Aurten ez da Tolosako Herri Krosa egingo

Ataria 2020ko urriaren 5a

Iazko Tolosako Herri Krosean, korrikalariak prest abiatzeko.

Urriaren 12an ospatzekoa zen, baina antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute, "betiere parte hartzaileen osasuna babesteko asmoz".

Ttontor San Estebango Auzokide Kultur Elkarteak antolatzen du Tolosako Herri Krosa, eta aurtengoa ez egitea adostu dute. "Egungo egoera ikusita eta datozen asteetan COVID-19aren egoera zein izango den ez dakigunez, datorren urriaren 12an ospatu beharreko krosa ez egitea adostu dugu, betiere parte hartzaileen osasuna babesteko asmoz", zehaztu dute.

Hainbat astetan, "balizko irtenbideren baten bila gogor lan egin" dutela azaldu dute antolatzaileek, "parte hartzeko asmoa zuten korrikalariak asebetetzeko. Halere, ezin izan dugu eta korrikalari guztiei, ulertuko dutelakoan, eskerrak eman besterik ez daukagu". Hori horrela, XXXIII. Tolosako Herri Kroseko data berria 2021eko urriaren 12a izango dela zehaztu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!