Desira puztu dezakeen bidaia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 18a, 07:59
Fadoak entzuten zituen gizona obrako aktoreak, Topic zentroan. J. A.

Xake Produkzioak konpainiak gaur aurkeztuko du Leidor antzokian bere azken obra: Fadoak entzuten zituen gizona, maskulinitateari buruzko usteak eta dudak jorratzen dituen antzezlana. Topic-en egin dute azken egonaldia, eszenografiarekin entsegu orokorrak burutzeko.

Luzaroan itxaroten egon ondoren, hemen da Xake Produkzioak antzerki-konpainiaren azken obra: Fadoak entzuten zituen gizona. Gaur iluntzean izango da antzezlanaz gozatzeko aukera, Tolosako Leidor antzokian, 20:30etik aurrera. Getari Etxegaraik zuzentzen du obra, eta Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreek hartzen dute parte.

Kamioi gidaria da Mario. Bakarrik bizi eta beti dabil errepidean aurrera eta atzera. Hala ere, albiste lazgarria ezagutu berri du, eta Portugalgo sorterrira itzuli nahi du gurasoei jakinarazteko. Ander, berriz, neska lagunarengandik banandu berria da. Haur bat dute elkarrekin, eta bere ardura zen asteburuan haurra zaintzea, baina fado abeslaria denez, Huelvako Ayamonte herrian ospatzekoa den lehiaketara doa. Behatza luzatu, eta Mario gelditu zaio kamioiarekin. Bat-batean, lehendik elkar ezagutzen dutela ohartzen dira.

Getari Etxegarai: «Mutilei, oro har, gehiago kostatzen zaie sexualitateaz hitz egitea, askotan, batzuen maskulinitatea zalantzan jartzeraino» 

Lotura emozional txiki bat duten bi pertsonaiek pare bat egun iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Gaztelako lurretan elurte handi bat egongo da, eta errepidean harrapatuta geratuko dira. Zirkunstantzia horrek sortzen duen intimitateari eta elkarrekin pasatzen duten denborari esker, harreman oso berezia sortuko da bi mutil hauen artean eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango die.

Konpainiako kideek bidaia berezi bat bezala deskribatzen dute obra. «Obra guztiak bidaia bat izaten dira, baina hemen bereziki, mota askotako bidaiak daude», aipatzen du Etxegaraik. «Obra guztietan dago zerbaiten edo norbaiten transformazio bat, baita hemen ere», gehitzen du Errastik.

Feminizatutako kantu mota bat

Maskulinitatea jorratu nahi du obrak. Gizarteak maskulinitateari jartzen dizkion ezaugarriei buruz galdetu, eta kontraesanak sortu. «Ez da asko jorratuta ikusten den gai bat; hasieratik, gainera, umore askorekin lantzeko helburua genuen. Kosta zaigu estiloa erabakitzea eta fintzea, baina uste dut emaitza txukun bat lortu dugula».

Kepa Errasti: «Publikoak pentsa dezala, hausnartu dezala gaiari buruz, deskolokatu dadila aurkezten dugun egoera apurtzailearekin»

Heziketatik eta gizarteak behartutako arauen eraginez, mutil edo gizonezko askoren baitan errotutako maskulinitatearen ezaugarriak ez-baian jarri nahi dituzte, ustekabeko gertakarien bitartez. Izan ere, gertakari pare batek egoera aldatuko die Anderri eta Mariori. «Obran zehar norabide aldaketa politak daude, baita sorpresa ugari ere, ikuslea deskolokatzen dutenak», nabarmentzen du Errastik. Gainera, eskemak apurtze hori «oso ondo» landu dutela dio Etxegaraik.

Hala ere, historia idazten hasteko lehen helduleku nagusia fadoa izan zen. Honela azaltzen du Errastik: «Honako hau irakurri nuen behin artikulu batean: maskulinitate berriak fadoaren munduan. Portugaldik kanpo, mundu mailan, fadorik ezagunenak emakumezkoak zirela esaten zen bertan. Eta hori zergatik izan zitekeen galdetuta, bada, fadoetan abesten ziren kantuak maitasunaren ingurukoak zirela eta oso melankoliatsuak zirela zioen. Hori dela eta, aukera polita iruditu zitzaidan maskulinitatea fadoen munduan txertatzeko».

Betiko eskemak apurtu nahian

Mutilen arteko harreman batean oinarritzen da antzezlana. Egoera horri buruz galdetuta, dagoeneko izateko modu batzuk oso barneratuta ditugula dio Etxegaraik, batez ere, mutilen artean. «Gehiago kostatzen zaie, adibidez, sexualitateaz hitz egitea, askotan, batzuen maskulinitatea zalantzan jartzeraino». Errastik, berriz, harreman horiek beste modu batekoak izaten direla dio. «Oso gertu daude maskulinitatea eta orientazio sexuala, baina ez dira gauza bera. Kasu askotan, homosexuala dena gertuago egon daiteke emakumeari lotzen zaizkion izateko moduekin, baina ez du zertan horrela izan behar».

