Autonomiadun erakunde bezala zuen xedea galdu du Iurreamendi egoitzak

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 29a, 07:59

Desegiteari hasierako onarpena eman zioten udaleko azken osoko bilkuran; eskualdaketaren trantsizioa amaituta, aurrerantzean ere Kabia erakundeak kudeatuko du egoitza

2019ko martxoan sinatutako hitzarmen baten bitartez, Tolosako Iurreamendi zaharren egoitzaren kudeaketa Foru Aldundira eskualdatzea ahalbidetu zuen Tolosako Udalak. Langileak, erabiltzaileak eta zerbitzua bere horretan mantendu ziren, eta kudeaketa organoa izan zen aldatu zen bakarra. «Legez, Foru Aldundiaren eskumenekoak dira adineko pertsonentzako egoitza-zentroak; beraz, ezinbestekoa da zentroen eskumena aldundira eskualdatzea», esan zuen Olatz Peon alkateak, Tolosako Udalaren iraileko osoko bilkuran.

Duela gutxi amaitu zen eskualdaketaren trantsizio epea, eta jada Kabia autonomiadun foru erakundeak kudeatzen du egoitza. Ondorioz, autonomiadun erakunde bezala zuen xedea galdu du egoiliarrei zerbitzua eskaintzeko helburuarekin sortu zen Iurreamendi egoitzak. Hain justu, Tolosako Udaleko alderdi politikoek, aho batez onartu zuten azken bilkuran desegite horri hasierako onarpena ematea.

Peonek esker hitzak izan zituen egoitzaren alde lanean ari diren edo aritu direnentzat: «Sortu zenetik, balioan jarri nahi nituzke autonomiadun erakunde honek egindako lana eta ibilbidea, baita aurreko udal ordezkari eta alkateek nahiz egoiliarrek, haien familiek, langileek eta herri ordezkariek egindakoa ere». Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak bat egin zuen esker hitzekin. «Kudeaketa aldundiaren esku geratzen da, baina ez dezagun albo batera utzi bertako langile, egoiliar eta familiekin dugun konpromisoa. Noizbait aldundiarekin bitartekaritza lana egitea egokitzen bada, gure esku dagoena egingo dugu, ez dezatela zalantzarik izan».

Bide batez, bilkura berean, Udal Ondasunen Errolda zuzentzea onartu zen. Hain justu, Iurreamendi egoitzaren eraikinari dagokion zuzenketa bat onartu zuten. «Egoitzaren kudeaketa Kabia erakundearen esku geratu bazen ere, beharrezkoa zen udalak eraikinaren balorazio txostena egitea, ondasun higiezin hori foru administrazioaren esku uzteko», adierazi zuen Xabier Balerdi EAJ-ko zinegotziak. Txostenean jasotako eraikinaren neurketak bat ez zetozenez, azaleraren neurketan zeuden akatsak zuzentzea proposatu zuen.

Elkartasun mozioak

Bestalde, berriki Lesbos uharteko (Grezia) Moriako kanpalekuan gertatutako sutea dela eta, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta errefuxiatuak hartzeko prestutasuna azaltzeko adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez Tolosako udalbatzak. Besteak beste, Tolosa «harrera hiri» izendatu, eta errefuxiatuak hartzeko prestutasuna azaldu du. Gainera, elkartasuna adierazi die haien bizilekuetatik alde egin behar izan dutenei, baita lan egiteko konpromiso bera duten beste erakundeei ere.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du udalak, eta Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei premiazko neurriak har ditzatela eskatzen die, «krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz».

Halaber, urriaren 17ko Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, EAJ eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako mozioa ere onartu zen, EH Bildurena bertan behera geratu ondoren. Alderdiaren izenean, neurri eraginkorragoak hartzea beharrezkoa dela adierazi zuen Pelaezek. «Datu desberdinak, adierazgarriak direnak, azaldu beharrekoak dira, bizi dugun egoera hobetze bidean baino, ezberdintasun eta pobrezia egoera areagotzen ari direlako». Peonek, berriz, eskubideak betebeharrekin lotuta joan behar dutela adierazi zuen. «Jaurlaritzak bete ditzala bere eskumenak, eta ez ditzala udaleko aurrekontuarekin osatu».

Servini epaileari elkartasuna adierazteko mozioa ere onartu zuten, EH Bildu-ko eta EAJ-ko zinegotzien aldeko bozkekin. Joxe Mari Villanueva PSE-EE-ko zinegotziak aurka bozkatu bazuen ere, frankismoaren biktimei erreparazioa eta justizia morala emateko ekimenen aldeko babesa adierazi zuen. «Espainiako Gobernuak giza eskubideekiko eta memoria historikoarekiko izan duen erabateko mespretxua erakusten du», adierazi zuen Xabier Martinez EH Bilduko zinegotziak. «Jada abiatu genuen Erorien Haranean dauden tolosarren hilobiak herrira ekartzeko prozesua», gaineratu zuen Peonek.

Beste zenbait puntu ere onartu ziren bilkuran. Batetik, kultur arloari lotutako bi aurrekontu-kreditu (jarduera sozio-kulturaletan 5.000 euro eta irabazi asmorik gabeko elkarteen partidan 4.000 euro) berriro erabilgarri izatea aitortzeko proposamena. Bestetik, Soldadu kaleko 8. zenbakiko eraikineko terrazen kasuan, udalarena den 48 metro karratuko zatia (soberako lurzatia aitortutakoa) erregularizatzeko espedientea ere onartu zen. Azkenik, Tolosa Lantzen erakundea desegin ahal izateko honek dituen aktibo eta pasiboak udalaren esku uztea onartu zen. Aurrerantzean, erakundeak zituen ondasun, eskubide eta betebehar guztiak bere gain hartuko ditu udalak. Gainera, Tolosako Udaleko Enplegu Planaren barruan, kirol instalazioen kudeatzaile-koordinatzaile lanpostua sortua dago, eta lehiaketa bidez esleitu beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!