Asteburuko gertaerak salatu eta gaitzetsi ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 21a, 15:22

Larunbat gauean, ertzainek eta udaltzainek 150 pertsonako talde bat sakabanatu behar izan zuten Antonio Lekuona kalean. Horrez gain, herritar talde bat hondakin edukiontziak botatzen eta autoetako leihoak apurtzen aritu zen.

Larunbat gauean, ohiko ikuskaritza lanak egiten ari zirela, Antonio Lekuona kalean jende multzoa zegoela ikusi zuten zenbait udaltzainek. Ertzaintzari abisua eman ondoren, gunera bertaratu ziren. Udaletik adierazi dutenez "bertan zeuden 150 herritar sakabanatzera joan ziren, kontuan izanda, debekatuta dagoela 10 lagunetik gora biltzea, bai espazio publikoan baita etxeetan ere. Horrez gain, gau osoan zehar, herritar batzuk hondakin-edukiontziak lurrera botatzen eta zenbait autoetako leihoak apurtzen aritu ziren".

Udalak larunbateko gertaerak salatu eta gaitzetsi nahi izan ditu. "Batetik eta guztion segurtasuna bermatu ahal izateko, osasun larrialdi egoera honetan ezinbestekoa delako indarrean dauden neurriak errespetatzea eta jende pilaketak ekiditea. Bestetik, horrelako jarrera eta gertaerek ez dutelako lekurik. Horrelako jokabideak onartezinak dira eta neurriak hartuko dira".

Elkar errespetatzeko deia

Larunbateko gertaerez gain, azken hilabeteotan herriko kaleak pintaketez eta pankartez josita ere agertu direla salatu nahi izan du udalak. "Ahalegin berezia egiten ari gara horiek garbitzeko, dagoeneko egoerak eskatzen dituen garbiketa lan sakonez harago, egunetik egunera agertzen diren pintaketak garbituz".

Halaber, urtean pintaketak garbitzera 64.000 euro bideratzen direla jakinarazi nahi izan du udalak, "diru hori beste proiektu edota neurri batzuetara bideratu daitekeenean". Horregatik, ekintza horien egileei "hausnartzeko" eskatzen diete udaletik, "gainerako tolosarrengan pentsatzeko, gastu hori ekidin daitekeelako eta beste proiektu edota laguntza batzuetarako erabili, are eta gehiago egungo testuinguruan, beharrek izugarri egin dutelako gora".

Azkenik, bizikidetzarako eta egoerari aurre egiteko mezua zabaldu nahi izan du udalak: “Egoera ez da erraza, ez haur, ez gazte, ez heldu, ez guraso, ez langile, ezta autonomoentzako ere, baina guztiak ari gara ahalegin izugarria egiten egoerara egokitzeko. Ezinbestekoa da elkar errespetatu eta zaintzea, arriskuak ekidin, kutsatzeak murriztu eta egoerari aurre egin diezaiogun. Bideratu ditzagun gure indarrak eta baliabideak aurrera egitera eta laguntzera, ez beste ezertara” azpimarratu dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!