Feminismotik sormenera

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 12a, 15:55

Galtzaundi Euskara Taldeak gaur egin du Sormenetik egitasmoko ikasturte berriko lehen saioa. Uxue Alberdi eta Eider Rodriguez idazleak izan dira gonbidatuak. Feminismoa erdigunean jarrita, euren bizipenez, sormen prozesuez, bizitzan zehar ezarritako mugez edota askatasunaz aritu dira, beste gai askoren artean.

Alberdik eta Rodriguezek lan bana idatzi dute Susa argitaletxeak saiakera feministez osatutako Lisipe bilduman: Kontrako eztarritik (2019) izenekoa Alberdik eta Idazleen gorputzak (2019) izenekoa Rodriguezek. Erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzen ditu Lisipe bildumak, eta emakumezko idazleen lanak barne biltzen ditu.

Gaurko saioan, hain justu, bi idazlan horiek izan dituzte ardatz, eta Ane Urkola anoetarraren galderei eta ekarpenei tiraka, ordubete inguruko solasaldi entretenigarria eskaini dute. "Gustura eta lasai aritu gara. Gai honekin, gainera, berotu egiten gara, eta denbora falta izan zaigu agian azaltzen saiatu garen kontzeptu guztiak ahalik eta hobekien azaltzeko, baina hala ere, eroso sentitu gara".

Askatasuna, neurtu ezinezko tresna

Askatasuna izan da solasaldian zehar gehien errepikatu den kontzeptuetako bat. Alberdik aipatu du idazle nahiz bertsolari bezala, sortzerako garaian, "kontu handiz" ibili behar izaten dela, esatera edo idaztera zoazen hori bota aurretik buelta batzuk eman behar zaizkiola. "Are gehiago, emakumea zarenean"

"Zenbateraino garen aske? Neurtzen oso zaila den zerbait da. Askatasun ariketa modura hartzen dugu sortze prozesu oro, idazterakoan nahiz kantatzerakoan. Zer esan eta nondik esan nahi duzun bilatzen hasten zara". Ariketa edo prozesu horretan, baina, kolpeak jaso daitezkeela ere aitortu du. "Ez du esan nahi beldurrik ez duzunik. Ikusten ez dituzun kolpe horien aurrean ere autodefentsa mekanismo batzuk aktibatzen zaizkigu".

Sortzearen sentimendu kontrajarriak

Mugak ere izan dituzte hizketagai. Gizonezkoen ondoan duten ahalmena ez dela berdina, edo gizonek pentsatu dezaketena emakumezkoek ezin dutela pentsatu ere esan izan dietela nabarmendu dute biek. Muga horiek ezarrita, gainera, feminismoaren gaiari tiraka sortzea beharrezkoa dela aitortu dute. Hala ere, prozesua nekeza dela ere nabarmendu dute. "Azpiratze sistema guztiak iraultzeko ariketa da nekeza. Nekeza, eta aldi berean, askatzailea, konplizeak bilatzera, zure pentsamendua zorroztera, edota zure burua eta ingurua ulertzera eramaten zaituelako", zioen Alberdik.

"Euskaldun bezala euskaraz idazteari uko egiten ez diogun moduan, batzuetan gizon izan nahiko genuke, behintzat pribilegiodun sentitzeko edo borroka batzuk egin behar ez izateko, kuestionatuak ez izateko. Horri buruz pentsatzeak, beraz, laguntzen du", jarraitu du bertsolari eta idazleak. Rodriguezek, gainera, "sentimendu anbiguoak" sortzen dizkiola aipatu du. "Agian nahiago genuke idatziko duguna zein egituratan idatziko genukeen pentsatzen egon, baina hau egitea ere egokitzen da. Gainera, askatzailea denez, bidean ere hazi egiten zara, eta pozgarria da".

Feminismoari buruz behin eta berriz lan egiteak "sortzeko bide berriak ere ematen dituela" gaineratu du Alberdik. "Horretaz idazten duzunean pentsatzen duzu bizimoduaren alderdi ugari ez direla marraztuak izan. Askotan, zuk zure esperientziatik edo pentsatu duzunetik, neutrotzat hartu den gorputz edo buru horrek baino gehiago duzu emateko, leku horretatik gehiago idatzi, gehiago pentsatu eta gehiago kantatu izan delako".

Emakumezkoen presentzia handiagoa

Solasaldiko lehen zatian, gorputzaren figuraz eta gizartean emakumezkoek duten presentziaz aritu dira. Emakumezko idazle nahiz sortzaileek "zorionez geroz eta pisu handiagoa" dutela adierazi du Rodriguezek. "Hala ere, ez da esaten duten bezain handia. Orain idazle guztiak emakumezkoak direla esaten da, baina hori ez da horrela. Oraindik ere, bide handia eta luzea geratzen da egiteko".

Alberdik, bere kasuan, idazle figuratik baino gehiago, bertsolari modura heldu nahi izan dio gai horri. "Bertsolarien artean, emakumezkoak %20a edo gara, eta nahiz eta kontraesankorra dirudien, txapelketen garaian gora egiten du zifra horrek. Merituak objektiboki epaitzen direnean, eta hori sariketetan ere gertatzen da, emakumezkoek sari gehiago lortzen dituzte. Hala ere, emakumezkoen esku-izkribu gutxiago heltzen dira argitaletxeetara. Badirudi behar bat dugula, epaimahai neutro batek, egiten dugun horrek balio bat duela esan dezan. Ez diogu aurrez ematen balio hori gure buruari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!