Elkartasuna, aparretan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 30a, 19:58

Kataluniaren aldeko elkartasun kanpaina bat jarri du martxan Dani Lopez bartzelonarrak; cava kaxak salduko ditu. Torraren gaitasungabetzeak gizartean eragin handia izango duela dio.

Amaitu da Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente izan denaren agintaldia. Urte eta erdiko gaitasungabetzea eta 30.000 euroko zigorra baieztatu zizkion Espainiako Auzitegi Gorenak, Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindu bat garaiz ez betetzeagatik. Atsekabetuta jaso du albistea Dani Lopez bartzelonarrak, baita distantziatik ere, 14 urte baitira Tolosara bizitzera etorri zela. «Oso larria da adierazpen askatasuna defendatzeagatik presidente bat gaitasungabetzea». Une honetan, estrategia bateratu baten aldeko apustua egiten du. «Horren aurrean, herri-mobilizazioan oinarritutako erantzun zabal eta sendo bat baino ezin da eman».

2017ko urriaren 1ean, 1978ko erregimenaren oinarriak astindu zituen autodeterminazio eskubidearen aldeko benetako iraultza demokratikoa egin zuen Kataluniako herriak. «Herritarren mobilizazio masiboa izan zen, modu baketsuan, erabakitzeko eskubideaz baliatuta. Estatuak, horren aurrean, 155. artikulua aplikatu zuen: errepresioa, kartzela zigorra eta erbestea. Harrigarria da independentismoaren parte bat hain xaloa izatea, estatua mahai batean negoziatzera eseri daitekeela pentsatzea. Geroztik, nahasmen orokorra dago alderdi politikoetan nahiz gizarte-mugimenduetan».

Errepresioaren helburua «jendearen artean beldurra sortzea» dela dio Lopezek; «kasu honetan, urriaren 1ekoa berriro gerta ez dadin. Azken hamarkadetan Europan bizitako desobedientzia bakezale ekintza indartsuena izan zen, inflexio-puntu bat. Kataluniarrek beldurra galdu dute, eta preso politikoei eta erbesteratuei babesteko iraultza etengabean daude».

Bertakoa eta onartua

Ondorioz, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko etengabeko elkartasun jarioan, beste urrats bat eman nahi du Lopezek. «Azken urteotan hainbat ekimen egin dira Kataluniaren alde, baina egun bizi dugun egoera ikusirik, zerbait ezberdina egin nahi genuen, sinbolikoa izango zena, herriari keinu txiki bat eginez. Hori dela eta, bertako produktu batez gozatzeko aukera eskaini nahi dugu, ohiko kamisetak eta esteladak albo batera utzita».

Hain justu, Vives Ambros Brut Reserva cava botilen kaxak salduko dituzte. «Kataluniarekin erraz identifikatzen den produktua da, euskaldunen artean onarpena du, eta asko kontsumitzen da. Gainera, Gabonak hurbiltzen ari direnez, nahiko arrakastatsua izan daitekeela uste dugu». 6 botilako kaxak dira eta 45 euro balio du bakoitzak. Kaxaren bat erosi nahi duenak, 666 073 406 telefono zenbakira deitu edo irai.tolosaldea@gmail.com helbidera mezua idatzi behar du.

Bistakoa da Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko lotura ez dela berria. Hala ere, azken urteetako gertakariek lotura hori indarberritu dutela aitortzen du Lopezek. «Kataluniako prozesuak ilusioz, itxaropenez eta alaitasunez busti du euskal gizartearen zati handi bat. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio jendetsuetan eta Kataluniarekiko elkartasunezko ekimenetan ikusi da hori. Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berriak, euskal gatazka politikoa autodeterminazioaren bitartez konpondu ahal izateko itxaropena handitzea ere ekarri du».

Arestian aipatu bezala, distantziatik jarraitzen du Kataluniako egoera Lopezek. Hala ere, hurbil sentitzen ditu bertako lagunak eta familia, eta harremanetan jarraitzen dutela dio. «Batzuetan, une historiko hau lehen pertsonan bizi ezin izanaren pena izaten dut. Era berean, baina, Euskal Herrian, gure etorkizuna erabaki ahal izango dugun eguna iristeko irrikaz nago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!