Jose Luis Longaronen erakusketa zabaldu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 3a, 11:59

Azaroaren 14ra arte ikusgai izango dira margolari tolosarraren lanak Aranburu Jauregian. Asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da erakusketa, 17:30eatik 20:30eara.

Atzo ireki zituen ateak iaz zendu zen Jose Luis Longaron tolosar artistaren obrekin osatutako erakusketak, Aranburu Jauregian. Inauguraziorik ez zen egin, egungo testuinguruagatik, baina irekiera ekitaldian izan ziren Olatz Peon Tolosako alkatea, Izarne Iglesias Kultura zinegotzia, Nekane Mateo eta Michel Longaron, margolariaren senitartekoak, eta Josema Gonzalez eta Iñaki Caballero, erakusketaren koordinatzaileak.

Azaroaren 14ra arte izango da ikusgai erakusketa, asteartetik larunbatera 17:30eatik 20:30eara. Artistaren hainbat obra ikusi ahal izango dira Aranburu Jauregiko bi solairutan banatuta. Larrialdi egoerak eskatzen dituen babes neurriak bete eta herritar guztien osasun eta segurtasuna bermatze aldera, solairu bakoitzeko gehienezko edukiera 70 pertsonakoa da; beraz, ezin izango dira 140 pertsona baino gehiago aldi berean erakusketa ikusten egon.

"Tolosa kultur sormenari lotutako herria izan da beti, Jose Luis Longaron bezalako tokiko artista eta sortzaileei esker, beren lana eta sormena herriaren eta herritarren esku jarri dutelako", nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean Peonek. “Horren adibide, kalean, Euskal Herria plazako sabaietan edota udaletxeko hormetan topa ditzakegun Longaronen hainbat artelan”, adierazi zuen. “Handia da artista honek utzitako uzta. Beraz, erakusketa honek balio diezagula Jose Luis Longaron gure artean presente izaten, iaz utzitako hutsunea leuntzen, gizon artista honen itzala ez dadila inoiz itzali".

Ekimen osagarria, Topicen

Jose Luis Longaron Dies Irae musika taldeko kide izan zen, Iñaki Caballero, Txitxo Garmendia eta Jesus Acinekin batera. Erakusketaz gain, eta omenaldi gisa, ekimen osagarria antolatu da urriaren 13rako, Topicen. Extrañeza taldearen ikus-entzunezko muntaia eskainiko da, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!