«Espainia osoan zehar bidaiatzeko aukera izan nuen igeriketari esker»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko ira. 30a, 07:59

Duela 50 urte Espainiako txapeldun izan zen Yolanda Vargas igerilari tolosarra; domina eta kopa ugari irabazi zituen, «ehundik gora»; entrenatzaile moduan ere aritu zen.

Yolanda Vargas Pozo (Tolosa, 1954) Espainiako txapelduna izan zen orain dela 50 urte igeriketan, 100 metro bizkar proban gazte mailan. Sortu berria zen Tolosa CF klubeko igeriketa saileko lehena izan zen, ondoren etorri zirenei bidea ireki ziena, kirola egiten eta lehiatzen oso neska gutxi zebilen garaian. Irailaren 18an, mende erdia beranduago, berarekin hitz egin zuen TOLOSALDEKO ATARIAK.

Nola hasi zinen igeriketan?

Berazubiko estadioko kontserjea, Jose Manuel Gorostiaga, nire osaba zen. Zezen plazan bizi nintzen eta denbora asko pasatzen nuen Berazubin. Roberto Jauregi zen kirol gehienetan entrenatzailea eta harekin aritzen ginen batean eta bestean. Igerilekuaren eraikuntzaren pauso guztiak ikusi nituen. Ireki zuten urtean ezin izan nuen joan oso garestia zelako, 200 pezeta kostatzen zen abonua. Aitak lima fabrikan egiten zuen lan eta handik ateratzen zenean egunero eskatzen nion abonua. Azkenean lortu nuen, bigarren urtean. Baina ez nekien igeri egiten eta klaseak ezin nituen ordaindu. Orduan harmailetan eseri eta Ignacio Igea irakasleak ikasten ari zirenei ematen zizkien azalpenak entzuten nituen eta gero nire kasa praktikan jartzen nituen. Igeak ikusi ninduen eta ea taldean sartu nahi nuen esan zidan, klase bat bera ere hartu gabe.


1965eko uztailaren 25ean inauguratu zen igerilekua, Iguaran anaiak izenarekin. Bazkideek dirua jarri zuten eraikitzeko. Edozeinek ez zuen orduan aukera bazkide izateko.

Ez, klub pribatua zen, diru asko jarri zuten bazkideek eta han elkartzen ziren familiak nirea ez zen beste maila sozial batekoak ziren. Tolosa CF-k apustu handia egin zuen igeriketa sailaren alde: entrenatzailea jarri eta igerilari asko elkartu ginen. Urte gutxi barru nire garaipena iritsi zen. Lehena izan zen. Hori izan zen nire meritua. Besteak animatzeko balio izan zuen eta geroztik gehiago izan ziren.

Zein estilotan hasi zinen igeri?

Lehendabizi crol edo libre, mundu guztiak bezala, eta gero gainontzekoak. Berehala hobeto zihoakidana bizkar estiloa zela konturatu ginen, baina bira ematen ikastea asko kostatu zitzaidan. Berazubiko igerilekua 25 metrokoa zen eta bira gehiago egin behar ziren gainera. Behin Igeak biraketa 200 aldiz egitera behartu ninduen. Baina orduan ere ez nuen ikasi. Neguan Donostiako Perlako igerileku estalira (orduan zegoen bakarra) joaten ginen eta han ikasi nuen Anoeta taldeko Iñaki Iurreamendi igerilariarekin.

Lehiatzen hasi eta berehala iritsi ziren garaipenak.

Infantil mailan jada Espainiako txapelketan izan nintzen, Malagan, eta 5. izan nintzen. 1970ean, gazte mailan, Torrentera (Valencia) joan nintzen igeri egitera inongo presiorik gabe, 10.a edo 14.a. izango nintzela uste nuen. Orduan besteen erreferentziarik ez genuen izaten. Goizeko sailkapenetan markarik onena egin nuela ikusi nuenean hasi nintzen sinesten irabaz nezakeela. Arratsaldean izan zen finala eta irabazlea izan nintzen Sara Lang-Lenton eta Ana Dominguez kanariarren aurretik.

Oihartzun handia izan al zuen?

Egunkarietan atera zen albistea, plaka bat jarri zidaten Berazubiko igerilekuan eta Udalak harrera egin zion igeriketa talde osoari.

