Emakumeen jabetzea eta parte hartze politikoa sendotzeko, 22 jarduera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 23a, 15:35

Tolosako Jabetze Eskolak egitarau zabala antolatu du urriaren 6tik martxoaren 10era, etorkinentzako gune berezi batekin; izena aurrez ematea eskatzen dute.

Emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko guneak dira Jabetze Eskolak, gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko helburua barne biltzen duena. Ez da ohiko prestakuntza leku bat. Mugimendu Feministak garatutako jakintza eta ekoizpen kolektiboa, eta partekatutako metodologia erabiltzen dira. Emakumeek nahiz sexu-joera edo sexu-genero identitate askotariko kolektiboek bizi duten menpekotasun errealitateari izena jartzea, auzitan jartzea, eta irtenbideak proposatzea ahalbidetzen du metodologia horrek.

Esperientziak eta jakintzak partekatzeaz gain, diskurtsoak nahiz aldarrikapenak ekoiztea dira asmoak. Munduaz dugun pertzepzioa aldatuko digun, eta aldi berean, mundua aldatzeko tresnak emango dizkigun esperientzia bat bizitzea, alegia. Tolosan ere bada horretarako aukera, eta beste urte batez, Tolosako Jabetze Eskolak prest du 2020ko bigarren ziklorako ekitaldi sorta. Urriaren 6tik martxoaren 10era bitarte luzatuko den egitarau zabala osatu dute. Aurkezpen ekitaldia, berriz, urriaren 7an egingo dute, berdintasunaren aldeko musika emanaldi batekin.

Guztira, 17 jarduera antolatu dituzte. Horietan, ikastaroen, tailerren, emanaldien eta hitzaldien bitartez, arlo eta dinamika desberdinak jorratuko dituzte. Esaterako, kultura, artea, osasuna, emozioak, indarkeria sexistari aurre egiteko esperientziak eta maskulinitate tradizionalak deseraikitzeko moduak.

Bestetik, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, udaleko Berdintasun Sailaren laguntzaz, jatorri ezberdineko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun gunea jarriko du martxan: Guretzako. Bost jarduera ezberdin izango dira, eta espazio honekin harremanetan jartzeko, 646 057 080 telefono zenbakira deitu, edota migrazioa@tolosaldea.eus helbidera mezua idatzi behar da.

Saio edo tailer bakoitza hasi baino bi egun lehenago amaituko da izena emateko epea, Tolosako Kultur Etxean; izena emateko orduan ordainduko da matrikula. Ekintza guztietarako, gainera, doako haurtzaindegi zerbitzua egongo da; nahi duenak, aurretik izena emanda egin beharko du eskaera. Informazio gehiago eskatzeko, 943 670 383 telefono zenbakira deitu edota berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezua idatzi behar da.

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira. Ziklo honetarako, ordea, plaza kopurua eta ikasgelen edukiera mugatu dituzte, egun bizi dugun osasun egoera dela eta. Egoera aldatuko balitz, jarduera edo saio batzuk modu birtualean eskaini ahal izango dira. Telematikoki parte hartzeko, ordenagailu edo telefono mugikor bidezko wifi konexioa beharko da.

TOLOSAKO JABETZE ESKOLA, URRIA-MARTXOA

Musika

Urriak 7. Berdintasunaren aldeko musika emanaldia, 18:30ean, kultur etxean. Musikariak: Ane Urbizu (akordeoia) eta Itziar Vargas (biolina). Aurkezleak: Goiuri Eceiza eta Ainhoa Zaragueta.

Urriak 6 eta 20, azaroak 3 eta 17, abenduak 15 eta 22, urtarrilak 12 eta 26, eta otsailak 9 eta 23. Batukada feministaren ikastaroa, astearteetan (18:30-20:30), San Esteban Auzo Elkartean, Arantxa Vicedok eta Ainara Sarasketak gidatuta. Matrikula: 10 euro.

Urriak 28. Emakumeei eta musikari buruzko elkarrizketak eta aldarrikapenak saioa (18:30-20:30), kultur etxean. Hizlariak: Elene Arandia, La Basu, Natalia Garmendia, Miren Narbaiza, Olatz Salvador eta Ane Urbizu. Dinamizatzailea: Miren Aranguren.

Literatura

Urriak 8 eta 29; azaroak 5; abenduak 3 eta 17; urtarrilak 7 eta 21; eta otsailak 4 eta 25. Euskarazko emakume idazleen irakurketa feminista taldea, ostegunetan (18:00-20:00), Udal Liburutegian, Kattalin Minerrek gidatuta. Matrikula: 5 euro.

