'Guztion artean Tolosatzen' prozesuak emandakoa aurkeztuko dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 25a, 07:58

Urriaren amaieran izango da partaidetza prozesuan bildutakoa aurkezteko saioa. Komunitatea sendotzeko ekintza txikien herri aliantza partekatuko da herritarrekin eta datorren urtera begira udalaren asmoak zein diren jakinaraziko da.

Behin uda igarota, eta ekaina eta uztailean egindako Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen prozesuko saioen ostean, ikasturte berriarekin batera, prozesuan zehar herritarrekin landutako gai eta ekimenak aztertzeari ekin dio udalak. Egungo testuinguruan, komunitatea sendotzeko eta 2021 urterako aurrekontuetarako proposamenak herritarrekin lantzeko jarri zen martxan aipatutako proiektua.

6 saio egin dira eta 94 herritarrek parte hartu dute, horietatik gehienak emakumezkoak. Herritarrez gain, ordezkari politikoak zein teknikariak ere izan dira topaketetan. Saio batzuk aurrez aurre egin dira; beste batzuk, berriz, online. Udaletik diotenez, "oso harrera ona izan dute".

Lehen bietan, egoera berri honen aurrean tolosarrak nola sentitu diren ezagutu ahal izan zen. Hurrengoak, aldiz, elkarrekin sortzeko saioak izan ziren, eta gai zehatzagoak landu ziren, hala nola, ongizatea, kultura, ekonomia eta ingurumena. Saio bakoitzak bi zati izan zituen. Lehenean, norbanako gisa bakoitza zer egiteko prest dagoen landu zen, eta bigarrenean, Tolosa hobe bat eraikitzeko esparru publikotik zer egin daitekeen.

Ekintza txikien herri aliantza

Norbanakoen konpromisoa sustatzea ere izan du helburu prozesuak, elkarlan publiko-komunitarioa sustatzeko. Tolosa eraldatu, suspertu eta hobetzeko, eta bereziki komunitatea sendotzeko, saioetako ekarpenak kontuan izanda ekintza txikien herri aliantza osatzen ari da udala. Horren bitartez, tolosarrek beren egunerokoan komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko keinu txikiak egin ahal izango dituzte.

Urriaren amaieran, ekintza txikien herri aliantza herritarrekin partekatzeko aurkezpen saioa egingo da; ondoren, gizarteratu egingo da, tolosar guztien atxikimendu eta konpromisoa lortzeko helburuarekin. Saio horretan, datorren urtera begira udalaren asmoak zein diren ere jakinaraziko da. Aste honetan hasi dira udal sail guztiak prozesuan zehar jaso diren proposamen eta egitasmoak aztertzen, horiek 2021 aurrekontuetan txertatzeko asmoz.

Haurren Hiria eta Tolosatzen

Aurtengo Haurren Hiria egitasmoa ere eraberrituta dator. Guztion artean Tolosatzen prozesuak izan duen harrera ona ikusita, formatu bera erabiliko da Haurren Hiria proiekturako. Hortaz, testuinguru eta egoera honetan nola sentitu diren eta sentitzen ari diren aztertuko da Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleekin, eta proposamen ezberdinak landuko dira, atzeman dituzten gabezietatik abiatuta.

Azkenik, udan egindako saioetan identifikatutako beharrak kontuan izanda osatuko da 2020-2021 ikasturterako Tolosatzen Eskola Irekiaren egitaraua, iaz ezarritako 3 ardatzak mantenduz: trebakuntza eta ahalduntzea, komunitatea indartzea eta elkar-ezagutza sustatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!