BABESTUTAKO EDUKIA

Hizkuntzak ikasteko lekua

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 11a, 17:57

Hamabi urte daramatza Tolosako Hizkuntza Eskola Ofizialak eskualdeko zein Tolosaldetik kanpoko ikasleei ingelesa eta frantsesa irakasten. Eta ez da mugatzen irakastera soilik, ziurtagiri ofizialak lortu baitaitezke zentro publiko horretan. Paper kaleko 1. zenbakian aurkitzen da eraikina.

Matrikula egiteko lehen epea irailaren 1etik 28ra bitarte izango da zabalik. Dena dela, matrikulak urtarrilaren 31ra arte irekita jarraituko du. Izen emateak Internet bidez egin behar dira eta arazorik edukiz gero, eskolarekin harremanetan jar daiteke. Ordainketa ere Interneten egin daiteke edo, bestela, banketxe batean diru transferentzia egiteko aukera ere badago.

Ingeleseko klaseetan matrikulatzeko beharrezkoa izango da aurten 16 urte beteta izatea, eta frantsesean berriz 14 urte.

Maila guztiek dute lekua 

Ingeleseko eta frantseseko eskolak eskaintzen dituzte, A1 mailatik C1era ingelesean, eta B2.2ra frantsesean. Bi hizkuntzetan bi aukera daude matrikula egiteko: ofiziala edo librea. Matrikula ofizialaren bidez, astean lau ordu eta erdiz jasotzen dira klaseak, eta maiatzean nahiz irailean egin daiteke azterketa. Matrikula librea egiten dutenek deialdi bakarreko azterketara aurkez daitezke.

Klase erdi presentzialak ere badauzkate ingelesean. Aurten, esaterako, B2.2 mailako bi talde eta B2.1 mailako talde bat ere izango da. Horrela, astean zehar ikasleek bi ordu eta ordu laurdeneko klase presentziala dute, eta gainerako materia Internet bidez lantzen dute.

Ordutegiari dagokionez, ingeleseko klaseak goizez nahiz arratsaldez jaso daitezke eta frantsesekoak arratsaldez eskaintzen dituzte. Zerbitzua osatzeko, liburutegi bat ere badaukate. Liburu, CD eta DVDak eska daitezke, Internetetik edo bertara gerturatuta.

Ikasturtean zehar, elkarrizketa laguntzaile natiboak egon ohi dira mintzapraktika egiteko. Egunerokotasunean hizkuntza hori erabiltzen duen pertsona batekin kontaktua edukitzeko aukera izaten dute ikasleek, eta liburuetan datorrena irakasteaz gain, errealitatean topatuko dutenarekin kontaktu zuzena izaten dute klasean.

Klaseetatik harago, eta betiere egoerak ahalbidetzen badu, urtean behin sagardotegian afaltzen dute irakasle eta elkarrizketa laguntzaile natiboekin, Frantziara egun pasa joaten dira eta Tolosan zehar bisita gidatuak egiten dituzte frantsesez zein ingelesez.

 

TOLOSAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALA
ESKAINTZA

Ingelesa: A1, A2, B1, B2.1, B2.2 eta C1 mailak.

Frantsesa: A1, A2, B1, B2.1 eta B2.2 mailak.

ORDUTEGIA

Goizez: 09:00-11:15 eta 11:30-13:45.

Arratsaldez: 15:30-17:15 eta 18:00-20:15.

PREZIOA

Ikasle ofizialak: 72,36 euro.

Ikasle libreak: 36,18 euro.

INFORMAZIOA ETA KONTAKTUA

www.eoitolosaheo.hezkuntza.net 

eoitolosa@gmail.com

943 69 75 60

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!