Urkulluren gobernu berrian Hezkuntza sailaren ardura izango du Bildarratzek

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 5a, 15:39

Gernikan lehendakari kargua hartu ostean, Eusko Jaurlaritza berriaren osaketa eman du ezagutzera Urkulluk.

Konfirmatu dira atzo zabaldutako zenbait informazioa, eta honenbestez, horrela geratuko da osatuta Eusko Jaurlaritza berria:

  • Lehenengo lehendakariordea. Segurtasuna: Josu Erkoreka Gervasio.
  • Bigarren lehendakariordea. Enplegua eta Lana: Idoia Mendia Cueva.
  • Gobernuko bozeramailea. Kultura eta Hizkuntza Politika: Bingen Zupiria Gorostidi.
  • Ogasuna eta Ekononomia: Pedro Azpiazu Uriarte.
  • Hezkuntza sailburua: Jokin Bildarratz Sorron.
  • Gobernantza eta Autogobernua: Olatz Garamendi Landa.
  • Osasuna: Gotzone Sagardui Goikoetxea.
  • Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: Arantxa Tapia Otaegi.
  • Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa: Javier Hurtado Dominguez.
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: Iñaki Arriola Lopez.
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: Beatriz Artolazabal Albeniz.

Euskaldunak dira sailburu guztiak Javier Hurtado eta Beatriz Artolazabal izan ezik. Zazpi sailburu emakumezko izatetik bost izatera pasako dira legealdi berrian.

Bildarratzen ibilbidea

Hezkuntza sailburu berriak badu esperientzia arlo honetan. Irakasle-ikasketetan diplomatua eta Zientzia Politiko eta Soziologian lizentziatua. Irakasle bezala lanean aritu da, besteak beste, Anoetako Herri Ikastolan. 

Euskal Irrati Telebistan kazetari bezala ibili ondoren, politikagintzan lehen urratsak Tolosako udalean eman zituen, 1999-2003 legealdian EAJko zinegotzi gisa. 2001ean hiru hilabetez Gasteizko parlamentuan legebiltzarkide izan zen eta 2001 eta 2004 urteen artean senatari aukeratu zuten.

2003ko udal hauteskundeetan EAJko zerrendak hauteskundeak irabazi eta alkate izendatu zuten Tolosan. Bi legealdi eman zituen karguan, harik eta 2011. urtean Bilduk hauteskundeak irabazi eta Ibai Iriartek postuan ordezkatu zuen arte. Epealdi horretan, Eudeleko lehendakari gisa ere jardun zuen 2007tik 2011ra.

2013an senatari autonomiko gisa aritzeko aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak eta postu horretan ordezkatuko du orain, Estefania Beltran de Herediak, orain arteko Segurtasun sailburuak.

Hezkuntza sailburu gisa Cristina Uriarteren tokia hartuko du orain Bildarratzek. Aurreko legealdietan sail horren ardura izan dute, besteak beste, egungo Espainiako Hezkuntza ministro, Isabel Celaak, Tontxu Camposek, Sabin Intxaurragak, edota Anjeles Iztueta tolosarrak.

Hezkuntza sailburu bezala, irailaren 15erako ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako lanuzteari egin beharko dio aurre Bildarratzek. Ikasgeletara itzulera "segurua eta adostua" eskatzen dute hezkuntza eragileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!