Teknologia traineruetara

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 10a, 07:59

Egoitz Zalakainek sentsore batzuk diseinatu ditu traineruetan erabiltzeko; Orioko gizonezkoen lehen taldearekin ari da lanean teknologiak kirol horretan bidea egiteko.

Egoitz Zalakain tolosarra kirolaria izateaz gain, ingeniari elektronikoa da, eta teknologia erabili izan du kirola egitean. «Badakit ze ekarpen egiten dion teknologiak kirolari eta nik horretan sartu nahi nuen». Arrauna aukeratu zuen, bera arraunean behin ere aritu ez den arren: «Oso kirol erakargarria iruditzen zait alderdi teknikotik, eta ikusi nuen teknologia ez dagoela oso sartuta bertan. Aulki mugikorrean, nazioarte mailako modalitatea izanik, teknologia sartuagoa dago. Beraz, traineruen munduan aukera bat ikusi nuen eta horretan hasi nintzen».

Ideia buruan aurretik bazuen ere, lau bat urte daramatza proiektuarekin buru belarri. Tolosaldea Saretzenek bultzatutako Proiektu Estrategikoen I. Deialdiaren hautatuetako bat izan zen, bertan jasotako diru laguntza izan zen indarra eman ziona proiektuari, eta horregatik eskertuta dagoela esan du Zalakainek. Proiektu izatetik produktu bihurtzera igaroko da laster. Zalakainek Wura enpresa sortu du eta oraingoz Arraun sentsoreak deitzen dio produktuari. «Kirola hobetzeko teknologia sortzea da enpresaren helburua», zehaztu du. «Lehenengo proiektua arraunarekin lotuta dago, baina ez da arraunera soilik zuzendutako enpresa bat». Produktuaren patentea ere martxan dagoela azaldu du egileak. «Produktua bera ere eboluzionatzen ari den heinean, ziurrenik ezaugarri berri batzuk ere egongo dira patentatzeko», zehaztu du.

Zalakainek sortu duen Arraun sentsoreak, izenak dioen moduan, sentsorez osatuta dago, eta gero software bat du analisiak egiteko. Bi sentsore mota daude, horietako bat arraunetan jarrita dago, arraunlari bakoitzaren jarduna neurtzeko, eta bestea traineruan dago, ontzia nola doan neurtzeko. «Traineruan jarritako sentsoreak abiadura, palada bakoitzean ontziaren abiadura nola aldatzen den, ze angelutan dabilen, branka gora eta behera ote dabilen, edo ontziak aldamenera balantza egiten duen jasotzen du. Azken finean, bere errendimendua neurtzen da eta identifikatu daiteke arraunlari bakoitzak egiten duenak nola eragiten duen». Arraunetan eta traineruan dauden sentsoreen datuak bilduta, «entrenatzaileak nahi duen arraunketa lortzen lagundu nahi da /> ».

GEHIAGO EZAGUTZEA

Traineruen modalitatean datuak jaso gabe zeudela gaineratu du Zalakainek. «Entrenatzaile bakoitzak asko daki, baina gehiago da begiekin-eta jasotakoa. Ikerketa asko daude aulki mugikorrarekin, eta horregatik nahi dugu parekatu gure kirola modalitate horrekin». Ikerketa horretan sakontzeak bi onura ekarriko lituzkeela dio: «Batetik, arrauna gehiago ezagutzea. Bestetik, ezagutza hori aplikatzea traineruetan, errendimendu hori hobetzeko».

Oraingoz Orioko gizonezkoen lehen traineruarekin ari da lanean Zalakain. «Aurtengo urtea oso arraroa izaten ari da», zehaztu du ingeniariak. «Urte hasieratik lanean hastea pentsatzen genuen, eta entrenamendu serioak hasi behar zituztenean, konfinamendua iritsi zen. Gainera, arrauna izan zen kanpoan entrenatzen utzi zuten azkenetako kirola. Beraz, entrenamendu eta prestaketa denbora hori guztia galdu egin genuen, eta, hain justu, sistema hau egokia da garai horretarako, gauzak zuzentzeko». Sentsoreak lehiaketarekin batera erabiltzen hasi ziren zuzenean, eta lehiaketan gauzak aldatzea «zaila» dela zehaztu du Zalakainek. «Hortaz, sistemaren bitartez kontrol lan bat egin dugu, eta gauza puntual batzuk aldatu. Gehiago izan da datuak biltzea, eta datorren urtera begira emaitza handiagoa ekarriko du».

Jon Salsamendi entrenatzailearekin egin du lan bereziki. «Salsamendi aulki mugikorreko Espainiako txapelduna izandakoa da, ia Olinpiar Jokoetara joandakoa, eta berak asko daki», esan du Zalakainek. Egindako lanak bere ondorioak izan ditu. «Esaterako, uste zen zerbait gero konfirmatu egin da bildutako datuekin. Edota kirolari bat neurtu, eta ezustekoa hartu da, uste baino maila hobea ematen duelako ontzian». Bestalde, sentsoreen bitartez ere ikusten da, ez dela bakarrik arraunlari bakoitzak egiten duen ekarpena kontuan hartu behar, baita beraien arteko lana ere. «Gertatu daiteke arraunlari guztiek arraun ondo egitea, baina denak batera ez, eta horrek ontziari eragin handia egiten dio», esan du Zalakainek. «Hain justu, sinkronizazioa galtzen denean, errendimenduan eragin handia duela ikusi da, eta horrek atentzioa eman du».

«URTE ARRAROA»

Zalakain triatloilaria da, baina aurten ez da lehiaketetan aritu, COVID-19ak sortutako egoera dela eta. «Broma egiten genuen, baina esaten genuen nik ez dudala kirola utzi, baizik kirolak utzi nauela, ez dudalako aukerarik izan lehiatzeko», esan du tolosarrak. «Urte arraroa izan da, ohituta baikaude urtea lehiaketen arabera banatzen. Maiatzean hasi eta hor proba batzuk daude, gero ekainean beste batzuk... Erreferentzi horiek galduta, arraroa egiten da urtea»,azaldu du.

Kirola egiten jarraitzeko asmoa du tolosarrak. Udan sentsoreen proiektuarekin nahiko lan izan du, eta ez du beste urteetan bezain beste entrenatu. «Maiatza eta ekaina arte aritu naiz, baina traineruen denboraldia hasita ez dut denbora handirik izan», zehaztu du. Bestalde, lehiaketaren grina traineruarekin bete duela gaineratu du: «Ni ez naiz lehiatu, baina lehiaketaren munduan egon naiz, besteen errendimendua aztertuz eta hori hobetzen saiatuz». Bere kirolari dagokionez, aurrera begira triatloi lehiaketak noiz jarriko diren martxan ez dakiela dio Zalakainek: «Une honetan planak egitea oso zaila da».

Orioko arraunlari bat, sentsorea itsatsita duen arraun bat eusten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!