Kultura sustatzen jarraitzeko hamaika ekitaldi, udazkenean

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 16a, 19:59

Herriko kultur talde eta eragileekin batera, egitarau zabala osatu du Tolosako Udalak. Leidor aretoan izango dira saioak, egoerak eskatzen dituen babes neurri guztiak hartuta.

Tolosako kultur talde eta eragileek herrian kultura sustatzen jarraitu nahi dute. Horrela, udako hilabeteetarako egin bezala, udazkenekoetarako ere egitarau zabala osatu dute, Tolosako Udalaren laguntzarekin. «Udako egitarauak izan duen harrera ona eta arrakasta kontuan hartuta, udazkenean ere herriko artisten lana balioan jarri nahi du udalak», adierazi du gaur eguerdian Izarne Iglesias Kultura zinegotziak.

Iglesiasek adierazi duenez, udalak «ahalegin berezia» egin du, «beste urteetan baino egitarau zabalagoa osatuz». Guztira, 1.200 pertsona inguru gerturatu dira udako saioetara. «Tolosarrek kulturaz gozatzeko aukera izan dute, segurtasun berme guztiekin». Aurreikusitako ekitaldi ia guztiak gauzatu ahal izan dira, bi izan ezik: Dantzpoint eta Jai el Marinero txotxongilo ikuskizuna. «Horiek aurrerago egitea da udalaren asmoa».

Guztira, hamaika saio izango dira datozen hilabeteetan, musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen egitaraua osatuz, «Tolosa herri bizia izan dadin eta herritarrei askotariko kultur eskaintza luzatzen jarraitzeko asmoz». Ostiralean izango da lehen saioa, eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da egitaraua. Iglesiasek zehaztu duenez, «tokiko taldeak izango dira ikusgai».

Kulturzale txartelik ez, oraingoz

Emanaldi guztiak ere, adin guztietako pertsonei zuzendutakoak dira. Hori bai, edukiera kontrolatu eta egungo egoerak eskatzen dituen babes neurriak bermatu ahal izateko, Leidor aretoan izango dira, «artista zein ikusleen segurtasunerako».

Bestalde, oraingoz ez da Kulturzale txartelik eskuratzeko aukerarik egongo. «Hala ere, zinemarekin egin moduan, eskaintza berri bat jarriko da martxan, epe jakin baterako kultur ikuskizun kopuru mugatu bat ikusteko deskontu handiekin». Bien bitartean, ekitaldietarako sarreran internet bidez eskuratu ahalko dira, Kutxa Sarrerak atarian.

Norberak bere alea

Iglesiasez gain, Xabier Ormazabal Xake produkzioak konpainiako ekoizlea, Elene Arandia Tenpora taldeko abeslaria eta May Gorostiaga antzezlea eta umoregilea ere izan dira aurkezpenean.

Ostiralean izango da Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanaren estreinaldia, Leidorren. «Maskulinitate mota ezberdinak zalantzan jarriko dituen obra izango da, umore ukituekin», zioen Ormazabalek. Tenpora taldeak, berriz, bere hirugarren diskoa kaleratu du gaur, eta urriaren 9an aurkeztuko dute. «Berriro asma nazazu izena izango du, eta guretzat estreinaldia izango da leku itxi batean disko bat aurkeztea», zioen Arandiak. Bestetik, Ahoz aho jaialdian eta Amarozko Antzerki Astean ospatu gabeko saioak berreskuratuko dituzte udazkenean. Gorostiagak Tortell Poltrona antzezlana izan du hizpide: «Bizi osoan irribarrea banatzen aritu da mundu osoan. Ikuskizun familiarra da, esketx ezagunekin osatua; zuzeneko masterclass bat».

Udazkeneko egitaraua:

  • Irailak 18, ostirala. 20:30. ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzezlana, Leidor aretoan.
  • Irailak 25, ostirala. 20:30. ‘Losers’ antzezlana, Leidor aretoan.
  • Urriak 9, ostirala. 20:30. Tenpora musika taldearen kontzertua, Leidor aretoan.
  • Urriak 16, ostirala. 20:30. Viaje al fin de la noche ikuskizuna, Leidor aretoan.
  • Urriak 23, ostirala. 20:30. Kukai taldearen ‘Gauekoak’ ikuskizuna, Leidor aretoan.
  • Urriak 24, larunbata. Ordua zehazteke. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen Bizi Poza ikuskizuna, Leidor Aretoan.
  • Azaroak 6, ostirala. 20:30. Kamerata Euskdivarius: ‘Beethovenen 250. urteurrena, 1.go sinfonia’, Leidor aretoan.
  • Azaroak 13, ostirala. 20:30. Adriana Bilbaoren Eclat ikuskizuna, Leidor aretoan.
  • Azaroak 20, ostirala. 20:30. Utzi zure mezua seinalea entzun ondoren saioa, Leidor aretoan.
  • Azaroak 27, ostirala. Ordua zehazteke. Tortell Poltrona ikuskizuna, Leidor aretoan.
  • Abenduak 11, ostirala. 20:30. Zaldi urdina antzezlana, Leidor aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!