Honelaxe zioen Rohani presidentearen irudia profiltzat zuen gazte irandar batek Facebook-en idatzitako mezuak.
Jakin banekien, orain dela bi urte Nadiv Afkari 27 urteko borroka libreko irandar txapeldunari gobernuko segurtasun saileko pertsona bat hiltzea leporatu ziotela. Irailaren 12an, mezu hura irakurri nuen aldi berean ohartu nintzen azkenik espetxean urkatu zutela. Adituek diotenez epaiketa pantomima hutsa besterik ez zen izan, txapeldunak errudun zela onartu baitzuen tratu txar eta tortura ugari jasan ondoren. Beste behin ere nazioarteko komunitateak bere bizia salbatzeko egin zituen ahalegin guztiak ez ziren nahikoak izan, biktimaren familiak bere aurka ezarritako salaketak soilik onartu zituen epaileak. Haiek ez zioten bizia barkatu, hilik ikusi nahi zuten, hasieratik Navid errudun zela seinalatuz.
"Navid-en hilketak gogorarazi dit badaudela pertsona asko pandemiaz gain beste arazo eta borroka asko dituztenak euren bizitzetan, bai Iranen eta baita hemen ere"
Albistea ezagutu ondoren aurretik irakurritako Facebook-eko mezuari jarraipen bat egin nion erantzunak banan-banan irakurriz. Asko ziren gobernuaren erabakiarekin bat zetozenak, beste hainbeste aurka zeudenak. Nahiz eta jakin nire lagun irandarrek zein iritzi duten islamiar legediari buruz, mugikorra hartu eta mezu bat idatzi nion Arami, nire lagun minari. Hark unibertsitatean klasean zegoen bitartean zuzenean grabaturiko bideo batekin erantzun zidan:
«Ura, ikusten duzu irakaslea? Oraintxe bertan esaten ari dena itzuliko dizut: 'Zuek guztiok ez baldin baduzue legea jarraitzen infernura joango zarete! Jarrera zikinak dituzuenok ez duzue paradisua ezagutuko!'».
Behin eta berriz errepikatzen omen dute berbera gazteak ikaratu eta erlijioa beraiek bezala ulertu dezaten. Hemen ere hala izango zen ziur duela ez hainbeste urte, eta gaur egun ere zenbait kasuetan. Irango gobernuak ordea xaria, lege islamikoaren muturreko interpretazioa, ezarri zuen erreboluzioaren ondoren. Esaterako, homosexualitatea eta adulterioa harrika hiltzearekin zigortzen dira.
Navid-en hilketak gogorarazi dit badaudela pertsona asko pandemiaz gain beste arazo eta borroka asko dituztenak euren bizitzetan, bai Iranen eta baita hemen ere. Ez, ezin ditugu haiek ahaztu.