Eta handik aurrera zer?

Txapelketa askotan parte hartu nuen: Gipuzkoakoak, Euskadikoak (orduan Vasco-navarro deitzen zen), Espainiakoak, Kantauriko Jokoak, euskal selekzioarekin beste komunitateen aurka… Normalean 100 eta 200 bizkar egiten nuen, baina beste probak eta erreleboak ere egin behar izaten nituen taldean. Domina eta kopa ugari irabazi nituen, ehundik gora ditut gordeak. Absolutu mailan Espainiako txapelketan 12.a izan nintzen eta 1'20 marka lortu nuen. 21 urte arte igeri egiten jarraitu nuen, azken hiru urteak Igarondo klubean, Roberto Jauregirekin.

Zein ziren zure taldekide onenak?

Asko izan ziren. Nesken artean Rosa Limousin, Jauregi ahizpak, Tere Lakunza, Herrero... Mutiletan Etxeberria, Ansorena, Gonzalez Esandi eta Orus anaiak eta beste asko. Familia horiek unibertsitate ikasketak egiteko aukera izaten zuten eta normalean adin horretan uzten zuten igeriketa. Ondoren izan dira oso igerilari onak Tolosan: Harri Garmendia Olinpiar Jokoetara iritsi zen, Cristina Aldalur, Arantxa Sarasola, Idoia Gibelalde…

Nola moldatzen zineten entrenatzeko?

Orduan igerileku estalirik ez genuen eta denboraldia oso motza zen, ekainaren erditik irailaren erdira. Forma hartzerako bukatu egiten zen. Neguan Donostiara joaten ginen astean bi aldiz Perlara, baina ordu bakarra, eta kale bakarra genuen hiru klubentzat. Orain urte osoa entrenatzen pasatzen dute, batzuk bekak dituzte eta profesional modura aritzen dira eta gure markak aspaldi hobetu dituzte.

Noren laguntza izan zenuen?

Miguel Ansorena elkarteko lehendakariak asko lagundu zidan, gizon ona zen, lana bilatu zidan Vascosobres enpresan. Eta hango nagusiek, Jose Mari Imaz eta Mugerza, lehiaketetara joateko baimena ematen zidaten beti, soldata galdu gabe. Uda batean erabat igeriketan aritu nintzen, lanera joan behar izan gabe. Haiei esker jarraitu ahal izan nuen. Eta Espainia osoan zehar bidaiatzeko aukera izan nuen: Galizia, Kantabria, Andaluzia, Madril... Garai politak izan ziren. Oso eskertua nago. Orduan inor ez zen auzotik ateratzen, gehienez udan behin Igeldoko parkera joaten ziren nire lagunak.



Eta oso neska gutxi aritzen zen kiroletan.

Bai, igeriketan oso aurreratuak izan ginen. Atletismoan eta saskibaloian ere aritzen ziren orduan. Beste kiroletan askoz ere beranduago lortu zuten presentzia hori. Orain hasi dira pilotan, futbolean eta besteetan ikusten.

Entrenatzaile bezala ere aritu zinen.

Bai, ikastaroak egin nituen Bilbon eta Igarondo klubean aritu nintzen hamar bat urtez. Hor ere atera ziren igerilari onak: Asier Labaien, Mateos anaiak, M. Jose Azurmendi… Txikien mailan Gipuzkoako txapeldun izan ginen. Erlojuaren aurkako kirol indibidualak oso gogorrak dira. Asko entrenatu behar da, ordu eta kilometro asko egin. Taldeko kiroletan, futbolean adibidez, profesionalek 10 urteko kirolari batek baino gutxiago entrenatzen dute. Gustura aritu nintzen haurrekin, baina zuzendaritzako gurasoen arteko lehiekin nazkatuta bukatu nuen.

Orain egiten al duzu igeri?

Ez, erabat utzi nuen. Berazubi dena alanbrez josita eta igerilekurik gabe ikusten dudanean izugarrizko pena sentitzen dut. Eta Igarondokoa Usabalera aldatu zutenean haraino joateak sekulako nagikeria ematen dit. Udan hondartzan edo urtegian bakarrik aritzen naiz pixka bat igeri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!