GOGO ETA GORPUTZAK

Lehen berrogeialdia

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2020ko ira. 28a, 08:58

Lehena diot, berrogei egun zer dira ba bizia eman berri duen emakume batentzat? Garai batean berrogeialdia matriarkatuak gidatu eta zaindutako denbora espazioa zen. Emakumea zaindu, hilabete luzez bere gorputzak egindako lana erditze erraz edo mamitsu batekin borobildutako etapatik errekuperatzen lagundu, haur jaioberriaren erritmoak ezagutu eta amarekin sinkronizatu etab. Eta egun? Ezagutzen duzue lehen berrogei egun famatuak bere burua zaindu, indartu, errekonozitu edota bere burua maitatzen pasa dituen ama berririk?

Ez da erraza egungo gizartean lehen berrogei egunak (eta ondorengo berrogeiak, eta ondorengoak…) modu horretan bistaratzea. Publizitateak edota hainbat pertsonaia publikok erakusten duten erditze ostea ez delako guztiz erreala gehienetan, eta ez, ez naiz kritika errazetan eroriko. Sakonago noa guzti honekin. Norbaitek galdetzen al dio erditu berriari zer behar duen? Agian behar horietatik errazago sortuko litzateke benetako zaintza.

Erditu berri batek deskantsua behar du. Erditu berri batek ondo elikatua izan behar du. Erditu berri batek triste eta nekatuta sentitzen dela esateko askatasuna behar du. Erditu berri batek zaindua izaten uzten ikasi behar du. Delegatzen. Erditu berriak baditu beldur berriak: nola asmatuko dut nik hainbeste maite dudan txiki hau hazten eta hezten? Gaur ere eguna joango ote zait ezer egin gabe? Eta bakarrik nagoenean zer? Non dago lehen nintzen hura? Non nago?

Kuriosoa da. Zaintzaz hitz egiten dugun aldiro, emakumea eta errekonozimendu falta agertzen dira. Eta ausartuko nintzake errekonozimendu falta norberagandik hasten dela esaten. Isileko lana, itzalpekoa, hogeita lau orduko lana. Haur bat elikatu, zaindu eta maitatzea. Oinarrizko funtzioak, biologia. Etengabeko lana, orduz ordu, egunez egun, urtez urte. Autoexijentzia tarteko, zerbait produktiboa egiteko ahaleginetan dabilen ama berria, ohartu gabe etengabeko produkzioan dagoela bere kumea zaintzen ari den bitartean. Badira bere lan onaz ohartzen diren amak ere, hauetako asko ordea alboan dutenaren errekonozimendua oihu isil batean erreklamatzen. Behin eta berriz ateratzen da gaia kontsultan, behin eta berriz lagunartean.

Ezagutzen duzue lehen berrogei egun famatuak bere burua zaindu, indartu, errekonozitu edota bere burua maitatzen pasa dituen ama berririk?


Ez du asko laguntzen zaintzarako ditugun baliabide eskasiak, lana eta familiaren kontziliazio zailtasunak, edertasun kanon zorrotzak, norbera sentitzeko denbora ezak. Duela egun batzuk halako esperimentu bat egitera ausartu nintzen, ni, neure burua errekonozitzea askotan kostatzen zaion ama. Galdera-eskaera ireki batean, erditze osteko norbere irudia publikatzera animatu edo ausartuko liratekeen galdetu nien sare sozialetako jarraitzaileei. Erantzunak bata bestearen atzetik. Argazkiak ere bata bestearen atzetik. Eta batik bat ildo bera jarraitzen zuten mezu ugari: ez nuen uste ausartuko nintzenik inoiz horrelako argazki bat bidaltzera. Nire gorputza erabat aldatuta, kosta egiten zait maitatzea, kosta neure buruari denbora tarte bat eskaintzea, baina hain nago harro egin dudanaz...

Galdera-eskaera ireki batean, erditze osteko norbere irudia publikatzera animatu edo ausartuko liratekeen galdetu nien sare sozialetako jarraitzaileei


Autoexijentzia aipatu dut. Ama ona. Langile ona. Maitale ona. Zein ondo zauden haur bat izateko. Ez dirudizu hiru umeren ama zarenik. Ene, berriro haurdun? Eskatu gabeko gomendio, iritzi eta askotan epaiak berrogeialdian hasi eta amaiera gabe. Ez dut uste mundua aldatuko dudanik, baina agian, hau irakurritako norbaitek ulertuko nau eta agian hau irakurritako norbaitek aurrean duen ama berriari ez dio estereotipatutako komentariorik egingo, eta ziurrenik zoriondu egingo du, etengabe egiten ari den lan bikainagatik berrogeialdian hasi, eta etengabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!