Baina, eta zein da gizarteak berak maskulinitateari buruz duen ikuspegia? Aurreiritziz beteta bizi al gara? «Zoritxarrez, gizartea bera, oro har, oso klasikoa da, pentsamolde klasikoa dugu denok», dio Etxegaraik. Hori dela eta, obraren bitartez, «publikoak horretan pentsa dezala, hausnartu dezala» nahi dute. «Deskolokatu dadila aurkezten dugun egoera apurtzaile honekin. Inkontzienteki, uste duguna baino patroi zorrotzagoak ditugu, modu finko batean pentsatzera eramaten gaituztenak. Bada, horrekin apurtu nahi dugu», gaineratzen du Errastik.

Elkar talka egiteko sortuak

Hori lortzeko, pertsonaien diseinuak eta aktore bilaketak «sekulako lana» eskatu diela aitortzen dute biek. «Hori izan da zailena», aitortzen du Errastik. «Gure artean ere sortu dira eztabaida batzuk, adosterako orduan batez ere, eta beraz, prozesua interesgarria izan da» dio Etxegaraik. «Gauzak asko aldatu dira, guztion artean joan gara aldatzen. Izan ere, garbiago genuen gertatuko zena, pertsonaiek egoeren aurrean izango zuten erreakzioa baino».

Izaerari erreparatuta, gizonezko bi pertsonaiak guztiz ezberdinak dira. Txarli Andrade idazleak berak buruan zuen talka egingo zuten bi pertsona izatea. Emozioak erakusten ez dituen gizon hotz eta azkarra da Mario, eta gordetzen badu ere, homosexuala da. Ander, berriz, heterosexuala da, oso emozionala, sentimenduek gaina aise hartzen diotena eta fado kantari fina. «Justu sentsiblea dena ez da homosexuala, eta homosexuala dena da gizonezko ohiko itxura duena», nabarmentzen du Etxegaraik.

Hirugarren pertsonaia bat ere bada antzezlanean: Masku. Beste bi pertsonaien artean eragin handia izango du, gorabeherak sortuz eta egoerak guztiz aldatuz. «Pisu izugarria du obran», dio Errastik. Etxegaraik, berriz, aitortzen du «benetan bera dela protagonista handiena». Pertsonaia horrek, gainera, absurdorako eta surrealismorako bidea emango du. «Berez ez da existitzen, nahiz eta bakoitzaren buruetan badagoen», dio Etxegaraik. «Eskemak apurtzen dituen pertsonaia da, hortaz, gogo handia dut publikoarengan nolako eragina duen ikusteko». Txarli Andrade idazlea bera litzateke laugarren pertsonaia, baina sekula ez da ikusten. Hain justu, idazlearen txotxongiloa da Masku, baina txotxongilo bihurria, harietarik libratzen saiatzen dena.

Publiko aurrean, bigarren aldiz

Arestian aipatu moduan, gaurkoa izango da obraren estreinako emanaldia, udazkeneko birari ekin aurretik. Hala ere, ez da Tolosan eszenaratuko duten lehen aldia izango, izan ere, ekainean hiru astez izan ziren Topic zentroan, testuaren zirriborro txiki bat egiten. Uztailean, berriz, Miarritzen izan ziren, Théâtre des Chimères konpainiaren espazioan, eta bertan jendaurrean entsegu ireki bat egiteko aukera izan zuten. Asko lagundu zietela aitortzen du Etxegaraik. «Eszenografia amaitu gabe ere, obra osorik erakutsi ahal izatea eta feedback hori jasotzea oso aberasgarria izan zen. Une egokienean egin genuen».

Azken asteetan Topic-en izan dira berriro, hirugarren eta azken sorkuntza-egoitzan, entsegu orokorrak egiteko. Egonaldi honetan, batez ere eszenografiarekin aritu dira lanean; hori izan da azken ukitua. Gainera, Etxegarairen eta Errastiren ustez, garrantzi berezia izango dute erabiliko dituzten elementuek. «Obrak behar duen magia ematen die», dio zuzendariak. Aktorearen ustez, «bere berezitasuna du, identitate propio bat ematen diolako obrari eta estetikari, eta kontatu nahi dugun horren barruan, zentzua ematen dio». Musikak eta argiztapenak ere garrantzi handia izango dute, besteak beste, kamioiko bidaia irudikatzeko.

Gaurko emanaldiaren inguruan, urduritasuna nabari duten galdetuta, bietako inork ez du ezeztatzen. «Batez ere gogotsu gaude, publikoa behar dugu, jendea. Urduritasun puntu bat ere beti da beharrezkoa, bestela gure lanbide honek ez du zentzurik», aitortzen du Etxegaraik. Leidorreko saioaren atzetik, emanaldi gehiago etorriko dira. «Udazkeneko bira ere etor dadila, ezer aldrebesten ez bada behintzat, emanaldi ugari ditugu eskaintzeko, eta beraz gogotsu gaude», gehitzen du Errastik.

FITXA TEKNIKOA

Egileak: Kepa Errasti eta Txarli Andrade.

Zuzendaria: Getari Etxegarai.

Antzezleak: Iñigo Aranbarri, Ane Gabarin eta Kepa Errasti.

Argi diseinua: David Alkorta.

Eszenografia diseinua: Eider Ibarrondo.

Musika: Pascal Gaigne.

Ekoizpena: Xabier Ormazabal.

Eszenografia errealizazioa: Eskenitek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!