Bermatua du jarraipena

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 11a, 18:47

Irailaren 1ean eskualdatu zen 1908an sortutako saltokia. 'Berriz Enpresa' programari esker, eta jabez aldatu ondoren, etapa berri bati ekin dio, esentzia mantenduta, baina behar eta egoera berrietara egokitzen jarraitzeko asmoz.

Tolosan oso ezaguna den drogategia da Orus. Orain arte, 'Ana y Elena Orus' izena izan du. 1908an sortu zen, eta familia bereko belaunaldi ezberdinek mende batez baino gehiagoz eraman dute aurrera negozioa. Orain, ordea, jabe berrien esku geratu da, etapa berri bati ekin dio. Irailaren 1az geroztik, Ana Rosa Tolosa eta Alicia Castillo tolosarrek dute dendaren ardura. Aurrerantzean, 'Aliana' izena izango du dendak.

Eguerdian, Berdura Plazan dagoen dendan bertan egin dute eskualdatze ekitaldia. Bertan izan dira, Ana eta Elena Orus dendari ohiak, Olatz Peon alkatea, Amalur Angiozar Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeko 'Berriz Enpresa' programaren arduraduna eta arestian aipatutako jabe berriak. "Gaurkoa albiste pozgarria da, merkataritza sektoreak izaten duen erronka garrantzitsuenetako bat baita belaunaldi aldaketarena".

"Bertakoa, gertukoa, bizi guztikoa, belaunaldiz belaunaldi familia giroan kudeatutakoa, baina garai berrietara ere egokitzen jakin duena: eskaintza zabala eta askotarikoa, eta aholkularitza pertsonalizatua izan dituena". Horrela deskribatu du Angiozarrek denda bera.

Xarma mantentzeko ilusioa

Ziurgabetasunez beteriko une eta testuinguru batean gauzatu zen eskualdaketa, baina gogotsu hasi dira jabe berriak. "Ausardiarekin eta pozarren hartu dute lekukoa, negozioaren esentzia mantenduz, baina behar, ohitura eta kontsumo eredu berrietara egokitzen jarraitzeko asmoz", nabarmendu du 'Berriz Enpresa' programako arduradunak. "Eskualdaketa bat ez da lizentzia baten aldaketa soilik, enpresa horren filosofia eta balioak mantentzea ezinbestekoa da. Kasu honetan, zerbaitegatik da denda berezia. Bezeroekin izan duen erlazio hori mantentzea beharrezkoa izango da".

"Esentzia mantendu nahi dugu, baita bezeroekiko gertutasuna ere, ez ditugu galdu nahi. Ez dugu erratz bat bera ere kenduko", aitortu du Tolosak. "Gauza berriak sartu eta beste batzuk aldatuko baditugu ere, saltoki txikiek duten xarma mantendu nahi dugu, hori izango da helburu nagusia", gaineratu du. Berritasunen artean, esaterako, adineko pertsonei laguntza berezia eskaintzea aipatu du. "Astean behin edo bitan, gutxieneko erosketa bat eginez gero, etxerako zerbitzua doan jartzeko asmoa dugu".

Helburua denda ez ixtea eta lanpostuak ez galtzea dela jakinarazi du Angiozarrek. Eskualdaketarako hartutako bidea luzea baina oso ona izan dela aitortu du. “Kasu honetan, abuztuan zehar, jabe ohiak nahiz berriak batera aritu dira lanean. Erosleek nahiz hornitzaileek jabe berriak ezagutu dituzte, eta alderantziz. Horrek asko erraztu du prozesua”.

Aspaldiko lagunak dira jabe berriak. "Orain arte aritu izan garen lanetan publikoarekin etengabeko harremanetan egon gara, eta beraz, alde horretatik ez da zerbait berria izango. Gainera, urte asko generamatzan elkarrekin lan egin nahian". Orain "aukera eder baten aurrean" aurkitzen direla adierazi dute. "Irakasle apartak izan ditugu", esan dute jabe ohiei erreferentzia eginez. "Ederra izan da. Izan ere, pozgarria da lan egiteko eta zure negozioa mantentzeko gogo eta ilusio handia duen norbaitekin aritzea", erantzun dute Anak eta Elenak.

Esperientziaren lezioa

Eskarmentu handia duten dendariak dira Orus ahizpak. Azken hilabetean aholkulari bezala ere aritu dira jabe berriekin. "Hasiera guztiak dira zailak, baina ikasteko grina dute. Bezeroak ere etorri dira beraiek ezagutzeko asmoz". Saltoki txikietan, bertako komertzioan, balioan gehien jartzen den ezaugarria bezeroekiko gertutasuna eta konpromisoa direla adierazi dute. "Landa eremuko erosle asko izan ditugu; horiei ezinbestekoa da etortzen diren bakoitzean konfiantza transmititzea. Beraiek ere eskertzen dute hori eta nabaritzen da zurekin izaten duten trataeran".

Alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie jabe ohiei, programan parte hartzeagatik, baita berriei ere, egindako apustuagatik. "Tokikoaren aldeko apustua egitea da egoera honi aurre egiteko gakoetako bat, guztiok jarri behar dugu gure aletxoa, erakundeok, merkatari eta ostalariek, eta baita kontsumitzaile eta herritarrok ere bai", gaineratu du. Jabe ohiek ere eskerrak eman nahi izan dizkie udalari, "guretzako ezezaguna zen lan eta prozesua asko errazteagatik".

13 eskualdaketa azken 5 urteetan

Tolosako Udalak tokiko merkataritza eta ostalaritzan belaunaldi aldaketa bermatu eta negozioen jarraipena errazteko sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 'Berriz Enpresa' programa. "Bi sektoreak Tolosaren herri izaeraren parte direnez, programa martxan jarri zenetik, udala lankidetza estuan aritu da Tolosa&Co merkatarien elkartearekin eta Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearekin", adierazi du Peonek. "Tolosan nahiz eskualde mailan, gainera,

Hain justu, 'Berriz Enpresa' programa osatzen duen Euskal Herriko udalerri bakarra da Tolosa. "Urteak daramatzagu programa sustatzen, eta ekintzaileei laguntzeko helburuarekin, lehen 3 urtetan alokairua ordaintzeko diru laguntza batekin programa osatzen; merkataritza sendoa duen hiri-eredu baten eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten dugulako eta horregatik, merkataritzarekiko konpromisoa berresteko lanean jarraituko dugu, are gehiago egun bizi dugun testuinguruan", nabarmendu du alkateak.

Egungo egoerak eragin zuzena izan du sektore guztiengan. Hori dela eta, COVID-19ak utzitako ondorioak arintzera bideratzen ari da ahalegin eta baliabide guztiak udala. "Ildo horretatik, tokiko negozioen jarraipena bermatzeko,  30.150€ bideratu ditu udalak aurten gauzatutako 3 eskualdaketara, hartutako konpromisoa berretsiz". Beste bi eskualdaketak larrialdi egoera ezarri aurretik gauzatu ziren. "2015etik 13 establezimendu eskualdatu dira Tolosan programa horren baitan", gaineratu du Angiozarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!