Urriak 14; azaroak 18; abenduak 16; urtarrilak 20; otsailak 10; eta martxoak 10. Mertxe Tranchek Munduko emakumeen literaturari buruzko saioak eskainiko ditu, asteazkenetan, (18:00-20:00), Udal Liburutegian, gazteleraz. Matrikula: 5 euro.

Indarkeria

Urriak 7, 14, 21 eta 28; azaroak 4, 11, 18 eta 25; eta abenduak 2. Del maltrato al buentrato: construyendo proyectos personales y colectivos de buentrato ikastaroa, asteazkenetan (15:00-17:00), Pepa Bojoren eskutik. Matrikula: 10 euro.

Abenduak 1. Indarkeria matxistei aurre egiteko esperientzia kolektiboak bilduko ditu Farapi Kooperatiba Elkarteak. 18:00etatik 20:00etara izango da mahai ingurua, kultur etxean, eta gazteleraz. Doakoa izango da, baina parte hartzeko aurrez eman behar da izena.

Bestelako saioak

Urriak 8, 15, 22 eta 29. Zu zaindu, neure burua zaindu: nork bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasi tailerra, Kontxi Lopezen eskutik, ostegunetan (15:00-17:00), kultur etxean. Matrikula: 5 euro.

Urriak 13 eta 15. Mikel Otxotorenak, maskulinitate matxistak deseraikitzeko baliabide eta tresnak azalduko ditu (18:30-20:30). Matrikula: 5 euro.

Urriak 13, 20 eta 27; azaroak 3, 10 eta 17; eta abenduak 15. Xilografia tailerra Oihana Ugarteren eskutik, astearteetan (18:00-20:00), kultur etxean. Matrikula: 5 euro.

Urriak 21. Laura Muelasek eta Aintzane Artolak, bularreko minbiziaren zenbait ideia azalduko dituzte, euskaraz eta gazteleraz, 18:00etan hasita. Aurrez eman behar da izena.

Urriak 23 eta 24. Autodefentsa feministari buruzko saioak, Maitena Monroyren eskutik, gazteleraz. Matrikula: 5 euro.

Urriak 28. Gizonon sexualitatea: gorputza, emozioak eta indarkeriaren haragiztatzea izeneko saioa, Ibai Fresnedoren (Hiruki Larroxa Kolektiboa) eskutik, 18:30eatik 20:30eara, kultur etxean, euskaraz. Doan bada ere, aurrez eman behar da izena.

Azaroak 3, 10, 17 eta 24. Nerea Redondok, Aldaketa honen aurrean, orain zer? izeneko ikastaroa eskainiko du, astearteetan (10:00-12:00), euskaraz. Matrikula: 5 euro.

Azaroak 4; abenduak 2; urtarrilak 13; otsailak 5; eta martxoak 3. Wikipedian genero arrakala gainditzeko lantegia: Tolopedia ikastaroa, Aiora Mujikaren eskutik, asteazkenetan (18:00-20:00) eta euskaraz. Matrikula: doan.

Azaroak 11. Gizonon desjabetzeruntz hitzaldia eskainiko du Ibai Fresnedok (18:30-20:30), kultur etxean, euskaraz. Doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena.

Azaroak 23 eta 30; eta abenduak 14. Emozioak sormenaren bidez kudeatzen izeneko tailerra eskainiko du Leire Markinezek, astelehenetan (15:00-17:00). Matrikula: 5 euro.

Guretzako gunea

Urriak 8, 22 eta 29; azaroak 5. Askoa Etxebarrieta La Pulgak, flamenko ikastaroa eskainiko du, ostegunetan (18:00-20:00), kultur etxean. Euskaraz eta gazteleraz izango da, eta doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena.

Urriak 10. Enpatia-zirkulua zaintzen diren/duten emakumeentzako tailer praktikoa, Elena Egiguren eta Leire Inzaren eskutik, 16:30ean, kultur etxean. Euskaraz eta gazteleraz izango da. Aurrez eman behar da izena. Matrikula: doan.

Urriak 24. Lo que dejamos atras cuando migramos hitzaldia eskainiko du Norma Vazquezek, gazteleraz. 16:30ean izango da, kultur etxean. Doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena (emakume etorkinek izango dute lehentasuna).

Azaroak 6. Atzerritarrei buruzko legeak emakume etorkinen bizitzan duen eraginari buruzko hitzaldia SOS Arrazakeriaken eskutik, gazteleraz, 18:30ean. Aurrez eman behar da izena. Matrikula: doan.

Azaroak 14. Urrutiko amatasunari buruzko hitzaldia, Norma Vazquezen eskutik, kultur etxean, 16:30ean , gazteleraz. Doakoa bada ere, aurrez eman behar da izena (emakume etorkinek dute lehentasuna).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!