Saskiratzeak kulturan

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2020ko urriaren 4a

Duela egun gutxi gizonezko ACB ligako saskibaloi entrenatzaile batek honakoa bota zuen sare sozialetan: «Jendea musika kontzertuetara joaten ari da, ez dut ulertzen gure partiduak ikustera zergatik ez diren etortzen». Pentsatzen hasi nintzen ea konparaketa hori egokia izan zitekeen egun bi aldeek dituzten egoerak alderatuta. Segituan erabaki nuen ezetz.

Bi ikuskizunak aisiarekin lotzen ditugula egia da, baina ezin dira maila berdinean jarri hilabetean kontzertu bakarra emango duen musikaria eta astean bizpahiru partidu jokatuko dituen gizonezko saskibaloi jokalaria. Ez soldatan duten aldeagatik, ez prestaketa lanetan dituzten baliabideengatik ez eta massmedian duten presentziagatik.

Sortzaileek bizi duten egoera zailari aurre egiteko prebentzio neurriak izango dira eraginkorrenak. Kataluniako gobernuak esaterako, kultura «oinarrizko ondasun» izendatu du, pertsonen garapen osoan jokatzen duen garrantzia azpimarratuz. Generalitatearen ustez, kulturak jendartean betetzen duen paperak beste sektore batzuk dituzten laguntzak haina merezi ditu. Honela, bigarren konfinamendu bat izango balitz, musikari, liburu denda, margolari eta abarrek lehen itxialdian jaso ez zuten babesa bermatuta izango lukete.

Kataluniako gobernuak esaterako, kultura «oinarrizko ondasun» izendatu du, pertsonen garapen osoan jokatzen duen garrantzia azpimarratuz


Gurera begiratu eta, sorpresa! Gogoratzen Jaurlaritzak, COVID-19a dela eta zozketa bidez (bai, zozketa bidez…) banatu behar zituen 2,5 milioi euro horietaz? Badakizue zenbat erabili den orain arte? Irakurri dudanaren arabera, partida osoaren %9. Ulergaitza. Lerro hauetatik animoak bidali kulturgintzan aritzen diren guztiei, zuen aldeko saskiratzeak ospatzeko prest gaude!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!