Kultur etxeko ikastaroetan izena emateko epea, zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 15a, 19:57

12 ikastaro eskainiko dira: bederatzi kultur ikastaro, eta gazteei zuzendutako hiru. Orain arteko ikasleek irailaren 18ra arte dute matrikula egiteko epea, eta ikasle berriek irailaren 21etik 25era.

Kultura Sailak iazko eskaintza mantendu du. Antzerkia, argazkigintza, dantza garaikidea, ehoziri lanak eta patchwork-a, pintura/marrazketa eta zeramika ikastaroak izango dira helduentzat. Haurrentzat, berriz, baleta eta eskulanak. Bestalde, Gazteria Sailetik eskainitako jardueretan berrikuntzak daude aurtengo eskaintzan. Argazkigintza urbanoa gauez eta Ligthpaintinga, joskintza (patroigintza eta moda diseinua) eta shuffle dantza ikastaroak izango dira. Euskaraz izango dira eta 16-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo dira.

Egungo egoera dela-eta, ordutegiei dagokionez aldaketarik ere bada. Izan ere, ikastaroetan parte hartuko dutenen segurtasuna bermatzeko, ikasleen presentzia matrikulan hautatutako ordutegira mugatuko da. Hau da, bakoitzari dagokion ordutegiaz kanpo ezingo da kultur etxera joan.

Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko aukera dute izena emateko. Iazko ikasleek ostiralera arteko epea izango dute, ikasle berriek, berriz, irailaren 21etik 25era. Kultura ikastaroetan izena eman nahi dutenek online egin behar dute, www.tolosa.eus web orrian. Gazteei zuzendutako ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, berriz, e-mailez egin beharko dute, Tolosako Udalaren webgunean dagoen matrikula orria bete eta, gazteria@tolosa.eus helbidera bidalita. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek eta matrikula online egiteko aukerarik ez dutenek kultur etxean ere egin dezakete izen ematea, aurrez telefonoz (943 670 383) hitzordua hartuta.

Gazteria saileko ikastaroak lehen eskola egunean ordainduko dira, kreditu txartelarekin. Kulturakoetarako aukera ezberdinak daude, eta ordainketa bakarrean edota bi zatitan banatuta egin daiteke.

Informazio gehiago nahi dutenek, www.tolosa.eus webgunea bisitatu, kultura@tolosa.eus edota gazteria@tolosa.eus helbide elektronikoetara mezua idatzi edota 943 670 383 zenbakira deitu dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!