nabarmena da. Itsasok esan duen moduan, bildu ginenean jarri genuen baldintza bakarra hori izan zen: Tenpora iraupen luzeko proiektu bat izango zela. Hirugarren diskoarekin hori berresten ari gara.

I.E.: Garapen bat ere eduki dugu. Konpartitze horrek elkarrekin hazteko aukera ematen digu, eta hori, agian, ezin duzu beste edozein proiektutan egin. Egoera horrela delako, bakoitzak bere bizitza eta beste mila proiektu ditu… Gustura eskainiko genieke denbora guztiei, baina beti ez da posible izaten.

Nola eragin du konfinamenduak diskoaren ekoizpenean?

I.E.: Diskoaren argitalpena bere horretan atzeratu egin zen. Ezin genuen estudiora joan, eta hortaz, ezin genituen nahasketak egin…

J.Z.: Grabaketekin urtarrilean hasi ginen eta apirilerako aurkezpen kontzertuak eta guztia nahiko lotuta genuen. Bat-batean, ordea, konfinatu egin gintuzten, eta hortik aurrera, ez genekien oso ondo zer etorriko zen. Gure ikara kontzertuak galtzea zen. Gero pandemiak beste albo kalte batzuk ere eduki ditu, jende guztiari eragin diotenak, ez guri bakarrik. Hiruzpalau hilabete galdu ditugu, eta zer? Ez da ezer gertatzen; finean, ez dugu ezer galdu. Are gehiago, diskoaren nahasketa pixka bat lasaiago egiteko denbora eman digu.

Juantxo Zeberio: «Guztion proiektu kutuna da; ez diet gainerakoei ezer kendu nahi, baina nabarmena da» 


I.E.: Esparru guztietan zabaldu da hurrena zer etorriko ote denaren beldur hori. Baina alde ona bilatzen saiatu behar gara, eta denbora hori hausnartzeko aprobetxatu, behintzat.

J.Z.: Guk espero ez genuen single bat atera genuen konfinamenduan. Hain zuzen, Denborak badaki izena duen abestia. Ez genuen bilatu, baina ematen zuen abestia propio horrelako egoera baterako egina zegoela. Hitzak Harkaitz Canorenak dira eta denboraren inguruko hausnarketa jostari bat egiten du. Argitaratzeko momentu egokia zela pentsatu genuen. Jende guztia etxean zegoen, eta zerbaiten inguruan hausnartu badugu, hori denbora izan da: nola pasa denbora, etxean bakarrik edo familiarekin, atera ezinik… kantu horrek horretaz jarduten du. Bideoklip txiki batekin atera genuen eta hortxe hasi zen disko berriaren bidea.

Abuztuan hainbat kontzertu egin dituzue, nolakoak izan dira?

I.E.: Antolaketa aldetik, behintzat, oso onak izan dira, eta oso gustura aritu gara. Nabaritzen da ikuslea ere kultura egarriz zegoela. Emozioz betetako kontzertuak izan dira, oso zainduak.

J.Z.: Normalen udan egiten diren kontzertuak denbora pasarako izaten dira, zentzu positibo batean, noski. Baina hauek plus bat zeukaten, jendea emozioz beteta zegoela nabari zitekeen; eta hori aurpegirik ez genuela ikusten. Begiradek, txalo jotzeko moduek… eskertze moduko bat zuten. Gure aldetik, berriz, kontzertura etorri izana eskertzen genien. Emanaldi bereziak izan dira.


Hurrena urriaren 9an izango da, Tolosan. Nola sentitzen zarete?

I.E.: Gogotsu gaude. Azkenean, hainbeste denbora geldirik egon ondoren, momentu honetan kontzertuak edukitzeak ilusio handia egiten digu.

J.Z.: Opari bat dira. Egindako lanari esker irabazitakoa, baina opariak hala ere. Momentu honetan, gauzak egun batetik bestera aldatzen direlako, eta posible delako, esaterako, gutako bat konfinatzea.

I.E.: Kontzertuak egiteko dugun gogo hori jotzeko garaian islatu egiten da. Bertan sortzen diren energiak, disko berria aurkeztea… Dena oso berezia da. Oso gustura gabiltza.

J.Z.: Aipatu, baita ere, aurreko hiru kontzertuetan material eta kanta berriak jo ditugun arren, diskoaren aurkezpen ofizialaren aurretik egin ditugula; beraz, aurkezpen kontzertu ofizialak orain datozen biak dira. Musikaren arloan garapena eduki dugun moduan, zuzenekoan ere eman dugu. Horregatik goaz argi teknikari berezi batekin, diseinu batekin, proiekzio batzuekin… Ez dugu jendea nahasi nahi, Tenporan garrantzitsuena musika dela uste dugu. Baina kontzertu batera goazenean, guztiak balio du.

I.E.: Kontzertuan zentzumen guztiak bildu nahi ditugu. Gero eta gehiago murgildu, hobeto.

J.Z.: Talde bezala apustu bat egin dugu zuzenean aritzeko, eta apustu hori martxan jarriko dugun tokia Tolosa izango da; Leidorreko saioa izango da estreinaldia.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!