Tolosako Gizon Taldeak hitzaldi informatiboa eskainiko du urriaren 5ean

Ataria 2020ko urriaren 1a

Eraikitzen ari diren proiektuaren inguruko aurkezpen saioa izango da, 19:00etan, Tolosako Kultur Etxean. Gizontasun toxiko eta genero rolen inguruan gogoeta kritikoa egin eta hainbat ekimen sortzea da taldearen helburua.

2019ko irailean sortu zen Gizon Taldea Tolosan, kazetari baten eta gizarte hezitzaile baten eskutik. Biek ikusi zuten horrelako talde bat sortzeko beharra, maskulinitate toxikoaren eta genero rolen inguruan hausnartu eta berdintasunean oinarritutako ereduak eraikitzeko.

Hasieratik daude Tolosako Asanblada Feministarekin harremanetan eta udalaren Berdintasun Departamentuaren babesa eta laguntza ere izan dute prozesuan zehar. Zazpi gizon daude taldean oraingoz, eta urtebetez helburuak eta lan dinamikak finkatu dituzte. Orain, taldea egonkortu ondoren, multzora batzeko pertsona gehiagoren bila ari dira.

Gizontasun toxiko eta genero rolen inguruan gogoeta kritikoa egin eta hainbat ekimen sortzea dute helburu, eta kideek adierazi dutenez, “gizonezko modura, berdintasun handiagoa duen jendarte bat lortzeko borroka sozial honetan erantzukizuna dugula uste dugu, mugimendu feministarekin elkarlanean. Zentzu honetan, jendarte matxista eta patriarkal honek inposatzen dizkien rolen inguruan hitz egiteko topaketak eta talde dinamikak oso beharrezkotzat jotzen ditugu".

Hain justu, topaketa bat antolatu dute datorren urriaren 5erako, beraientzat aurkezpen saioa izango dena. Taldearen ibilbideaz, helburuez eta lan egiteko moduaz ariko dira, 19:00etan hasiko den hitzaldi informatiboan.

Hitzaldira joateko, beharrezkoa da aurrez izena ematea 670 229 812 telefono zenbakira deituz edo Whatsapp mezua bidaliz. Bestela, berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora ere mezu bat idatzi daiteke. "Gizonezko hitzaren erabilerarekin ez garela gizon cis-heteroei bakarrik zuzentzen. Ez binarioak, trans, gayak eta hetero-normara lotu gabekoak ere barnean sartzen zaituztegu”, azpimarratzen dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!