Tolosa CF Eskubaloiak etxean ekingo dio ligari igandean

Ataria 2020ko urr. 2a, 11:59

Tolosa CF Eskubaloia taldea, 2020-2021 denboraldikoa.

Pixkana martxan jarriko dira eskualdeko taldeei dagozkien kirol ligak, eta lehenengoetakoa eskubaloiarena izango da. 1. Maila Nazionaleko taldeak Ereintzaren aurka jokatuko du igandean, 12:00etan, Usabal kiroldegian. Zaleek ezingo dute joan eta zuzenean eskainiko dute partida taldearen Youtubeko kanaletik.

Taldean zenbait aldaketa egin dira, Estanis Arsuaga tolosarrak eta Mikel Mindegia irundarrak utzi egin baitute, eta jubeniletatik Eneko Ortiz anoetarra igo da. Bestalde, aurreko denboraldian, taldean entrenatzen ari zen eta konfinamenduaren lehen asteburuan debuta egin behar zuen Facundo Peletay argentinarra ere taldean izango da; bere herrialdeko lehen mailan jokatzen zuen.

Lau partida jokatu ditu Tolosak denboraldi-aurrean, eta gustura ekin diote berriro ere baloia hartu eta jokatzen hasteari, esan du Jon Iraola entrenatzaileak. "Pixka bat arraroa ere izaten ari da, ez dugulako entrenatu nahi adina, udalak eta kiroldegiak jarri dituzten neurriak direla eta. Bost egun entrenatu beharrean, hiru entrenatzen ari gara, baina lanean gustura ari gara". Denboraldi-aurreko partidetan denetariko emaitzak izan dituzte. Eibarren aurka gol batengatik galdu zuten; "oso maila oneko taldea da eta guk partida ona egin genuen", esan du Iraolak. Urduliz taldeari etxean gol batengatik irabazi zioten, eta ondoren Barakaldon "egun txarra" izan zuten eta galdu egin zuten. Aurreko astean lagunarteko partida jokatu zuten Ormaiztegin, bi maila baxuagoko taldea baten aurka, eta irabazi egin zuten.

Igandeko aurkariak, Ereintzak, "sekulako denboraldi-aurrea" egin duela azaldu du Iraolak: "Zilar mailako talde baten aurka irabazi dute. Aurreko urteko taldea mantentzen dute eta bi fitxaketa egin dituzte, atezain bat eta Bidasoan jokatzen zuen eskuin hegaleko bat. Partida gogorra izango da igandekoa". Zaleak "tamalez" ezingo direla egon esan du Iraolak, eta ez dakitela noiz izango den aukera harmailetara joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!