«Txikitatik edozein jokalariren helburua maila profesionalera iristea da»

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 16a, 11:59
Argazkia: Prensa A.D. Alcorcon

Profesional mailara egin du jauzi Ander Gorostidi futbolari tolosarrak, Alcorcon taldearekin fitxatuz. Gustura dago aukera horrengatik, eta bere maila erakusteko gogoa duela azaldu du.

Realean hainbat urte egon ondoren, azken lauak bigarren taldean, bigarren mailako Alcorconera joan da Ander Gorostidi (Tolosa, 1996) futbol jokalaria.

Nola izan da fitxaketa?

Lehenengo kontaktua Alcorconekin konfinamenduaren amaieran izan zen, Sanserekin entrenatzen ari nintzela. Lehen minututik gustatu egin zitzaidan taldea. Oso talde familiarra eta umila da, eta alde horretatik gogo handiz ibili naiz azken hilabeteetan hona etortzeko. Azkenean suertatu da eta oso pozik nago.

Besta aukerarik izan duzu?

Bigarren B mailako talderen batzuk eta bigarren mailako beste talde batek ni fitxatzeko interesa agertu dute, baina uste dut Alcorconekin asmatu dudala eta oso gustura nago.

Zer topatu duzu talde berrira iristerakoan?

Etorri baino lehenago, Realean oso ondo hitz egin zidaten talde honetaz. Realeko jokalari ohiak ere izan dira hemen. Esan bezala, talde familiarra da, oso umila, eta oso gertuko jendea dago hemen.

Realean urte batzuk eman dituzu, ezta?

Alebinetan sartu nintzen, hamabi urterekin, eta hamahiru denboraldi egon naiz. Azken lau urteak Realeko bigarren taldean egon naiz, bigarren B mailan, eta gorabehera handikoak izan dira. Lehenengo bi urteetan batez ere lesioak izan nituen, eta ez nuen jarraitutasun hori izan ez zelaian eta ezta taldekideekin ere, eta gogorra izan zen. Hirugarren denboraldian ere lesio txiki bat izan nuen, eta nahiz eta partidak jokatu, jarraitutasuna falta zaizuenean ez zara gai ehuneko ehuna emateko. Azken urte honetan, Xabi Alonso entrenatzaile zela, lesioek errespetatu egin naute, maila ona eman dut, eta sari moduko hau etorri da.

Hainbeste urte Realean pasa ondoren, azkenenean lehen taldera ez duzu igaro ahal izan.

Realekoa naiz txikitatik eta edozein jokalariren ametsa da zure klubean lehenengo mailara iristea. Aukera izan nuen bere garaian, entrenatzen-eta ibili nintzen, baina ez da erraza. Kalitatezko jokalari asko daude, eta horrela da futbola.

Nola definituko zenuke zure burua jokalari moduan?

Lehenbizi, jokalari langilea, taldeko jokalaria naizela esango nuke. Zelai barruan ibilbide askoko jokalaria naizela esan daiteke, bai defentsan eta baita erasoan ere.

Alcorconen ze rol izango duzu?

Uste dut taldeko jokalari guztiak zerotik hasten garela. Ni batez ere egunerokotasunean zentratzen ari naiz, astero ahal dudan maila onena ematen, asteburuan parte hartzeko. Badut gogoa nire balioa erakusteko eta titular izateko borrokatuko dut.

Asteburuan jokatu duzue ligako lehenengo partida, eta golik gabe berdindu duzue Mirandesen aurka.

Batetik kontentu etxetik kanpo puntua lortzeagatik, ez baita erraza. Bestetik, sentsazio arraroarekin geratu ginen, ez ginelako gure futbola egiteko gai izan, batez ere taldea ez dagoelako ehuneko ehunean. Denboraldi-aurre ezohiko bat eta gero, partida bakarra jokatuta joan ginen, eta hori nabaritu zen. Nahiz eta sufritu, ondo lehiatu ginen eta gai izan ginen atea hutsean uzteko, eta hori oso positiboa da.

Hasieratik jokatu zenuen. Nola izan zen zuretzat debuta?

Alde pertsonaletik kontentu nago bigarren mailan debuta egiteagatik, liga profesionalean. Amets bat egi bihurtu da. Bestetik, sentsazioak ez ziren oso onak izan. Denoi gustatzen zaigu ehuneko ehuna ematea partida bakoitzean, eta ezin izan nuen. Nabaritzen nuen martxotik ez nuela partida ofizialik jokatu, eta gainera maila berri batean. Sufritzen jakin nuen, taldeari lagundu nion, eta kontentu nago puntu hori lortu genuelako.

Ze asmo du taldeak denboraldi honetarako?

Bigarren maila oso zaila da, eta printzipioz klub gehienen helburua, eta baita gurea ere, mailari eustea da. Behin mailari eutsita, denborak eta sailkapenak esango digu nora begiratu behar dugun.

Aurrera begira, zein dira zure asmoak futbolean?

Lehenik eta behin, txikitatik edozein jokalariren helburua maila profesionalera iristea da. Ez da erraza, eta oso kontentu nago horregatik. Pertsonalki nire helburua da urtetik urtera pertsona bezala zein jokalari bezala pausoak ematen jarraitzea, eta ea posible den lehen mailan jokatzeko ametsa betetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!