Koronabirusa

Koronabirusari buruzko beste begirada batzuk

Ataria 2020ko urr. 1a, 07:59

COVID-19ari buruzko beste begirada batzuk eskainiko dituzte Tolosan, hiru hitzaldiren bidez.

Tolosaldeko herritar talde bat elkartu da "koronabirusaren inguruan gertatzen ari den guztiaz hausnartzeko beharrak" bultzatuta, eta hiru hitzaldi antolatu ditu Tolosako kultur etxean. Lehen hitzaldia astelehenean izango da eta Juanjo Martinez kirurgilariak eskainiko du COVID-19a eta osasuna izenburupean.

Euskal Herrian hainbat talde sortu dira koronabirusaren inguruko informazioa eman asmoz eta mizelioetan bildu direla esan dute. Horietako bat da abuztuaren 16an Tolosaldean sortu zena eta 38 pertsonek osatzen dutela esan dute. "Egoera kritiko honen aurrean, komunikabideek ahots bakarra, ofiziala aurkezten digute, eta ez diete ahots desberdinei lekurik egiten. Pentsamendu bakarrera bideratu nahi gaituzte, beraien esanetara jarri", esan dute. Mizelioetan biltzen direla argitu dute eta ikuspegi desberdinak landu nahi dituztela: "Mizelioen helburua jendea elkartzera gonbidatzean datza, gizarte zelulak osatzen joateko; bere buruaren jabe izango direnak askatasunean, osasunean, bizitzan". Beraiekin harremanetan jartzeko Tolosaldeko Mizelio Orokorra telegram-eko taldearekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak.

"Sinestarazi nahi digute arma biologikoak garela, erasotzen dugunak eta erasoak jasan ditzakegunak. Beldurra gorputzean sartu digute, bestela ulertezina da gizarteak nola amen egiten dion esandako guztiari", gaineratu dute.

COVID-19ari aurre egiteko asmoz ezarritako neurrien aurrean zalantzak azaldu dituzte: "Elkarrengandik urrutiratzen bagara eta ez badiogu elkarri eskua, besarkada eman nahi, ezin badiogu elkarri irribarrea ikusi, ezin badugu umeen irribarreaz gozatu, beraien bizi-pozaz asetu, gaixotu egingo gara". Izua sortzeko "interes berezi bat" dagoela uste dute, baina egoera baliatu nahi dute "gure barnean sartzeko eta kontzienteago egiteko, beldurrak gainditzeko, aurrera egiteko... Sinestarazi nahi digutena baino askoz handiagoak gara".

Beste Begiradak hitzaldi zikloa:

 

  • Urriak 5, 19:00etan, kultur etxean: COVID-19a eta osasuna, Juanjo Martinez kirurgilaria eta digestio-aparatuan aditua.
  • Urriak 16, 18:30ean, kultur etxean: Koronabirusaren historia luzea, Sergio Paniagua medikua eta medikuntza biologiko psikosomatikoan aritzen da.
  • Urriak 27, 19:00etan, kultur etxean: Elektromagnetismoa eta osasuna, Asier Arregi geobiologoa, eremu elektromagnetikoan aditua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!