Nafarroako 385 txotxongilo Topic-en

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 6a, 17:45

Iaz, Retablo de Figurillas txotxongilo konpainiaren funtsa jaso zuen dohaintzan Nafarroako Gobernuak. Tolosako museoan daude gordeta, eta martxoan irekiko den erakusketa batean egongo dira ikusgai.

Urteurren berezia ospatzen ari da Tolosako Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa. Duela 10 urte inauguratu zen egoitza, eta 10 urte hauetan etengabe hazten joan da. Horren erakusgarri, Nafarroako Gobernuarekin egindako harremana. Izan ere, 2021eko martxoan, Txotxongiloen Nazioarteko Egunaren baitan irekiko den erakusketa baterako zenbait txotxongilo utzi ditu Tolosako museoan.

Iaz, Retablo de Figurillas txotxongilo konpainiaren funtsa jaso zuen dohaintzan Nafarroako Gobernuak, Faro-Bueno familiakoa, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetzen den dokumentalaren zatia. Orotara, 385 txotxongilo eta dokumentalak ez diren beste objektu eszenografiko batzuk dira. Topicen gorde eta erakutsiko dira, Foru Gobernuaren aldi baterako lagapenaren bidez. Lau urtetarako utzi dira, baina beste lau urtetara luza daiteke egonaldia.

Erakusketa martxan jarri aurretik, goizean, museoa bisitatzen eta Nafarroatik ekarritako piezak ikuskatzen izan dira zenbait ordezkari. Ignacio Apeztegia Vianako Printzea Kultur Erakundeko zuzendari nagusia, Joaquim Llanso Nafarroako Gobernuko Artxibo eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Idoya Otegi eta Maria San Sebastian museoko arduradunak, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Izarne Iglesias Kultura zinegotzia izan dira bertan.

Museoko arduradunek, zentroaren barrunbeak erakutsi dizkiete bisitariei, eta besteak beste, museoan dauden zenbait txotxongilo ikusteko aukera izan dute, hala nola, Mariona (Topic museoko zaintzailea), Cojuelo deabrua eta Rosa (Portugalgo garaiko bi txotxongilo), Animalien inauteriaren hezurdura eta garezurra, eta ageriko biltegian dauden Escenas Sanfermineras eta San Fermin.

Beste bat, Okendon

Pasa den ostiralean, erakusketa berri baten aurkezpena egin zuten Donostiako Okendo Kultur Etxean. Hain justu, Gipuzkoako hiriburuko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako Alegiazko izakiak/Seres fantásticos erakusketa diseinatu dute Topic museoko arduradunek. Azaroaren 9ra arte egongo da zabalik 80 txotxongilo biltzen dituen esposizioa. "Horietako erdiak ez dira inoiz erakutsi eta lehenengo aldiz atera dira Topiceko biltegietatik, gizartean aurkezteko irrikaz, museoko pieza gisa", adierazi dute museoko ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!