«Espero ez nuen mundu batean murgildu naiz eta motibatuta nago»

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 6a, 19:59

Abestiaren letra idatzi eta egun berean grabatu zuen Andrea Vitoriak 'Amaitu da' kantua, bere lehena; laster kaleratuko dituzten lan gehiago prestatzen ari dira orain.

Musika mundura jauzi egin berri du Andrea Vitoriak (Tolosa, 1997). Dantza eta musika, biak ditu gogoko, eta horiek uztartuz jarraitzea du amets. AyVee du izen artistikoa eta Chicjuarezekin batera Amaitu da abestia kaleratu du.

AyVee bezala ezagutuko zaitugu aurrerantzean?

Lagun batzuek horrela deitzen didate dagoeneko, bai. Nire izen eta abizena txertatu nahi nituen moduren batean, bereziki jendeak Andrea edo Vitoria deitzen didalako. Hortik, errimak sortu nahian hasi ginen eta horixe gustatu zitzaidan gehien.

Lehen aldiz murgildu zara musikaren mundura. Nola gertatu da?

Guztia Instagram bidez izan zen; espero gabeko zerbait. Gasteizko ekoizle batek, Chicjuarezek, nirekin kontaktatu zuen eta hasieran ez nuen sinetsi. Egun batean geratu egin ginen, berak musika oinarri bat jarri zidan, eta letra idazten hasi nintzen. Letra idatzi eta zuzenean grabatu genuen. Kanta hau egun bateko gauza izan da.

Nola ez dakizula, abesti bat duzu esku artean.

Niretzat oso arraroa izan da guztia, oso berria. Espero ez nuen mundu batean murgildu naiz, baina asko gustatu zait eta oso motibatuta nago. Gauza berri asko ari gara egiten, beraz, alde horretatik ere pozik nago.

Hasi eta buka zurea da letra?

Berak musika oinarria soilik eman zidan. Eta gaia bion artean zehaztu genuen. Gaur egun maitasun kontuak modan daude eta horri heldu genion. Mundu guztia ari zait galdetzen, baina esan nahiko nuke ez dagoela inori zuzenduta, fikzioa dela.

Zeren inguruan ari zara zehazki abestian?

Jende askok izaten ditu bikote harremanak, eta batzuetan amaitu egiten dira eta ez da erraza izaten horri aurre egitea. Nik abesti honekin esan nahi izan dudana da beti daukagula indarra aurrera jarraitzeko, bakoitzak bere buruarengan pentsatu behar duela, eta indar horiek hartuta topera joan behar duela, guztia atzera utzita.

Aurrez letraren bat idaztera inoiz ausartu al zara?

Lagun batzuk estudio bat daukate eta behin proposatu zidaten kolaborazio bat egiteko, baina esan nien nik ez nekiela idazten. Saiatu nintzen pixka bat, baina kontua ez zen inora joan.

Eta euskaraz egitea hautatu duzu.

Niretzat euskara altxor bat da. Nire egunerokotasunean erabiltzen dudan hizkuntza da gainera. Dantza egitea ere gustatzen zaidanez, eta gaur egungo diskoteketan edo tabernetan ez dagoenez perreo euskaldunik, hori egitea pentsatu nuen eta Chicek animatu egin ninduen.

Musikarekin lehendik kontakturik izan al duzu?

Txikitan solfeoa ikastera joaten nintzen. Pianoan eta abesbatzan ere ibilitakoa naiz. Betidanik gustatu izan zait, baina alde batera utzia nuen. Duela urte bete berriro dantzan hasi nintzen eta neurri batean dantzagatik ere hasi naiz musika munduan.

Behin abestia grabatuta, bideoklipa grabatzera ere animatu zara. Nola egin duzue?

Prozesu oso azkarra izan da hau ere. Ni izan naiz zuzendaria. Astebeteko kontua izan da, jendeari esan, lekua bilatu, bideoklipean ateratzen den kotxearen kontaktua lortu... Pixka bat estresagarria izan da niretzat, azken batean, nik antolatu behar bainuen guztia, dantzariak, koreografia... Baina gero, emaitzarekin oso gustura nago egia esan.

Bideoklipean nabari da dantzaria ere bazarela.

Txikitan balleta egiten nuen eta euskal dantzetara ere joaten nintzen. Urteetan utzita izan dut eta duela urtebete hasi naiz berriro dantzan. Horrek eragina izan du musika mundura egin dudan saltoan. Musika egiterakoan ondo datorkit dantzaria ere izatea, dantza ere egiteko aukera ematen baitit musikak, eta jendeak ere ikus dezake zer egiten dudan.

Neska talde batek egiten duzue dantza bideoklipean. Dantzako kideak dira?

Bai, makina batzuk dira. Izugarri lagundu didate, izan ere guztiok batera osatu dugu koreografia. Zizurkilen elkartu ohi gara dantza egiteko. Dancehalla egiten dugu eta irakasleak beldurrak kentzen eta motibatzen erakusten digu eta pixka bat denetarik egiten dugu. Hor sortutako dantza taldea da eta nire lan gehiagotan ere aterako dira.

Zer moduzko oihartzuna izan du zure lanak?

Ez nuen espero hainbestekoa izango zuenik. Jende asko ari zait idazten, zoriontzen. Oso pozik nago, ni ez bainaiz abeslaria eta bat-batean horrelako booma izateak oso zoriontsu egin nau.

Abesti gehiago badituzue eskuartean?

Jende askok galdetu dit dagoeneko, bai. Sorpresa asko dauzkagu. Momentuz, pare bat kanta grabatu ditugu, baina EP bat ateratzeko asmoa daukagu sei-zazpi abestirekin. Oraindik guztia lotzeko daukagu. Horrez gain, kolaborazioak ere egin ditut, beraz, topera gabiltza. Gauza oso politak datoz.

Lehenengo abestiak gero datorrenaren pistarik ematen al du?

Guk egiten dugun estiloari pamparoso deitzen diogu, baina, bai, musika urbanoa da. Denetarik entzun daiteke, dancehalla, reggetoia, eta flamenko pixka bat ere sortu dugu.

Esan daiteke Tolosan beste artista bat jaio dela?

Ni oraindik ez naiz artista kontsideratzen. Ea nola doan guztia, eta egunen batean hala izatea espero dut. Izan ere, Tolosa beti iruditu izan zait artistaz betetako herria. Horrek asko inspiratzen zaitu eta beti eman izan didate inbidia. Beti pentsatu izan dut gustatuko litzaidakeela zerbait sortzea eta egiten dudana munduari erakustea.

 

Erlazionatuak

Amaitu Da - AyVee x Chickjuarez

Tolosaldeko Ataria 2020 urr 06 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!