Zilbor-hestea moztu zigutenetik, gure gorputzak zeharkatu dituzten beldur horiek guztiak hamaika eratan sailkatu daitezke. Multzokatze mota horien artean bada bat, oinarri-oinarrizkoa, izua bi bloketan ardazten duena: ekidin daitekeena eta saihestezina.
Gure herrian COVID19-aren bisita izan dugunetik, tentu handia izan dut beldurraren kulturarekin, saihestu daitekeen eta ekiditea komeni den horrekin. Eta atletismoko pistan nola, saltatu ditut bidean sortu diren eta jarri dizkiguten hesi guztiak; shock-aren doktrinari ihesi, pandemia baina abiadura handiagoan zabaltzen ari den izua atzetik nuela, haserretutako zezen bat bezala.
«Nik ez dut beldurrik sentitzen» esan dut, ez behin, eta ez bitan; hamaika bider. Zaurgarri ez izatearen edo sentitzearen pribilegiotik ari nintzen. Baina, halako batean, aterik jo gabe sukalderaino sartu da mamua, gertuko familia ukitzeraino. Ohartzerako deseraiki du urte erdi honetan indartsu eta konfiantzaz altxatutako hormatzarra. Eta jabetu naiz jada ezer ez dela berdin izango.
Beldurraren, erantzukizunaren eta bizitza bizitzearen arteko oreka bilatzea da erronka. Slackline batean ibiltzea, edo antzerako zeozer
Aurrean harrapatzen duen guztia irensten duen tsunami bat bezalakoa da, dena baretu arte ez baitakizu zein izango diren ondorioak. Horrek ezinegon handia sortzen du; ez baita berdina beldurra izatea erortzeari, edo erorketak ondoren utziko dizun orbainari. Horri gehitu kolpe fisiko eta mentala, gehitu bi asteko isolamendua, gehitu senide bat ingresatuta egoera kritikoan —ezin ikusi, ezin ukitu—, beste hainbat familiarteko eta lagun gaixorik, gehitu zama soziala, zaintzaren kudeaketa...
Begiak erabat irekitzeko bi metrora arte hurbildu behar izan zait. Ez da nigana ailegatu oraindik birusa, baina nigan dago. Beldurra erraietan. Noiz arte? Auskalo. Irentsi dut dagoeneko, orain ez gaitzala beldurrak gu irentsi. Gogora datorkit Karlos Linazasororen esaldi bat: «Bizitzeko jaio gara». Ez zaio arrazoirik falta. Beldurraren, erantzukizunaren eta bizitza bizitzearen arteko oreka bilatzea da erronka. Slackline batean ibiltzea, edo antzerako zeozer.