Bizitza «euskarazi» asmoz abiatuko dute ezohiko ikasturtea

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 9a, 13:45

Hilaren 22ra arte dago zabalik Aitzol Udal Euskaltegian matrikulatzeko epea. Eskaintza zabala izango da, eta egoerak hala eskatuta, babes neurri guztiak hartu dituzte.

Beste urte batez, ikasturte berriari ekingo dio Aitzol Udal Euskaltegiak. «Euskaraz hasi, euskaraz hazi, euskaraz bizi, zure bizitza euskarazi» leloa aukeratu dute 2020-2021 kurtsorako. Atzo aurkeztu zuten ikasturte berria, eta bertan izan ziren, besteak beste, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Maixabel Zubillaga euskaltegiko zuzendaria.

«Euskararen irakaskuntzarekin dugun konpromisoari eutsiz, bizi dugun ziurgabetasun egoera honetan ere, herritarrei euskara ikasteko eskubidea bermatu behar diegu», aipatu du Peonek. «Ezohiko ikasturtea izango dela aurreikusten da, eta ondorioz, eskoletan egoteko eta euskara ikasteko modu berrietara egokitu beharko dugu», nabarmendu du Zubillagak. Hala ere, egoerak eskatzen duenera egokitzeko «prest» daudela berretsi du. «Euskara ikastea ezin dugu bigarren maila batean utzi».

Orotariko aukerak

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena euskaltegiko ikastaroetan, hala nola, etorkinek, euskaraz alfabetatu gabekoek, gurasoek, erretirodunek, merkataritzako langileek, baita kolektiboek ere. Gainera, ordutegi zabala eskaintzen da, ikasleen egoeretara moldatzeko: astean 10, 8, 6 edota 5 orduko aurrez aurreko moduluak izango dira, goizean goiz hasi eta iluntzera arte. «A1 mailatik hasi eta C2-ra bitarte agiri ofiziala nahi duen oro matrikulatu daiteke. Bestalde, taldea osatzeko gutxienez 7 lagun beharko dira aurten. Aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntzarako, hau da, etxetik ikasteko aukera ere izango da», azaldu du zuzendariak.

Matrikula egiteko hainbat bide ezberdin daude: Tolosako Udalaren webgunean (www.tolosa.eus), aitzolue@tolosa.eus helbidera idatziz, 943 651 006 telefono zenbakira deituz, edota Aitzol Udal Euskaltegira bertaratuz, goizez (9:00-13:00) edo arratsaldez (16:00-20:00). «Ezinbestekoa da izena lehenbailehen ematea», zioen Zubillagak.

Euskalduntzeko laguntzak

Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak dituen baliabideen zati handi bat Aitzol Udal Euskaltegiaren jardunera bideratzen da: herrian erroldatutakoen artean, B2 mailan daudenei %75eko diru laguntza ematen die udalak, C1-ekoei %50ekoa, eta C2-koei, berriz, %25ekoa.

Aitzol Udal Euskaltegiak, gainera, Tolosan ez ezik, herriko hainbat auzotan eta eskualdeko zenbait herri txikitan ere baditu taldeak, hala nola, Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun eta Larraulen. «Talde horiek mantentzeaz gain, aurten lehen aldiz Tolosaldeko Euskararen Mahaitik sortutako elkarlanaren ondorioz, Peñaskal fundazioan ere eskolak emango ditugu, gazte etorkinak euskalduntze bidean jartzeko helburuarekin».

Urtetako lanari, balioa

Bestetik, Peonek nabarmendu duenez, «azken 34 urtetan euskararen erabilera 20 puntutan igo da Tolosan. Gainera, 100 urtean lehen aldiz, gaztelania baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Hein handi batean, euskararen normalizazioaren alde eta herritarrak euskalduntzeko erakunde, ikastetxe zein euskaltegiek egindako lanari zor diegu hori. Erronkak ditugu aurrean eta lanean jarraituko dugu euskararen erabilera kalean zein etxean indartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!