Bisitari kopuruen aurreikuspenak gainditu dira "ezohiko" uda honetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 12a, 11:59

Aurtengo udan, gastronomia, azoka, natura, ondare kulturala edota Tolosak eskaintzen dituen ingurune lasaiak izan dira, besteak beste, bisitariak erakartzeko arrazoi nagusia. 2.500 pertsona inguru gerturatu dira turismo bulegora, eta Topic museoak 1.000 bisitari baino gehiago jaso ditu.

Turismoak udan utzitako datuen inguruko balorazioa egin ohi du Tolosako Udalak urteko sasoi honetan. Aurten, baina, ezin dute ukatu "berezia" izan denik. "COVID-19aren pandemia dela eta, aurtengo udara ezohikoa izan da eta beraz, ezinezkoa da, turismo ikuspegitik, 2020ko bisitari datuak azken urteetako datuekin alderatzea. Edozein kasutan, ezohiko uda honetan aurreikusitako datuak gainditzea lortu dela azpimarratu du Tolosako Hiri Ekonomia Mahaiak", adierazi dute. Aurreikuspenak ez ziren baikorrak eta egoera aldakorra izan da, baina ekainetik abuztura bitartean bisitarien kopuruak goranzko joera izan duela aitortu dute.

2018az geroztik, edukieraren digitalizazioa izan da Tolosako Udaleko Turismo Sailaren helburu nagusienetako bat. Horretarako, tresna ezberdinak jarri dira martxan: webgunea, sare sozialak, bilatzaileetan webgunearen posizionamenduaren hobekuntza edota Instagram bidezko bisita gidatu birtualak. Azken honek, "etorkizuneko turismorantz urratsak egiten jarraitzeko aukera" eskaintzen duela nabarmentzen dute.

Zenbait datu

Hain justu, tresna hori oso erabilgarria izan da aurten, bisita gidatuak bakarrik egitea ahalbidetu baitie bisitariei, jende pilaketak saihestuta eta bakoitzak nahi izandako erritmora. Horrela, ondorengo datuak bildu dituzte: euskaraz 863 bisitaldi izan ditu gida birtualak; gaztelaniaz, 851; katalanez, 675; ingelesez, 575; eta frantsesez, berriz, 559.

Uda honetan 2.508 pertsona gerturatu dira turismo bulegora, eta horietatik %50a euskaldunak, %41,4a estatukoak eta %8,6a atzerritarrak izan dira. "Datu hauek, aurten barne-turismoak izan duen garrantziaren adierazle dira", azpimarratzen dute.

Turisten mugimenduaz jabetzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldea berraktibatzeko abian jarritako Gipuzkoa Passport kanpaina ere "lagungarri" izan dela diote. Tolosan, guztira, 304 pasaporte banatu dira. "Gipuzkoak eskaintzen dituen plan guztiak ezagutaraztea da kanpaina honen helburua; gure kasuan, barnekaldeko turismoaren eskaintzak balioan jartzea", azaltzen dute.

Tolosako eskaintzak, oro har, bisitarien artean "harrera ona" izan duela nabarmendu dute. Topic museoak 1.138 bisitari erregistratu ditu, eta 340 pertsonek gozatu dute udalak antolatutako eta eskainitako aurrez aurreko bisitez. "Gainera, tolosar asko izan dira Andre Maria elizako koroa eta kupula edota ondare materiala ezagutzera gerturatu direnak".

Ziurgabetasunetik, baina joera mantentzeko asmoz

Turismo eskaintza oro egoera berrira egokitu behar izan da aurtengoan, beharrezkoak izan diren babes neurriak hartuz eta edukierak mugatuz, bereziki bisita gidatuei dagokienean. "Ostalari eta ostatuek ere, aurreikuspenen aurrean, egoerari eutsi diote, zailtasunak-zailtasun eta egoerak ezarritako baldintzak kontuan izanda, bereziki, edukiera mugei dagokienez". 

Udazkenera begira, sektore guztien artean "ziurgabetasuna" nagusi dela diote udaletik; horregatik, ekainetik hona izandako bisitari kopuruen goranzko joera mantentzeko udazkeneko eskaintza egokitzeko asmoa dute, tokiko eragileekin elkarlanean. "Udazkenean ere, indarrak batuta lanean aritzea izango da helburua, Tolosa erakargarria izan dadin eta bisitariak hona etor daitezen, horrek gure hiri-ekonomian duen eragin zuzen eta positiboa kontuan izanda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!