Espazio publikoak erabiltzeko baimena, ikastetxeentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 22a, 15:00

Herriko hiru ikastetxeekin bildu da udala, beharrak gertutik ezagutu eta eskariei erantzuteko; parkeak, plazak nahiz udal eraikinak erabili ahal izango dituzte.

Iazkoa amaitu baino lehen ere aurreratzen zuten aurtengo ikasturtea berezia izango zela ikasle nahiz irakasleentzat. Berezia eta ezohikoa izaten ari da hezkuntza zentroetarako itzulera. Zenbait herritan, eskoletako espazioak txiki geratzen zirela eta, herriko espazio publikoak erabiltzen hasi dira ikasle eta irakasleak. Eskualdearen kasuan, herri txiki askotan ikusi da hori.

Bada, Tolosan ere hasiak dira ezohiko egoerara egokitzen, eta ikasleei aukera berriak eskaintzen. Izan ere, udalak hainbat bilera egin zituen herriko hiru ikastetxeekin ikasturtea hasi haurretik, izan zitzaketen espazio-beharrak ezagutzeko eta euren eskariak entzun eta erantzunak emateko. «Egungo egoeran, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea» azpimarratu du Olatz Peon alkateak. «Ikasturteari berme guztiekin aurre egiteko, laguntzeko prestutasun osoa azaldu diegu, udal baliabideak eta espazio eta eraikin publikoak erabiltzeko aukera eskainiz».

Gauzak horrela, ikastetxe bakoitzaren beharrak kontuan izanik, eskola orduetan eremu eta eraikin ezberdinak erabiltzeko aukera eskaini zaie, eta espazio horien erabilerari buruzko plangintza zehatza osatu dute. «Zein eremu erabiliko duten, zein ordutan, zein talderekin eta noren ardurapean erabiliko dituzten zehaztu du ikastetxe bakoitzak».

Tolosako Udalak ondorengo espazio publiko eta udal eraikinak jarri ditu ikastetxeen eskura: Elosegi parkea, Amarozko baso eskola, Usabal kiroldegia, Berazubi estadioko frontoia, Zabalarreta parkea, Agaramundu parkea, Izaskun auzoko parkea, Iurreamendiko baratzeen alboko eremua, Alondegia plaza eta San Esteban auzoko parkea.

Leku estaliak ere bai

Eusko Jaurlaritzak eskola eta jarduera gehienak aire librean egiteko gomendioa luzatu du, eta horregatik, udalak, herriko parke eta plazen erabilera baimendu du eskola orduetan; eguraldi txarra egiten duenean, espazio estaliak erabili ahal izango dituzte, hala nola, Berazubi auzo elkarteko lokala, Berazubi estadioko atletismoko estalpea, Amarozko auzo-etxea, musika eskola eta kultur etxea.

Halaber, alkateak jakinarazi du Uzturpeko teilatua berritzeko lanek iraun bitartean, estalki bat jarriko dela eskolako jolastokian, Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleen erabilerarako.

Ondorioz, udalak herritarrei jakinarazten die eskola orduetan herriko ikastetxeek izango dutela espazio publiko horiek erabiltzeko lehentasuna. «Arduraz jokatzeko eta eskola-taldeak errespetatzeko eta ulertzeko eskatzen diegu tolosarrei. Ikasturte berezia izango da denontzat, eta ikastetxeek beharrezkoak dituzten baliabideak euren eskura jartzeko prest gaude, ikasle zein irakasleen segurtasuna bermatu eta eskolak baldintzarik onenetan eman daitezen», adierazi du Olatz Peon alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!