Koronabirusa

"Ez dakigu noiz lan egin ahal izango dugun, egiterik badugu"

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 15a, 13:05

Zuzeneko emanaldietako teknikariek denbora daramate pandemiaren eraginez bizi duten egoera "larria" salatzen. Diru laguntzetatik kanpo geratu dira asko; tartean, Leire Salamanca tolosarra.

Argi teknikaria da Leire Salamanca Tarragona (Tolosa, 1976). Autonomoa da denboraldiaren arabera. Pandemia hasi baino lehentxeago, martxoaren 7an, autonomo bezala baja eman zuen eta ez du aukerarik izan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atera dituzten diru laguntzetan apuntatzeko. Hiru-lau kontzertu zituen aurreikusita martxoan, baina, momentu horretan kontraturik ez zuenez, aldi baterako erregulaziorik gabe geratu da. Horixe da Salamancaren eta beste hainbeste teknikariren egungo egoera. 

Zein egoera bizi duzue, gaur egun, zuzenekoetan aritzen zareten teknikariek?

Oso larria da egoera. Gure sektoreak betidanik bizi ditu egitura ahuldura eta segurtasun juridiko eza. Muntaietan lan egiten nuen garaian, esaterako, gure hitzarmena metalarena zen, nahiz eta zerikusirik ez izan. Kontua da, oraindik ez daukagula guretzako aproposa den hitzarmenik, eta hori lortu nahi dugu krisi honen ondoren, gremio edo sektore bakoitzak bere hitzarmena izan dezala. Teknikariaren, produkziokoaren edo musikariaren lana ez da berdina, beraz, hori erregulatu nahiko genuke. Behintzat segurtasun pixka bat eta lasaitasun gehiago izan dezagun.

Asko zarete lan horretan aritzen zaretenak.

Jende asko dabil bai, izugarri. Esaterako, ni ibiltzen naizen biretan, lau dira musikariak eta sei lagun inguru gara teknikari lanetan atzean aritzen garenak.

Eta asko diru laguntzetatik at geratu zarete.

Baldintza asko daude gure lanaren barnean. Baldintza horiek guztiak begiratu beharko lituzkete agintariek. Egoera gainera etorri zaie haiei ere, baina uste dugu momentu egokia dela eskatzen duguna eskatzeko. Udaberri hasieratik udazken erdialderaino izaten dugu lan gehien. Eta uda honetan, adibidez, bi kontzertu soilik egin ditut; bata Torrelavegan, eta bestea Bilbon. Urrirako ere bi kontzertu nituen aurreikusita, baina bat dagoeneko erori zait. Oso desesperagarria da, epe mugagabea duen egoera bat baita. Ez dakigu noiz lan egin ahal izango dugun, egiterik badugu. Gauza oso beltz ikusten dugu.

Zuetako askok beste nolabait bilatu behar izan du aurrera egiteko modua.

21 urte daramatzat argiztapen teknikari gisa lanean. Martxotik inongo diru sarrerarik gabe geratu naiz. Egia esan ohituta nago irabazitako diru pixka bat gordetzen, izan ere, gure lana horrela da, dagoenean badago, eta ez dagoenean ere bizi egin behar izaten dugu. Eskerrak askotan familia ondoan dudala, baina, hori epe luze batean ere ez da posible. Nire kasuan, behartuta aurkitu naiz beste lan bat aurkitzeko, eta eskerrak horri.

Izan ere pandemiak zuen jarduna bete-betean eten du.

Aurretik lan mordoa genuen. Geroz eta jaialdi gehiago, handiagoak, ari dira egiten; lehendik daudenak hazten ari dira, eta alternatiboak diren jaialdi txiki gehiago ari dira sortzen. Beraz, lan faltarik ez genuen. Hiru musika talderekin nabil birak egiten eta kontzertu mordo bat nituen aurreikusita aurten. Golpe handia izan da denontzat.

Irailaren 17rako mobilizazioak aurreikusi dituzue. Zer egingo duzue?

Bai, asmo horretan gabiltza. Alerta Gorria mugimendua, mundu mailako mugimendu bat da, egungo gure egoerari ikusgarritasuna ematen saiatzen ari dena. Guztiok bat egitearren, estatu mailan ere mugitzen ari da. Irailaren 17an mobilizatuko gara. Informazio gehiago alertarojaeventos.com webgunean aurki daiteke. Bilbon mobilizazioa eta kontzentrazioa egingo dira egun horretan. Materiala gordetzen dugun kaxekin hilerri moduko bat egitea da asmoa eta manifestua irakurriko dugu. Edukiera mugatua izango du, beraz, izena eman beharko da webgunean joan nahi bada. Gasteizen ere kontzentrazioa egingo da, mobilizaziorik gabe. Donostiako kasuan ere bada mugimendua, baina denbora gutxi izan dugu guztia antolatzeko eta talde egonkorrik momentuz osatu ez denez, beste hiriburuetara mugituko dira. Orokorrean, musikarekin zerikusia daukaten eraikuntzak, udaletxeak, kultur etxeak, antzokiak... gorriz janzteko deia luzatzen ere ari gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!