Gehiegizko ordena eta desordena

Erabiltzailearen aurpegia Rocio Fraga Vazquez 2020ko ira. 20a, 20:58

Boligrafoa hartu eta zerbait idaztekotan eseri naiz. Bai, oraindik arkatza eta papera alde batera utzi nahi ez dituen erresistentziaren parte naiz. Fundamentuzko lerro batzuk idazteko desioarekin jarri naiz mahaian, hemendik aurrera beste lan batzuetan arituko bainaiz, eta gero arte polit bat esateko hitzen bila nabil. Baina ez diot denon ahotan dabilen gaiari heldu nahi, zer esan egon badago, eta asko gainera, baina merezi duen garrantzia kentzeko intentziorik gabe diot, bizitza badagoela Koronabirusaz gain.

Beraz, idazteak daukan gaitasun terapeutikoari heldu eta nire barrenean bueltaka dabiltzan sentipenei aske ateratzeko aukera eman diet. Eta zein izan da azaleratu zaidan lehen sentsazioa? Ezegonkortasuna. Gizartean bizi dugun egoera berri honek zenbat kalte egin didan hausnartzen hasi naiz, momenturo zer gertatuko den jakin gabe bizitzeak goitik behera astindu nau, eta ez dut uste bakarra naizenik. Gizakiok segurtasuna eta aurreikuspena oinarrizko behar bezala dauzkagu, eta behar horiek asetzeko, edozeri heldu diezaiokegu.

Fundamentuzko lerro batzuk idazteko desioarekin jarri naiz mahaian, hemendik aurrera beste lan batzuetan arituko bainaiz, eta gero arte polit bat esateko hitzen bila nabil

Garai hauetan, arau zorrotz eta funtzionamendu sistematikoei jarraituz bizitzen ikasi behar izan dugu, pandemiari aurre egiteko edota itxurazko segurtasun bat bilatzeko. Besarkadak, gertutasuna, irribarreak… bukatu dira dagoeneko, eta faltan botatzen ditut, baina egoerari aurre egiteko dela pentsatuz, egunkariei eta sare sozialei begirada bat bota diet, neurri hauen eraginkortasuna baieztatzen duten tituluen bila. Eta buru-nahastea handitzea besterik ez dut lortu, etengabe iritzi, teoria, argudio… desberdinak argitaratzen baitira, eta nik behintzat ez dakit zeri jaramon egin eta zeri ez. Zentzuzko irtenbide bakarra gobernuen komunikazio ofizialei kasu egitea dela dirudi, baina batzuek daukaten curriculuma ikusita, egia esan ez didate konfiantza handirik merezi.

Azken lerro hauek idazten nagoela, oraingoan ere birus madarikatu honek tranpan harrapatu nauela ohartu naiz, behin eta berriz eguneroko solasaldietan azaltzen den mintzagaia errepikatuz. Hankaz gora jarri dizkigu bizitzak pandemia honek, baina aldi baterako soilik, edo bizimodua aldatuko digun aro berri baten ateetan al gaude? Maskararik gabeko irribarreak aurki ikusteko itxaropenarekin, amaierako puntua ipini dut; esperantzari esker irriño ttiki bat marraztu dute nire ezpainek ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!