Gazta zati bat baino gehiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 11a, 11:59

Nairobitarrak eta Zumardia elkarteak elkarlanean, Gaztaren Ibilbidea izeneko mendi ibilaldia antolatu dute udan zehar. Sei etapatan, Euskal Herriko txokoak bisitatu eta bertakoa baloratzen ikasi dute zenbait herritarrek. Bidaiari modura joan denetako bat izan da Ainhoa Artolazabal tolosarra. «Bertakoek ezagutzeko moduko bidaia bat da», dio.

Nairobitarrak eta Zumardia elkarteak elkarlanean, uda honetan Euskal Herrian egiteko moduko mendi ibilaldiak diseinatu zituzten, tartean, Gaztaren Ibilbidea izenekoa. Iker Iriarte alegiarra eta Josu Iztueta tolosarra izan dira ibilbide horretan gidari lanak egin dituztenak. Behin baino gehiagotan egin dute, gazte nahiz helduekin. Bidaiarien arten ere izan dira eskualdeko herritarrak, besteak beste, Ainhoa Artolazabal tolosarra. «Emozio eta abentura apur bat behar nuen, eta nahi bat asetzeko aukera izan dut», dio.

Ekainean ikastetxean lanean hasi zirenean, tarteka, zenbait irakasle mendi ibilaldiak egitera animatu zirela dio Artolazabalek. Gero, Zumardiakoen udako proposamenaren berri izan zuen; lankideekin hitz egin ondoren, beste irakasle batekin batera joan zen abuztuko txandan. Hamar bat laguneko taldea elkartu ziren. «Guztiak ezagunak edo ezagunen ezagunak ziren, eta beraz, oso erraza izan da oztoporik gabeko elkarbizitza bat mantentzea. Erlazio eta giro ona izan dugu. Josuk [Iztuetak] esaten duen bezala, talde-kohesioa oso ondo egin genuen».

Sei etapatan osatu dute itzulia. Ordizian hasi ziren, eta Zerainen pasa zuten lehen gaua. Zeraindik Brinkolara; Brinkolatik Arantzazura; Arantzazutik Etzegaratera, eta azken gaua Zaldibian egin zuten. Sei egun eta bost gau. Goizeko 8:00ak aldera esnatzen ziren, gosaltzeko. Guztia jaso ondoren, 9:30ak inguruan abiatzen ziren. «Egun bakoitzean 15-20 kilometro egiten genituen, baina otorduak egiteko denbora izaten genuen, hau da, nahiko lasai ibiltzen ginen».

Master bat, paraje ederretan barrena

Etapa bakoitzean, gainera, naturarekin, kulturarekin nahiz historiarekin zerikusia zuen zerbait kontatzen zela dio Artolazabalek. «Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan gaztaren historia ezagutu genuen; Arantzazuko Artzain Eskolan gazta nola egiten zen azaldu ziguten; Legazpiko Burdinolara heldu aurretik, burdina nola lortzen zuten ikasi, eta horretarako bidean zehar zer-nolako asmakizunak zeuden ikusi genuen; eta Etzegarateko gainean, Gipuzkoan dagoen pagadi handienetako batean lo egin genuen».

Ondorioz, bidaia bera «ikasgai bat» izan dela aitortzen du. «Esperientzia oso ona izan da. Gainera, luxu bat da Josu [Iztueta] bezalako gida batekin bidaiatzea. Ez zen soilik Gaztaren Ibilbideari buruz zekielako. Gure herriko historiari, bertako mendiek duten itxuraren zergatiari edota bestelako mila konturi buruz ere badakielako. Bidaia oso aberasgarria izan da, zentzu guztietan. Sei egunak igaro eta gero, etxera iristean 'Zenbat ikasi dudan!' pentsatu nuen nire baitan. Master bat egin nuela zirudien».

Inoiz ahaztuko ez dituzten momentuak

Gisa honetako bidaietan, gainera, umorezko ateraldiak nahiz anekdota gogoangarrietan geratzen diren uneak bizitzeko aukera ematen da. Horrela gogoratzen du Artolazabalek gaztaren inguruan izandakoa: «Lehen hiru egunetan ez genuen gazta bakar baten arrastorik izan. Orduan, Josuri [Iztueta] txantxetan esan nion ea ibilbidearen izena ikusita hori posible ote zen. Berak lasai egoteko esan zidan. Egun horretan bertan, Arantzazuko Artzain Eskolan geundela, gazta dastaketa izan genuen. Ordutik aurrera, etengabe gazta jaten aritu gara, otordu guztietan. Azkenean, gaztarekin nazkatzen ari nintzela ere aipatu nion Josuri».

Bidaia honek bazuen beste berezitasun bat: gauak igarotzeko leku bereziak. Askorentzat arrotzak ziren. Lehen aipatu bezala, pagadi batean egin zuten lo behin. Baina izan dira aire librean igaro dituzten gau gehiago ere. «Dezenteko altueran geunden eta behe-lainoa zegoen. Egunean zehar erabilitako arropak kanpoan utzita egin nuen lo gauean. Hurrengo egunean esnatzean, arropa bustita nuela ohartu nintzen. Josuk galdetu zidan ea ez ote nuen arropa zaku barruan sartu. Nik nire inozentzia guztiarekin ezetz esan nion. 30 urte edo izango ziren lurrean lo egiten ez nuela, pentsa! Lehen egunean ez nuen lorik egin, baina azken gauean artzain borda batean gaua igaro genuenean, ez nintzen ezertaz ere ohartu. Horregatik diot ez dela zeharkaldi soil bat izan».

Ahalko balu, abentura gustuko duen edonor gonbidatuko luke zeharkaldi honetara Artolazabalek. «Xerparen bat behar bazuten ere, prest nengoela aipatu nien. Gugandik oso gertu ditugun lekuak dira, eta ez gara ohartzen. Non bizi gara?». Bere kasuan, berriro errepikatuko lukeela dio: «Zalantzarik gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!