Irabaziz hasi du denboraldia Tolosa CF Eskubaloiak

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 7a, 11:59

1. Maila Nazionaleko eskubaloi taldeak 26-24 irabazi dio ligako lehen partidan Ereintzari.

Garaipenarekin hasi du denboraldia Tolosa CF Eskubaloia taldeak 1. Maila Nazionalean. Ereintza taldeari 26-24 irabazi zion igandean Usabal kiroldegian jokatutako partidan. Gustura dago Jon Iraola entrenatzailea, goiko postuetan egoteko aukerak dituen talde baten aurka irabazi dutelako.

Partida ez zen ondo hasi etxekoentzat, Ander Uranga lehen lerroko jokalari garrantzitsuena laugarren minutuan lesionatu egin baitzen. «Lehen ere talde gaztea badugu, oraindik eta gazteagoekin jokatu behar izan genuen», esan du Iraolak. «Jokalarien erantzuna oso ona izan zen, eta batere lotsarik gabe aritu ziren».

Lehen zatiaren gehiengoa nahiko parekatua izan zen, baina atsedenaldirako 10 minutu falta zirela, lau goleko aldea ateratzen zieten. Hutsartea eskatu zuen Iraolak eta defentsa aldatu zuen. «Oso ondo etorri zitzaigun aldaketa hori eta atsedenaldia baino lehen gol batera murriztu genuen aldea», zehaztu du Iraolak. Bigarrengo zatian, pixkana, defentsa oso ona eginez eta atearen aurrean ondo asmatuz, aurretik jarri ziren markagailuan. «Ez genuen beldurrik izan eta bost goleko aldea izan genuen», esan du entrenatzaileak. «Beraiek abiadura sartu nahi izan zioten jokoari, baina guk ondo heldu genion egoerari, eta ezustekoa eman genuen partida irabaziz. Bi puntu oso onak dira, batez ere indarra emateko moralki aurrera jarraitzeko».

Iraolak nabarmendu du lehen lerroan 18, 17 eta 16 urteko jokalariekin aritu zela taldea jokatzen. «Horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ari garela, eta hankak lurrean izanez, partidaz partida joan behar dugula».

30 jardunaldiko liga dutela ekarri du gogora Tolos CF-ko entrenatzaileak. «Hori betetzen bada apirila bukaera arte partidak izango ditugu astebururo, baina dagoen egoerarekin ez dakit noraino iritsiko garen edo geldiuneak izango diren». Denboraldi berezi honen aurrean, taldeak planteatu du aste bakoitza erabiltzea azkena izango balitz bezala. «Azken finean guri asko gustatzen zaigu gure artean elkartu eta ondo pasatzea, eta gure filosofia hori izango da: aste honetan entrenatu dezakegu eta asteburuan partida dugu, bada, goazen dena ematera».

Helburuei dagokionez, hain talde gaztea izanik, izan dezaketen helburu bakarra «hazten joatea» dela zehaztu du Iraolak. «Gero etorriko dira emaitzak-eta, baina oraingoz egin behar duguna da lana egin eta jokalariak hazten joan». Taldean zenbait aldaketa egin dira, Estanis Arsuaga tolosarrak eta Mikel Mindegia irundarrak utzi egin baitute, eta jubeniletatik Eneko Ortiz anoetarra igo da. Bestalde, aurreko denboraldian taldearekin entrenatzen hasi zen Facundo Peletay argentinarra ere taldean dago; bere herrialdeko lehen mailan jokatzen zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!