Kulturgintzan dabiltzan gertukoak ere larri. Eta ez ote dugu behar, diote, gorputzarentzat ez ezik arimarentzako janaria? Ez ote ditugu behar munduan egoteko metafora eta sinboloak, istorioak eta kantuak? Eta zenbaitek galdetzen dute zer gertatuko den gizarte laguntzekin, genero politikekin, migratzaileez akordatzen al garen, zahar egoitzez, eta honetaz eta besteaz, etxegabetzeez, buruko gaixotasunak dituztenez... Eta osasungintzaz zer esan, eta Tolosaldean gainera lehendik datorren pribatizazioaren arazoa konpondu gabe. Puf, hauek lanak!! Bakoitzak baditu bere penak eta bere arrazoiak. Denok gabiltza «ez gaitzazue ahaztu» esanez bezala. Eta beldurra ematen du irudikatzeak krisia bihur daitekeela pastelaren apurrak lortzeko lehia bat. Gu gaude okerren, lehentasuna hauxe da, eta besteena gerorako!
Errealitatea zatikatuta ulertzera ohituta gaude, eta nekeza zaigu osotasuna ikustea. Gezurrezko aukeratu beharretan erortzen gara maiz. Non hago, zer larretan, borrokaleku guztiak gurutzatzen diren tokia? Nola sortu erresistentzia eta erresilientzia sare bat enbataren aurrean, denon artean adosteko norabide aldaketa nola eta norantz egin nahi dugun?
Eta euskarari, ilarako azken putzen arteko kide beteranoetako bati, zer leku emango diogu saltsa honen erdian? Nola zabaldu hizkuntzaren etxea, herritarren elkargune eta territorio libre izan dadin? Honezkero entzuna dugu guztiontzako bizitza duinen ideiak bere baitan daramala hizkuntza-eskubideen defentsa, eta alderantziz. Eta badakigu, jakin, konfinamenduak hizkuntzaren normalizazioari ere eman diola kolpea. Inoiz baino hobeto ikusi genuen zein garrantzitsuak diren euskara erabiltzea ahalbidetzen duten espazioak, zein ezinbestekoa zubiak sortzea, familietan euskararekin kontakturik ez duten haurrei aukerak eskaintzea, eta abar. Etxezuloan egonik ere, segituan hasi zen jendea sortutako gabeziei irtenbideak eman nahian. Benetan txalogarria.
Aizue, gauzatxo bat, orain une zailetan gaudenez, euskal hiztunak fruitu lehorretako garbantzuak bezala tratatuko zaituztegu, existituko ez bazinete bezala
Ordea, botere guneetatik iritsi zitzaigun mezua ez zen bide beretik joan. Horrelako zerbait helarazi ziguten: «Aizue, gauzatxo bat, orain une zailetan gaudenez, euskal hiztunak fruitu lehorretako garbantzuak bezala tratatuko zaituztegu, existituko ez bazinete bezala. Edo, ontziteria dotorea nola, pixka baterako armairuan gordeko zaituztegu. Baina egon lasai, iritsiko da ateratzeko unea, hortaz ez etorri orain porsako ematera, lehenagoko lanak baditugu eta».
Baina, txikitan esaten genuen bezala, «Hori tranpa da!». Izan ere, hizkuntza-eskubideak oinarrizko eskubideak direla esan, baina gero, txapel baten gisan jantzi eta eranzten baditugu, ba igual txapel baten antz handiagoa izango dute eskubide batena baino. Lehendik ere ezaguna zaigun tranpa da, gainera.
Esaten dute une garai zailak datozela, bidegurutze batean gaudela, gauza asko daudela jokoan. Nik neuk, egiari zor, egunetik egunera gutxiago ulertzen dut dena. Auskalo. Baina arrazoia badute, orduan are indar handiagoz eutsi beharko diogu salbatu nahi dugun guztiari. Euskararen bueltan ere 'bidegurutze' eta 'saretze' bezalako hitzak dezente entzuten dira. Hortaz, armairuan zain geratzeak ez dirudi ideia ona denik. Axularrek ere aspaldi abisatu gintuen!